Gas usainaren ondorioz hainbat bizilagunek berriro utzi dituzte etxeak Noainen

Noaingo (Nafarroa) Zabalegiko Kontzejua kaleko eta Lostra hiribideko hainbat eraikin berriro hutsik geratu dira arratsaldean. Bizilagun batek gas usaina antzeman duela ohartarazi die larrialdi zerbitzuei,17:34ean. Berriro ere gas ihesa egon zitekeen, eta, beldurrez, bertan bizi diren bizilagunetako batzuk etxea utzi dute euren borondatez.

Astelehen arratsaldean gas leherketa bat izan zen bertan, eta oraindik familia batzuk etxera itzuli ezinik daude. Bederatzi zauritu izan ziren leherketa hori dela eta. 120 etxebizitza hustu zituzten orduan, eta asteazkenean 120 horietatik 80k etxera itzultzeko baimena jaso zuten.

Gaur berriro atera izan behar dute, gas usaina aditu dutelako. Nahiago izan dute etxea utzi, adituek arriskurik ez dagoela egiaztatu arte. Larrialdi zerbitzuak eta gas konpainietako langileak bertara joan dira zehazteko antzeman duten usain hori benetan gasa den edo ez, eta, hala balitz, zergatik gertatu den. Adituek probak egin dituzte eta guztietan negatibo eman du. Egiaztatu ahal izan dute, beraz, ez zegoela arriskurik.

Sebastian Marco Noaingo alkateak baieztatu du ez dagoela gas ihesik. Bere ustez, asteleheneko eztandaren ostean, «erabat normala eta ulergarria da» bizilagunen asaldura.