Mende bat baino gehiago Alde Zaharrean

Mende bat baino gehiago Alde Zaharrean

Tokiko merkataritzaren alde egin nahi dutela. Horixe nabarmendu du Iruñeko Udaleko zinegotzi Mikel Armendarizek, eta, bide horretan urrats bat egiteko, Centenarios izenburuko liburua argitaratu du Iruñeko Udalak. Hiriburuko Alde Zaharreko Dendarien Elkarteko kudeatzaile Carlos Albillok idatzi du, hiriko negozio txikien berri emateko. 250 jaso ditu; haietako ehun, mende bat baino gehiagokoak. Alde Zaharrean daude gehienak.

«Gorde eta babestu beharreko altxor» bat dira Iruñeko merkataritza gune txikiak, Armendarizen hitzetan. Albillok eskertu egin ditu zinegotziaren hitzak, baina garbi erran du Iruñeko dendariek ez dutela «museoko objektu» bilakatu nahi: «Denda txikiei eutsi nahi badiegu, hori egin ahal izateko baldintzak ezarri behar ditugu, ondare horrek bizirik jarrai dezan», azpimarratu du.

«Iruñeko denda txikiei eutsi nahi badiegu, hori egin ahal izateko baldintzak ezarri 
behar ditugu»
CARLOS ALBILLO ‘Centenarios’ liburuaren egilea

Izan ere, Iruñeko Alde Zaharreko Dendarien Elkarteko kudeatzaile gisa, Albillok ederki ezagutzen ditu hiriburuko merkataritza gune txikiek urtez urte izan dituzten gorabeherak, eta denda txiki horietako anitzen ateak ixten ikusi ditu, merkataritza gune handien kontra lehiatzeko ezinean. Bertze batzuek eutsi diote, asmatu baitute gertatu diren aldaketetara egokitzen; aldi berean, garai bateko egunerokoaren lagin bat dira, garai bateko altxor bizia.

Hemezortzi atal

Albillok Iruñeko Udalaren enkarguz idatzi du Centenarios liburua. Lana osatzeko, artxiboetako agirien artean eman du azken urtea; Iruñeko Udal Artxiboa eta Nafarroako Artxibo Nagusia baliatu ditu, batez ere. Agirietan aurkitu duen informazioa, gainera, dendetako arduradunekin egindako elkarrizketekin osatu du. Mende bat baino gehiagoko 111 negozioren berri jaso du, zehazki, eta haietako 67k zabalik dituzte ateak.

Albillok sektoreka sailkatu ditu liburuan jorratu dituen dendak, eta sektore bakoitzarekin osatu du bere laneko atal bat; denera, hemezortzi jaso ditu. Arropa dendak, bitxi dendak, botikak, fruta dendak, optikak eta bertze aztertu ditu. Atal bakoitzean, landutako sektoreari buruzko sarrera bat idatzi du egileak, eta zerrenda batean jaso ditu zabalik segitzen duten negozioak, bai eta desagertu direnak ere.

Aztertu dituen denda guztien artean, Casa Manterola gozo denda da Iruñeko zaharrena: 1810. urtean ireki zuten. 214 urteko bidea egin du, eta zabalik segitzen du. Bide luze bat egina dute Mañueta txurreriak (1872), Layana pasta dendak (1871) eta Pablo Goñi zapata dendak ere (1878), eta hirurek jarraitzen dute lanean. Ateak itxi dituztenen artean, Unzu nabarmendu du Albillok (1838-2007), bai eta La Fama mertzeria (1904-2017) eta Casa Luna musika denda ere (1880-2000).

Iruñeko Casa Manterola gozo denda, abenduko argazki batean. 1810ean ireki zuten. IÑIGO URIZ / FOKU

«Alde Zaharreko eta inguruko denda txikiak hiriko historiaren parte dira, eta gure esku dago negozio horiei eustea», berretsi du Centenarios liburuaren egileak. Azaldu du zabalik jarraitzen duten negozioek merkataritzaren bilakaeran gertatu diren aldaketei egin behar izan dietela aurre, bai eta han eta hemen ireki dituzten merkataritza gune handiei ere. Hirian mugikortasunaren esparruan izan diren aldaketek ere denda txikien jarduerari eragin dietela erantsi du Albillok, eta hori guztia kontuan hartuta dendari txikiek ahalegin handi bat egin behar izan dutela lanean jarraitu ahal izateko.

Ahalegin hori aitortu nahi izan du Iruñeko Udalak, Albillok idatzitako liburuaren bidez. 775 ale kaleratu dituzte, Europako Next Generation funtsetatik jasotako diru laguntzari esker. Liburuak ez dituzte salgai jarriko, oraingoz: liburutegietan eta parte hartu duten dendetan izanen dira, nahi duenak ikus ditzan. Udala aztertzen ari da liburuaren bigarren edizioa kaleratzea, salgai jartzeko.