Berriemaile grafikoek lan baldintza prekarioak pairatzen dituzte maiz. Horiek salatzeko, Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkartea sortu zuten hainbat langilek, 1997an. Berriki, beste salaketa bat egin behar izan dute. Abenduaren 7an, Laura Pausini artistak kontzertua eman zuen Nafarroa Arenan, eta ez zituen argazkilariak sartzen utzi. Hori ikusirik, elkarteak salaketa publikoa egin zuen prentsa ohar baten bidez. Horrez gain, abokatuekin hitz egiten ari dira, salaketa judiziala abiatzeko asmoarekin. Iñaki Porto (Iruñea, 1966) da elkartearen presidentea.
Laura Pausiniren taldeak ez zien utzi berriemaile grafikoei kontzertura sartzen, zer iruditzen zaizu?
Uste dut hala jokatzea atzerapen bat dela prentsa askatasunari eta informazio eskubideari dagokienez. Gaur egun mundu guztiak badu sakelako bat, argazkiak eta bideoak egiteko, eta, egoera halakoa izanik, iruditzen zait atzerapauso handia dela ikus-entzunezkoen alorrean lan egiten dugun profesionaloi kontzertu batera sartzen ez uztea.
Gertatutakoaren harira, prentsa oharra helarazi zenuten. Adierazi zenuten informaziorako eskubidea intimitaterako, datuen babeserako eta norbere irudirako eskubidearen gainetik dagoela.
Hala da. Batez ere, kontuan hartuta ez dela pertsona anonimo bat, pertsona ezagun bat baizik. Kasu honetan artista bat da, eta, beraz, informaziorako eskubidea gailentzen da. Bai nazioartean, bai Espainiako Estatuan: Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluak hala jasotzen du. Eskubide horiek urratzeaz aparte, lan eskubidea ere urratzen da. Artistek doan banatzen dizkiete argazkiak hedabideei, eta, hala, modu bidegabean lehiatzen dira berriemaile grafikookin. Autonomoak eta agentzietako edo egunkarietako langileak ezin dira horren aurka borrokatu. Lehia desleiala da.
«Informazioa nahi den intereserako moldatzen da; horrek ez du zentzurik, eta adierazpen askatasuna asko murrizten du»
Zer ondorio dakartzate horrelako ekintzek?
Informazioa nahi den intereserako moldatzea da. Adibidez, prentsaurreko batean galderarik onartzen ez bada, helburua da aurretik prestatutako informazio jakin bat ematea. Uste dut horrek ez duela inolako zentzurik gaur egun, eta adierazpen askatasuna asko murrizten du.
Zer alde dago berriemaile grafiko baten eta argazki kamera bat daukan edozeinen artean?
Berriemaile grafiko profesional batek badaki zer eskubide eta zer muga dituen. Badaki zer egin dezakeen, zer ezin dezakeen egin, argazkiak non bana ditzakeen… Gaur egun, badaude sakelakoak oso kalitate oneko argazkiak egiten dituztenak; jendeak kontzertuetan argazkiak atera ditzake, eta auskalo gero non zabaldu ditzaketen argazki horiek. Gure argazkiek, berriz, ibilbide bat dute: badakizu zein hedabideri bidaltzen diozun, agentzia batek nazioartean banatu duen, nazio mailan banatu duen… Badago irudiaren jarraipen bat. Gainera, argazkilariak badu argazki horren gaineko erantzukizuna, onerako zein txarrerako.
Berriemaile Grafikoen Nafarroako Elkarteko presidentea zara. Zein helbururekin sortu zen elkartea?
1990eko hamarkadan sortu zuten elkartea, eta sortzaileen artean, besteak beste, Luis Azanza zegoen. Baina urte askoz geldirik egon zen. 2018an, hainbat lankide elkartu, eta biziberritu egin genuen. Zalantzarik gabe, elkartearen balio eta helburuen artean dago berriemaile grafikoen lanak duen garrantzia azpimarratzea, baita argazkilarien eta bideografoen lana ere. Gerta daitezkeen gehiegikeriak salatzeko xedea ere badu.
2018an, lanbideak dituen baldintza prekarioak salatu zenituzten. Zer nabarmendu nahi zenuten?
Egoera prekarioa areagotzen ari da. Esan bezala, prentsa bulego asko dago, eta horiek saiatzen dira beren argazkiak hedabide guztietara zabaltzen. Irudi banatzaile bihurtu dira, baina ez dituzte behar diren argazkiak bidaltzen. Argazki korporatiboak bidaltzen dituzte; dena laua eta polita. Informazioa ez da horrelakoa.
Egoera aldatu al da geroztik?
Gu borrokatzen ahalegintzen gara; zailtasunak ditugunean, haiei aurre egiten. Gaur egun, Berriemaile Grafikoen Elkartean 50 pertsona inguru gaude, argazkilariak eta telebista kamerak barne. Horien %80-85 autonomoak gara, eta gainerakoak agentzien edo egunkarien lantaldeetan daude.
«Gizarteak uler dezala argazkiak ez direla doakoak, materialak garestiak direla, eta gurea beste lanbide bat gehiago dela»
Batez ere, 2008ko krisiaren ondorioz okertu zen egoera, ezta?
Bai. Ez dugu ordutegirik, eta hori bada baldintza prekarioen adibide argia. Niri 22:00-23:00 aldera bidaltzen didate hurrengo egunerako pauta, egunkarietan kazetariek agendak itxi dituztenean. Gure kasuan, Diario de Noticias-en, ondo antolatzen gara, eta ahalegintzen gara goiza edo arratsaldea libre izaten. Hala ere, ez da beti posible. Baina hori da gure lana antolatzeko modua.
Zeintzuk dira elkartearen etorkizunerako erronkak?
Nire ustez, inportanteena lanbidearen garrantzia nabarmentzea da. Gizarteak behingoz uler dezala argazkiak ez direla doakoak, erabiltzen ditugun materialak oso garestiak direla, eta gurea beste lanbide bat dela. Inork ez dio harakinari eskatzen kilo bat xerra oparitzeko, baina guri egunero eskatzen digute argazkiak bidaltzeko. Lanbidea duintzea da erronka nagusia, bai gizartearen aldetik, bai instituzioen aldetik. Instituzioek gure lana aitortzen dute askotan, baina, gero, ez dute hori bera defendatzen edo errazten.