Camino Oslek (Iruñea, 1944) Iruñeko bere etxeko egongelako liburuen artean hartu du Nafarroako Hitza, abendu bukaeran. Karrikara ateratzeko prest da, lagun batekin bazkaltzeko gelditua baita elkarrizketa bukatu eta gero. Zahartzaroan, lagunekin elkartzea biziki estimatzen duen «luxu» bilakatu da Oslerentzat. Erretiroa hartua du, baina hamaika proiektutan aritzen da, kostatu egiten baitzaio ezetz erratea. NUPen aritu zen ia 30 urtez Gizarte Laneko irakasle. Politikan ere badu bide bat egina: 1979tik 1987ra bitarte Iruñeko Udaleko zinegotzi izan zen PSNrekin, bai eta Nafarroako Legebiltzarreko parlamentari ere hainbat urtez.
Zer izan nahi duzu handitan?
Jakin-mina duen emakume bat izan nahi dut hemendik aitzinera ere; zahar batzuek joera dute errateko euren garaia gaztarokoa izan zela, eta niri iruditzen zait izugarria dela hori: oraingoa ere bada gure garaia! Bizitzak ematen diguna aprobetxatu behar dugu, bizirik eta ongi gauden bitartean.
Zu zer moduz zaude?
80 urte eta zazpi hilabete ditut. Orain hilabeteak zehazten hasi naiz, 80 urtetik aurrera anitz sumatzen delako urte batetik bertzera dagoen aldea. Ongi nago, eta gauza anitz egiten ditut oraindik. Gazteak harrituta gelditzen dira zenbat gauza egiten ditudan kontatzen diedanean; kontua da lehen 60 urterekin zaharrak ginela eta 60 urterekin hiltzen ginela. Gazteek ez dakite ia berrogei urte irabazi ditugula! Hori anitz da, ongi bazaude azken urte horiek urte osoak baitira. 20 urte bete arte, bertzeen erabakien menpe gaude; haurtzaroan eskolakoak dira zure lagunak, eta 20 urterekin ere, autonomia ekonomikorik gabe, erabakitzeko aukera gutxi duzu.
Egungo zaintza sisteman ere, zahar anitzek aukera gutxi izaten dute nola bizi nahi duten erabakitzeko. Zer deritzozu?
Hori egia da, baina uste dut egoera aldatzen hasi dela. Feminismoaren eragina nabarmena da arlo horretan ere. Feminista anitz zahartzaroan ohartu dira borrokatzen jarraitu behar dutela, ahalduntzeko beharra dutela. Rosa Montero idazlearen esaldi bat aipatu ohi dut, zahartzaroa ez dela jende beratzarentzako modukoa. Ados nago.
«Rosa Monteroren esaldi bat aipatu ohi dut, zahartzaroa ez dela jende beratzarentzako modukoa. Ados nago»
Gogorra da onartzea zure gorputza jada ez dela lehen zen hori?
Bai. Bada anitz erabiltzen dudan bertze esaera bat: gazteak baleki, eta zaharrak baleza… Bazter utzi behar izan ditut lehen egiten nituen gauza batzuk, eta egokitu. Bidaiatzea anitz maite izan dut, adibidez, baina orain izugarri kostatzen zait hegazkin batera igotzea: batetik, ekologismoagatik, anitz kezkatzen bainau gure bilobei utziko diegun planetaren egoerak; bertzetik, jada ez naizelako eroso sentitzen halako bidaia luzeak egiten. Ikasi dut egunerokoak ematen dizkidan plazerak gozatzen. Badakit heriotza gertu dudala, eta gozatu nahi dut batekin hitz egiten, bertzearekin bazkaltzen edo antzezlan bat ikustera joaten. Heriotza gertu duzula jakiteak euforia moduko bat pizten dizu, eta aukera ematen dizu onak eta txarrak gozatzeko. Bolada txarrak ere badira gure bizitzaren parte, eta inportantea da bolada txar horien irakaspena ere aprobetxatzea. Hori egitea, ordea, zaila da anitzetan.
Zer erran nahi duzu?
Iruñeko Erruki Etxean aritzen naiz ni, aspalditik. Zaharren bakardadearen gaiak anitz kezkatzen nau. Zahar batzuek uste dute egungo mundua ez dela haiena, eta hori hagitz gogorra da. Bazter gelditzen dira, eta niri beldur handia ematen didan esaldi bat aipatzen dute: «Zertan ari naiz ni hemen?». Hagitz gogorra da hori entzutea.
Ahalegina egin behar da bazter ez gelditzeko?
Nik uste nuen zahartzaroa prozesu bat zela, eta hala da, baina ezustean harrapatu nau. Bizitzaren etapa guztiak luzatu egin dira; orain, 40 urterekin gaztea zara, eta 70 urterekin oraindik ez zara zaharra. 70 urterekin, nik uste nuen sasoian nintzela. Egun batean, duela bospasei urte inguru, neure burua ikusi nuen ispilu batean, eta orduan, bat-batean, zaharra nintzela ohartu nintzen. Ikaratu nintzen, baina ikasi dut aitzinera egin behar dudala: ikasten jarraitu, jakin-minari heldu… Hori da inportanteena.
Egin izan duzu gogoeta heriotzari buruz, eta eutanasiaren aldeko mugimenduan aritu zara, bertzeak bertze. Heriotza gertu duzula aipatu duzu; lagungarria zaizu heriotzari buruz egindako lan hori guztia?
Batzuek ez dute heriotzari buruz hitz egin nahi ere. Baina hilko garela da ziur dakigun gauza bakarra. Heriotzak, beraz, ez nau beldurtzen; zehatzago erranda, heriotzaren unea beldurgarria izan daitekeela uste dut, baina garbi dut, batez ere, ez dudala sufritu nahi eta ez dudala agonia luzerik nahi. Biziki eskertzen dut eutanasiarako aukera arautu izana.
Lege hori ona dela uste duzu?
Hasieran kritikoagoa nintzen, uste bainuen lege bermatzaile bat zela, baina orain ohartu naiz bermatzailea izateak are sendoago bilakatzen duela. Eutanasia legeztatu dute, egiten ari dira, eta ez da eskandalurik gertatu. Nik nire Aurretiazko Borondateen Agirian jaso dut jada eutanasiaren aukera.
Camino Osle eutanasia legeztatzeko mugimenduko kide izan da urte luzez. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteko kide izan da, Manu Eziolaza eta Socorro Lizarraga medikuekin batera, bertzeak bertze. Argazkian, hirurak —Osle, Eziolaza eta Lizarraga— Iruñean, 2016an. IÑIGO URIZ / FOKU
Erretiroa hartua duzu, baina NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle izana zara urte luzez. Erakunde horren sorreran parte hartu zenuen, hain zuzen. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Edozein proiekturen hastapena garai polita izaten da, eta NUPen egindako lehen urratsak halakoxeak izan ziren, politak eta zirraragarriak. Irakasleok ikasgelategian genituen bulegoak, departamentuen eraikinak egin gabe baitzeuden! Irakasle hasi nintzenean, NUP sortu gabe zegoen, eta Iruñeko Gonzalez Tablas karrikako Gizarte Laneko Eskolan aritzen nintzen. Handik pasatu nintzen NUPera. Unibertsitateak anitz eman dit; formakuntza eman dit, ikertzeko aukera, bertze profesional anitz ezagutzekoa…
Anitz aldatu da NUP?
Bai, eta hala behar du! Egia da hasierako gauza txiki batzuk galdu direla; hasi ginenean, denok ezagutzen genuen elkar, eta burokrazia gutxiago zegoen! Baina unibertsitateak aurrera egin behar du, eta hori ona eta polita da. Tarteka joaten naiz; jada ez dut ia inor ezagutzen, baina ederki hartzen naute, eta eskertzen dut. Karrikan ikusi eta agurtzera etortzen diren ikasle ohien berotasuna ere eskertzen dut.
Politikaren esparruan ere aritu zara. Diktaduraren ondoko aurreneko udal hauteskundeetan parte hartu zenuen, eta PSNko zinegotzi izan zinen zortzi urtez Iruñean. Zerk bultzatu zintuen politikaren arloan aritzera?
Kasualitatez hasi nintzen; Valentin Redin laguna nuen, eta hark erran zidan sozialisten zerrenda osatzeko emakumeren baten bila ari zirela. Hasieran ezetz erran nion, baina etxean komentatu, eta neba batek erran zidan ezin nuela aukera hura galdu, eta baietz erran nuen azkenean. Independente gisa aurkeztu nintzen sozialisten zerrendan lehen hauteskunde haietan. Ez naiz inoiz damutu, politikan aritzea gizartearen alde lan egiteko aukera nagusia baita. Egia da ustelkeriak kalte handia egin duela eta politikarien jarduerari buruzko iritzia nahiko txarra dela gaur egun, baina, halere, nik garbi dut politikan aritzea gauza handia dela.
Nolakoa zen udaleko giroa?
Gure arteko harremana zoragarria izan zen. Nafarroako Parlamentuan ere aritu izan naiz, baina oroitzapenik onenak udaletxekoak izan ziren. 27 kide elkartu ginen lehen udalbatza hartan, eta denok egin genuen bat. Urte luzez, eta duela gutxira arte, urtean behin elkartu izan gara, gutxienez. Garai hartan denok genuen ikasteko gogo handia; ilusioz betetako urteak izan ziren. Ikastolak legeztatzea egokitu zitzaigun, Andraize zentroa sustatzea eta bertze kontu anitz. Dena zegoen egiteko. Noski, dena ez zen erraza izan. ETA indarrean zen, eta bereziki gogoan dut 1985eko atentatu bat; haur bat hil zuten [13 urteko Alfredo Agirre], eta haren familiaren etxera joan ginen. Gogorra izan zen. Udalean eman nituen urte haiek, oro har, bertzeak entzuten irakatsi zidaten, errealitateari bertzeen begiradatik so egiten.
Uste duzu gaur egungo giroa bertzelakoa dela?
Gaur egungo moldeak ez ditut batere gustuko. Eskuin muturraren gorakadak anitz kezkatzen nau. Niretzat, elkarrizketa da oinarri nagusia, elkarri entzutea.
«Iruñeko Udalean eman nituen urteek bertzeak entzuten irakatsi zidaten, errealitateari bertzeen begiradatik so egiten»
Horrek eraman zintuen Foro Sozialean parte hartzera?
Bai, eta nire bizitzako esperientziarik onenetako bat izan da, zalantzarik gabe. Parte hartu genuenok anitz ikasi genuen; elkarri irakatsi genion. Urtebetez aritu ginen elkartzen, nork bere burua bertzeen aitzinean biluzten, hitz egiten. Gatazka betean zailagoa da elkarrekin hitz egitea, baina denboraren joanak bide hori errazten du. Errazagoa da hitz egitea bertzea ezagutzeko interesa baduzu eta bertzearen begiradaren berri jakin nahi baduzu. Foroak hori eman zigun.
Ikastolak aipatu dituzu. Euskararen egoera normalizatzeko urratsak egin dira azken hamarkadetan, baina lan handia bada oraindik egiteko. Zer deritzozu?
Uste dut zaila dela auzi hori konpontzea. Gaizki egiten dira gauza anitz. Euskara entzun ere egin nahi ez duten horien jarrera ez dut ulertzen. Horrek anitz erraten du, niri ez baitit kalterik egiten ezein hizkuntza entzuteak. Lan handia dago egiteko. Elkarrizketaren alde eginen dut nik beti.
MOTZEAN
Iruñeko txoko bat? Gaztelugibela. Etxetik hurbil dut, eta anitzetan joaten naiz paseoak ematera.
Politikari bat? Iruñeko Udalean nirekin bat egin zuten zinegotzi guztiak ditut gogoan, bereziki. Eta denen artean, noski, Julian Balduz alkatea aukeratuko nuke. Ederra egin genuen!
Bikote bilakatu zineten. Gogorra izan zen sortu zen zalaparta? Bai. Ordura arteko gure bikotekideak utzi, eta jendaurrean agertu ginen elkarrekin. Denetarik erran ziguten. Guk argi genuen ez genuela ezkutuan aritu nahi. Ez genuen zer ezkutatu. Feministen babesa jaso genuen.
Egindako bidaia bat? Bidaiatzea anitz maite dut. Gogoan dut, adibidez, Egiptora egindako bat. Eguzki eklipse bat ikustera joan nintzen.
Liburu bat? Zalantzarik gabe, Homeroren Iliada.