Kontent eta lasai agertu da Fernando Mikelarena (Bera, 1962) Iruñeko Walden liburu dendara. Han egin du Lineas de frontera (Lamiñarra, 2024) bere lehen eleberriaren aurkezpena. Lan horretan, Mikelarena aurrenekoz murgildu da fikzioaren esparruan, baina historia bazter utzi gabe, datu hutsekin ukitzen ez zituen tokietara ailegatu nahi izan baitu eleberriaren bidez. Sail bat hasi du lehen liburu horrekin, eta hurrengo biak idatzita ditu jada. Clemente Garcia Errandonea telegrafista beratarra da Mikelarenaren istorioetako protagonista.
Zergatik egin duzu orain fikzioaren alde Lineas de frontera liburuan?
Historialaria naiz, baina literatura anitz irakurri dut gazte nintzenetik. 2020an, eleberri historiko bat idazteko asmoa mamitzen hasi nintzen, memoria historikoari buruzko gaiak are gehiago zabaltzeko asmoz. Hori da nire helburu nagusia, eta horregatik jo dut fikziora, memoria historikoari buruzkoek oihartzun handiagoa izan dezaten. Eleberri hau lehendabizikoa da, baina etorriko dira bertze batzuk, Errandonea izeneko sail bat hasi baitut Lineas de frontera honekin.
Eroso sentitu zara fikzioaren esparruan?
Aspalditik sentitzen nuen tentazio hori, fikziora salto egitekoa, baina ez nuen ahotsa aurkitzen. Orain aurkitu dut, eta hemendik aitzinera uste dut gero eta erosoago sentituko naizela. Dena den, oraingoz idatzi ditudan hiru eleberrien artean lehendabiziko hau da literarioena. Bertze biak aurten edo datorren urtean argitaratuko ditut; askoz zuzenagoak dira eta ez dago horrenbeste deskripziorik. Orain ari naiz bertze bi horiek berriz leitzen, halere, eta nahiko harritua gelditzen ari naiz nik idatzitako hainbat pasarterekin; testu horiek idazteko gai izateak harritu nau.
«Oraingoz idatzi ditudan hiru eleberrien artean, ‘Lineas de frontera’ da literarioena; bertze biak zuzenagoak dira»
Erran duzu zure helburua dela memoria historikoak oihartzun handiagoa izan dezala. Kostatzen da, bertzela, irakurleengana heltzea?
Nik ezin dut kexarik izan nire historia liburuen salmentari buruz, nire liburuak nahiko ongi saltzen baitira. Baina neure buruari galdetzen ohi diot: zer neurritan egiten dute bat salmentak eta ezagutzak? Susmoa dut anitzek nire liburuak erosi izan dituztela, baina ez dutela barneratu liburu horietan dagoen edukia. Batzuek aipatzen dute historia liburuak mardulak direla, eta, horren ondorioz, irakurtzeko zailak; baina bertze batzuek hori dute gustuko, hain zuzen, mardulak izatea, eta irakurtzeko prest dira. Nik segituko dut historia liburuak idazten eta argitaratzen, bai eta fikzioaren bidea jorratzen ere; uste dut biak uztargarriak direla, eta bi esparru horiek landu nahi ditut.
Memoria historikoaren barruan, zer gai jorratu nahi duzu fikzioaren bidez?
Lineas de frontera Marokon kokatu dut. Sail berean jorratuko ditut, halaber, 1936ko altxamendu militarraren ingurukoak, orduko konspirazioak, 36ko gerra, kontrabandoa, espioien sareak… Iruñean, Madrilen eta Beran, bertzeak bertze, Berakoa baita Errandonea protagonista. Lineas de frontera eleberrian, Errandonearen eta Mola jeneralaren arteko harremana nondik datorren azaldu nahi izan dut, eta Marokoko gerran kokatu ditut biak. Hurrengo eleberrietako kontakizuna erraztea da asmoa. Boterearekin lotutako pertsonaiak behar dira ezagungarria den baina ezin dokumenta daitekeen hori kontatu ahal izateko.
Historia liburuen mugak gainditzeko aukera ematen dizu fikzioak, beraz?
Intuizioak gauza anitz erraten dizkigu aspaldiko gertaeren inguruan, baina ez dugu modurik intuizioak, susmoek eta zantzuek erraten diguten hori dokumentatzeko. Fikzioaren bidez egin dezakegu hori. Asmoa ez da gezur bat asmatzea, baizik eta ezagungarria den horren berri ematea.
36ko gerraren bueltan lan egingo duzu aurrerantzean ere?
Bai, baina nire asmoa da fikzioaren bidez 1960ko hamarkadara ailegatzea, 1936an gertatu zenak arrastoa utzi baitzuen ondorengo hamarkadetan ere. Araba sareko buruzagiak, adibidez, Irungo [Gipuzkoa] Mitxelenatarrak, 1961ean etorri ziren Iruñera bizitzera, Arrosadira. Harritzekoa da halako jendea, espioi ikaragarriak, bizitzako azken txanpan Iruñera etortzea bizitzera. Bada materiala liburuak egiten segitzeko. Bada zer kontatu; egunkarien kroniketatik kanpo gelditzen ziren detaile anitz, eta horiek ere interesgarriak dira. Gainera, gauza bat da gertatu zena kontatzea, eta bertze gauza bat da gertatu zenaren oroimena kontatzea.
«Iruñeko Udalak ezin izanen du akordioa bete. Legez ez da oinarririk Erorien Monumentua ez botatzeko»
Zer deritzozu Iruñeko Udalak Erorien Monumentuari buruz egin duen akordioari?
Nik uste dut Iruñeko Udalak ezinen duela akordio hori bete. Legez ez dago inolako oinarririk Erorien Monumentua ez botatzeko. Udalak egindako akordioaren atzean arrisku bat badela uste dut, gainera, planteatzen baitu hor eginen dela faxismoaren inguruko interpretazio zentro bat. Gauza bat da faxismoa, eta bertze gauza bat da hemen gertatu zena. Hemen garbiketa politikoa gertatu zen; badu zerikusirik faxismoarekin bere interpretazio hutsean? Nik uste dut ezetz. Hemen protagonista nagusiak karlistak izan ziren, eta uste dut akordio horretan hori estaltzeko asmoa dutela. Harritzekoa da Joseba Asiron alkatearen jarrera. Nik uste dut ez dutela deus ere eginen.
Uste duzu bere horretan utziko dutela eraikina?
Hori uste dut. Auzia luzatu bertzerik ez dutela eginen. Gainera, hemen Erorien Monumentuan zerbait eginez gero, gauza bera egiteko eskatuko dute Madrilgo Cuelgamurosen ere, eta hori ez dute nahi, inondik inora.