«Orain dator lanaren zatirik politena». Patri Arburuarenak dira hitzak (Igantzi, 1972), Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikariarenak, eta Gogoa pauso, pausoa bide dokumentala erakusteko uneaz ari da. Mankomunitateak ondu du lan hori, Bortzirietako 1970-1990 bitarteko euskararen susperraldiari buruz. Bide bat hutsetik hasi zutenen lana eskertu eta aitortu nahi izan du dokumentalaren bidez, eta, batez ere, duela mende erdi bat euskarari lotu zitzaizkion herritarren ahaleginaren berri zabaldu. Hilaren 31n estreinatuko dute, 19:00etan, Lesakako Harriondoa kultur etxean; biharamunean, otsailaren 1ean, Beran emanen dute, eta otsailaren 7an, Arantzan, Etxalarren eta Igantzin.
Bortzirietako Euskara Mankomunitateak sustatu du Gogoa pauso, pausoa bide dokumentala egiteko proiektua, baina Bortzirietako herritarrek ere parte hartu dute. Ainhoa Larretxea kazetariak 1970eko eta 1980ko hamarkadetan euskararen alde aritu ziren hogei pertsona elkarrizketatu ditu, eta testigantza horiek bilakatu dituzte ikus-entzunezkoaren oinarri. Katubi etxeko Oier Fuentes aritu da elkarrizketak filmatzen, eta, gainera, hark osatu du gidoia, eta egin ditu errealizazio, edizio eta ekoizpen lanak.
«Herritar batek aipatu zuen euskara biziberritzeko lan bat egina zela Bortzirietan, baina ez zela transmititu»
PATRI ARBURUA Bortzirietako euskara teknikaria
Filmatutako hamabost orduak 45 minutuko dokumental bilakatzeko lana izan da «potoloena», Arburuaren hitzetan. Arburua eta Fuentes aritu ziren, hasieran, dokumentalean jaso beharrekoak hautatzen. «Oier [Fuentes] eta biok hagitz sartuta geunden proiektuan, eta ohartu ginen, akaso, ez ginela hagitz objektibo. Laguntza eskatzea erabaki genuen, eta Leire Errandonea beratarra eta Iban Garro lesakarra batu ziren proiektura. Biziki eskertzekoa da haiek egindako lana», kontatu du Arburuak.
Dokumentala osatzeko prozesua ez da motza izan. Mankomunitateak 2020an eta 2021ean egindako parte-hartze prozesu batean sortu zen ikus-entzunezkoa egiteko ideia. «Herritar batek aipatu zuen euskara biziberritzeko lan bat egina zela garai batean Bortzirietan, baina lan horren berri ez zela zabaldu, ez zela transmititu eta egungo belaunaldiek ez zutela ezagutzen».
Bortzirierako herritar talde bat, Iruñean, Nafarroaren zonifikazioaren aurka egindako manifestazio batean, 1985. urte inguruan. KONTXI ERROK UTZIA
Mankomunitateak hari horri tira egin dio, eta 1970eko eta 1980ko hamarkadetan euskararen alde lan eta lan aritu zirenen bideari egin dio so. Bide horretan, hain zuzen, Bortzirietako ikastolak, gau eskolak, euskarazko hedabideak eta bertso eskolak sortu zituzten, bertzeak bertze, 1970eko eta 1980ko hamarkadetan; gainera, herritarren bultzadak udalak mugiarazi zituen, eta Bortzirietako Euskara Mankomunitatea jarri zuten martxan 1990ean.
Duela mende erdi bat hasitako bideak bi mugarri nagusi izan zituen: batetik, barojatarrei egindako omenaldia, Beran, 1972an; eta, bertzetik, Lesakan egin zuten Euskal Pizkundearen Astea, 1973an. Bixente Tabernak (Bera, 1952) bertze mugarri bat jarri du mahai gainean: Ez Dok Amairuk Beran egindako emanaldia, 1967an. «Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo aritu ziren Altzateko plazan. Egun hartan bertze mundu bat agertu zen gure begien aurrean, eta euskararena ere mundu moderno bat izan zitekeela ohartu ginen. Hori da nire memoria», oroitu du Tabernak.
Lantaldea osatuta
Pio Barojaren jaiotzaren mendeurrena bete zen 1972. urtean, eta herritar talde batek aukera hori baliatu zuen Beran idazlearen familiaren omenezko hainbat ekitaldi prestatzeko. «Izugarria izan zen. Kontzertuak, hitzaldiak, erakusketak eta bertze antolatu genituen. Lantalde bat aritu zen dena prestatzen. Gainera, erakundeen babesa jaso genuen, bai eta Baroja familiarena ere; batez ere, Julio Caro Barojarena. Omenaldi hartan, herrian lehendabiziko aldiz idatzi ziren programak gaztelaniaz eta euskaraz», erran du Tabernak.
Nafarroa Oinez besta, Beran, 1983. urtean. TTIPI-TTAPA
Omenaldia prestatzeko bat egin zutenetako batzuek elkartzen segitu zuten, eta bost kidek osatutako talde bat jarri zuten martxan. «Itxaro eta Bego Aranibar, Josu Goia, Ixa Ordoñez eta bostok aritzen ginen. Lesakan ere bazen jende bat euskararen alde, eta haiekin bat egin genuen, German Goienetxerekin eta Antton Erkiziarekin. Gu bost ginen, eta Lesakan ere bost behar zirela erabaki genuen, eta Alejandro Ordoki, Manolo Sarobe eta Fermin Alzugarai batu ziren», kontatu du Bixente Tabernak.
Lesakan, 1973ko Euskal Pizkundearen Asteak astindu zituen herritarrak, euskararen alde. Antolatzaile lanetan ibili zirenetako bat da Kontxi Erro (Lesaka, 1951). Erakusketak, bertso saioak, hitzaldiak eta bertze egin zituzten. «Garai hartan, jendeak uste zuen euskara txakurrekin edo umeekin erabiltzeko hizkuntza bat zela, baserriko hizkuntza. Euskal Pizkundearen Asteak bertze irudi bat eman zuen», nabarmendu du Errok. Garai hartan hasi zena «loraldi» bat izan zela azaldu du; hutsetik hasi zutela lana, frankismoak oinpean baitzuen euskara, baina inguruan gertatzen ari zenak ere eragin ziela Bortzirietan hizkuntzaren alde mugitzen hasi zirenei. Burgosko prozesua aipatu du Errok; Tabernak, berriz, Parisko 1968ko maiatza, eta Euskal Herrian, Ez Dok Amairuren gisako proiektuen eragina.
Lesakan eta Beran bat egin zuten euskaltzaleek herri horietan ikastolak sortzeko prozesuak sustatu zituzten. 1974. urtean jarri zituzten martxan. Labiaga Beran, eta Tantirumairu Lesakan. Etxalarren, Igantzin eta Arantzan ere sortu zituzten haur eskolak handik gutxira, eta D ereduan barneratu ziren gerora. Beran eta Lesakan ere gaur egun bada sare publikoan euskaraz ikasteko aukera.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa, Lesakan, 1980. urtean. Ezkerretik, Kontxi Erro eta Fernando Artola Sagarzazu, Mixel Aire ‘Xalbador II.a’ txapeldunari saria ematen. KONTXI ERROK UTZIA
Hezkuntzaren arloko lan horrek izan zuen bertze emaitzarik, euskararen alde mobilizatzen hasi ziren herritarrak ohartu baitziren helduen artean ere lan bat bazela egiteko: gau eskolak jarri zituzten abian, helduoi euskara irakatsi eta alfabetatzeko. Lan horretan aritu zen Patxi Larretxea (Arantza, 1959). «Malerrekako jendearekin aritzen ginen elkarlanean. Gazteak ginen, eta gozatzen genuen egiten genuen lanarekin. Euskararen aldeko lan hori bizi estilo bat bilakatu zen guretzat», kontatu du.
«Mikel Laboa, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo aritu ziren Beran. Egun hartan bertze mundu bat agertu zen gure begien aurrean»
BIXENTE TABERNA Euskaltzale beratarra
Orduko gogoa nabarmendu du Larretxeak, euskararen alde sortzen ari zen olatuarekin bat egiteko orduko grina. Errok ere horixe du buruan: euskarari lotu zitzaion jende haren guztiaren gogoa. Gogo horrek eman zituen ikastolak, eta gogo horrek eman zituen gau eskolak, gerora sortutako euskaltegiak, eta euskarazko lehen hedabideak ere bai: Ttipi-ttapa sortu zuten 1981ean, eta bide bat egiten segitzen du. Izan ziren aurrera egin ez zuten bertze esperientzia batzuk: Segapoto irratia, Beran, eta Koxkonta irratia, Lesakan, bertzeak bertze.
Egindako urrats horiek guztiek oinarri sendo bat jarri zuten euskararentzat Bortzirietan, baina «lanean» jarraitu behar dela nabarmendu du Kontxi Errok. Euskal Herrian Euskaraz taldeak Lesakan egin zuen lehen bilera, eta han izan zen Erro. EHEren oinarria ekarri du gogora: «Segitu behar dugu lehen hitza euskaraz egiten». Errok erantzun egin die erabilerak behera egin izana migratzaileen etorrerarekin lotzen dutenei, erranez migratzaileek ez dutela «ardurarik». «Arazoa da guk, dakigunok, ez dugula erabiltzen; guk ez diogula balioa ematen».