«Ahanzturak ez du sendatzen laguntzen, eta, komunitate batek aurrera egin dezan, memoria, aitorpena eta erreparazioa ezinbestekoa da», adierazi du Javier Nantesek (Alesbes, 1952). Ahanzturari aurre egiteko Milagro 1936 liburua idatzi du. Milagroko herritarren testigantzak bildu ditu, eta, lekukotza horiek elkartuz, altxamendu militarrean eta 36ko gerran gertatutakoaren erretratu zabala ondu du. Nantesek 1936. urtea hartu du ardatz, baina urte batzuk egin ditu atzera, testuinguru zabalagoa eskaintzeko. Altaffaylla argitaletxearen eskutik publikatu du liburua.
Alesbesko milagroartzat du bere burua Javier Nantesek. Alesbesen jaio zen, baina Milagrokoak ditu gurasoak eta aitona-amonak. Hasieran, familia ikerketa batekin hasi zen, bestelako helburu handiagorik gabe. Izan ere, gatazka oso gertukoa du idazleak. Nantesen aitona Candido inklusan jaio zen, eta haren gurasoak nortzuk ziren argitzeko hasi zen ikertzen. Candido eta Nantesen osaba Julio Iruñeko espetxean izan ziren 36ko gerrak iraun zituen hiru urteetan. Horrez gain, beste aitona eta osaba bat ere hil zizkioten idazleari. Ikertzen ari zela, herriko beste hamaika istorioren berri izan zuen. Ikerketa zabaltzen joan zenez, eta lagun baten aholkuari jarraikiz, liburu bat egitea eta publikatzea erabaki zuen.
«Milagro 36ko gerran errepresio handiena jasan zuen herrietako bat izan zen», azaldu du idazleak. 1935an, 3.295 herritar bizi ziren Erriberako herri horretan: gerran, 79 hilketa egin zituzten, hogei familia inguru bidali zituzten herritik, 35 lagun espetxeratu zituzten eta beste hainbat iheslari izan ziren. Hilketen ondorioz, 50 emakume alargun eta 147 umezurtz izan ziren Milagron, eta, Nantesen hitzetan, bi aldiz izan ziren biktima: alde batetik, euren senarrak eta gurasoak galdu zituztelako, eta, bestetik, «gorriak» izateagatik marjinatu egiten zituztelako.
«Iheslariak funtsezkoak dira istorio honetan», esan du. «Milagroar asko herritik ihes egiten saiatu ziren. Hala ere, lortu zutenek ere errepresioa jasan zuten, segika ibili eta atxilotu egin zituztelako». Milagro 1936 liburuan, Francisco Franco diktadorearen erregimenaren etsaitzat zituztenak zigortzeko erabili zituzten hiru praktika aipatu ditu: Fronte Popularreko kideak identifikatzeko erabili zituzten besoko zuriak; emakumeak umiliatzeko egiten zituzten ile mozketak, errizino-olioa eta ibilaldi publikoak; eta herritik kanporatu zituzten familiak, erregimenaren aurkakoak izate hutsagatik.
Milagro herria 1936. urtean. ‘MILAGRO 1936’
Aspaldiko auzia
Nantesek bazekien hori ez zela egun batetik bestera gertatu, urte askotako historia zutela atzean gertakariek. Miguel Primo de Riveraren diktaduratik hasi zen ikertzen, eta ohartu zen 42 milagroar Somaten taldeko kideak zirela. Beste 84 lagun Union Patriotica alderdiaren afiliatuak ziren. «Jakin nahi izan nuen ea izen horiek berriro azaltzen ziren Errepublika garaian eta 36ko gerran; eta, bai, azaltzen ziren».
Dokumentazio lan handia dago Milagro 1936 liburuaren atzean. Udal artxibotik hasi zen informazioa biltzen. «Artxiboa ez zegoen ondo antolatua. Lan handia izan zen, baina beharrezkoa zen egitea, Milagro herria ezagutu behar nuelako», adierazi du idazleak. Informazioa biltzean oso lagungarri egin zitzaion Navarra 1936 liburua, eta bertan dauden Jose Maria Jimeno Jurioren oharrak. Jimenok elkarrizketa anitz egin zizkien Nafarroako eta Errioxako (Espainia) bizilagun errepresaliatu askori 1978an, eta Nantesek aitortu du bere lanerako «bizkarrezurra» izan direla. Udal aktak ere baliatu ditu gertakarien ordena kronologikoari jarraitzeko. Informazio guztia bilduta zuenean hasi zen elkarrizketak egiten.
«Eragindako kaltea ezin da ezabatu, ezin baitituzte piztu hildakoak, baina jakin dadila, behintzat»
JAVIER NANTES Idazlea
Liburuak iraganean gertatutakoa argitzea du xede, eta «memoria babestearen garrantzia» nabarmentzea. Hori aintzat hartuz, Nantesek kritika gogorra egin dio Iruñeko Udalak Erorien Monumentuari beste esanahi bat emateko hartu duen erabakiari. «Sekulako basakeria dela iruditzen zait. Ez da kale bati izena aldatzea bezala; ikusgai dagoen zerbait denez, oso zaila da hari esanahia aldatzea. Izena ken diezaiokezu, baina aurrerantzean ere Erorien Monumentua izango da guztiontzat».
Kezka adierazi du sare sozialen bitartez hedatzen ari diren muturreko diskurtsoengatik eta mezu faltsuengatik. Gogora ekarri diote Espainiako II. Errepublika garaian prentsak erabili zuen manipulazioa. Hori dela eta, espero du bere liburuak iraganean gertatutakoa argituko duela eta etorkizuneko belaunaldiak hezteko tresna izango dela. «Eragindako kaltea ezin da ezabatu, ezin baitituzte piztu hildakoak, baina jakin dadila, behintzat».