Imajina dezagun, adreilu batek pare bat kilo baino zerbait gehiago pisatzen badu, zenbat pisatu behar duten errenkadan eta berrogei metro inguruko garaierara heltzeko Iruñeko Erorien Monumentuko eraikuntzan erabilitako harri marroidunek. Horietako batzuek, sarrerakoek kasurako, olana zabala dute gainetik, baina, haizetea dagoenean eraikuntzaren aurrean egonez gero, erraz aski ikus daiteke frankismoari gorazarre egiten dion eta harrian zizelkaturiko esaldiaren parte den gurutzada terminoa.
Uretan, flotagarritasunagatik, norberaren pisua eramangarriagoa nahiz arinagoa delako sentsazioa izan ohi dugu; baina, zenbateko pisua eta arintasuna dute adreiluek eta harriek oroimenean? Ba al dago memorian flotazio-indarrik?
Iruñeko Rodezno Kondearen plazari, 1938tik 1939ra Franco diktadorearen Justizia ministro izandakoari eta 50.000 heriotza-zigor baino gehiago sinatu izana leporatzen zaionari eskainitako plazari, 2016an Askatasunaren plaza izena jarri zioten. Ordea, plaza horretan zutik dirau, gaur egun, Espainiako Estatua aintzat harturik, hirigunean dagoen frankismoaren goratze-eraikin handiena den eta Cuelgamuros Haranaren ostean bigarren eraikuntza frankista handiena den Erorien Monumentuak.
Buztina eralda daiteke, baina harria ez; harriari forma eman diezaiokegu, harria leun dezakegu, birrindu, baina harriak harria izaten jarraituko du, eta behin zapaltzeko erabilitako harriak beti izango du zapaltzailetik.
Gauzak horrela, urtarrilaren 18an Iruñean egindako manifestazio jendetsuan milaka herritarrek EH Bilduri, PSNri eta Geroa Bairi Erorien Monumentua eraisteko eskatu zieten; izan ere, hiru alderdiek azaroaren 20an eraikin hori eraldatzeko akordio politikoa egin zuten, ez berau eraisteko akordioa, eta horrek zeresan handia eman du. Manifestazioa jendetsua izan zen, «eraisteko akordioa» aldarrikatu zen eta frankismoak jazarritako zenbait emakumeren izenak plazaratu ziren, horien artean: Maravillas Lamberto larragarrarena.
Arestian aipaturiko hiru alderdi politikoek egindako akordioan, printzipioz, Erorien Monumentua eraldatu ostean, eraldatutako eraikinak Maravillas Lamberto izena hartuko luke, nahiz eta hori oraindik ezbaian egon. Halere, izen zein itxura aldaketa batek eraikuntza oso batek hamarkadetan izan duen xedea eta funtzioa alda dezake? Josefina Lambertok, Maravillas Lambertoren ahizpa gazteenak, hainbatetan egin zuen Erorien Monumentua eraisteko aldarria; beraz, agian, izena duena bada esamoldetik aldendu eta existitzen dena ere izan badela hartu beharko genuke kontuan.
Harria leun dezakegu, birrindu, baina harriak harria izaten jarraituko du, eta behin zapaltzeko erabilitako harriak beti izango du zapaltzailetik
Bada, manifestaziora deitutako plataformetako kideek alderdi politikoei monumentua botatzearen aldeko herri aldarriarekin bat egiteko eskakizuna egin zieten. Haatik, eskuineko plataforma batek monumentua babesteko nahia erakutsi du, eta, horretarako, gaztelaniazko Nafarrak guztiok, historia osoa leloa hartu du, jakin baitakigu eskuineko mugimendu nahiz alderdiek lehenengo pertsona erabiltzeko duten lotsagabekeria, baina, ez hori bakarrik, eraikina kultur intereseko ondare izendatu nahi dute, izan ere, euren ustez, «historiaren gezurrezko ikuspegia» nagusitzen ari da, eta hizpide dugun eraikuntza «fedea eta erlijioa babestu zuten arbasoen omenezko tokia» dela diote, eta, ondorioz, ez diote zentzurik ikusten haren kontra «orain gorrotoa pizteari».
Ez dakit zenbat pisatzen duten Erorien Monumentua egiteko erabili ziren harriek, baina jakin badakit tamaina horretako harri batek ezin duela sekula arintasunik lortu eta bere izatea guztiz berritu.