Aldaketa bai, baina eskaerak ere bai

Aldaketa bai, baina eskaerak ere bai

Eskuinak «blokeatuta» zeukan Iruñeko Udala «martxan» jartzeko; helburu horrekin egin zuten akordioa EH Bilduk eta PSNk 2023ko abenduan, Cristina Ibarrola (UPN) alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkezteko. Abenduaren 28an eztabaidatu zuten, eta EH Bilduko, PSNko, Geroa Baiko eta Zurekin-eko zinegotzien aldeko botoak jaso eta gero, EH Bilduko Joseba Asiron izendatu zuten alkate, bigarrenez (2015-2019 legealdian izan zen aurreneko aldiz). Urtebete joan da geroztik, eta EH Bilduren eta PSNren arteko akordioak bidea eman du udal gobernu berriak iazko eta aurtengo aurrekontuak onartzeko.

[articles:2136741]

Azkeneko urtean, UPNk oposiziotik astindu du udaleko agintarien jarduera. Asironen agintaldiak karrikan ere jaso du hainbat eragileren erantzuna. Azken hilabeteotan, batez ere, udal gobernuak hiriburuko Erorien Monumentuari buruz egindako akordioak sortu du zalaparta. Izan ere, udalak erabaki du eraikina ez botatzea eta bertze esanahi bat ematea, eta memoria historikoaren esparruan lan egiten duten hamaika elkartek kontra egin diote. Halere, ez da hori izan eztabaida sortu duen auzi bakarra.

Etxebizitza

«Merkatuaren menpe»

«Etxebizitzaren merkatua hauspotzen ari dira, eta auzi horren konponbidea merkatuaren esku uzten. Ez dute orain arteko eredua aldatu». Horixe salatu du Iruñeko Haritu sareko kide Mikel Izurzuk, Iruñeko Udalaren etxebizitzaren inguruko politikei buruz. «Administrazioa, oro har, eta tokikoa, kasu honetan, ez da gai etxebizitzaren auziari erantzun sendo bat emateko».

Izurzuk karrikan bizi diren gazte migratzaileen egoera nabarmendu nahi izan du, eta salatu du udala ez dela ongi ari: «Kargua hartu zuenean, Asironek esan zuen inork ez zuela kalean lo eginen. Gezurra zen orduan, eta gezurra da orain. Kudeaketa ez da batere ona: Jesus eta Maria aterpea itxita, hotzaldiko baliabideak aktibatzeko gero eta baldintza gehiago… Jende asko ari da oraindik kalean lo egiten».

Izurzuk garbi du hiriburuko agintariek gehiago egin dezaketela. Hutsik dauden etxebizitzen gaineko udal zergak igo daitezkeela aipatu du, bertzeak bertze, eta eskatu du, hasteko, udalak bere esku dituenak «mobilizatzeko». «Merkatuaren formulak bazter uzteko garaia da».

Arrazakeria

Polizien kontrolak

Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko Beatriz Villahizanek dagokien ardura politikoaz joka dezatela eskatu die Iruñeko Udaleko agintariei. Azken urtean urrats batzuk egin direla nabarmendu du; bertzeak bertze, errolda bermatzeko pausoak eman direla eta egoera zaurgarrian daudenak artatzeko baliabideek gora egin dutela. Baina erantsi du neurri horiek ez direla nahikoa, eta udalaren burokraziak, anitzetan, egoera zaurgarrian direnen egunerokoa are larriago bilakatzen duela. Erroldaren auzian, pausoak eman arren, migratzaileentzat bazterketa ekar dezakeen «aparteko bide bat» zehaztu dela salatu du. «Errolda jasotzeko bermea baldintzapeko bilakatzen ari da batzuentzat».

Arrazakeriaren aurkako hainbat eragilek antolatutako manifestazioa, martxoan, Iruñeko karriketan. IÑIGO URIZ / FOKU

Villahizanek, bertzalde, azpimarratu du karrikan polizia guztien presentziak eta kontrolek gora egin dutela, eta kontrol horiek, bereziki, pertsona arrazializatuei egiten dizkietela, pertsona arrazializatuak direlako, hain zuzen. «Udaltzaingoa ere ari da gisa horretako kontrolak egiten. Larria da, kolektibo bat kriminalizatu egiten baitute».

Euskara

«Anbizioz» joka dezala

Iruñeko Euskalgintzak onerako aldaketa sumatu du: «Alkateak euskaraz egiten du, hasteko. Jarreretan ere sumatzen da aldaketa». Horixe aipatu du Iruñeko Euskalgintzako kide Asier Biurrunek. Garbi erran du, halere, oraindik bide luzea dela egiteko udalak euskalgintzaren aldarrikapenak bete ditzan: «Euskarak, agian, maila bat gora egin du udal gobernuaren agendan, baina oraindik askoz toki nabarmenagoa behar du».

Udalak iragarri du euskara sustatzeko plan bat eginen duela. Plana osatzerakoan, «anbizioz» joka dezala eskatu dio Biurrunek. Haur eskolen auzia aipatu du, bertzeak bertze. Asironen lehen agintaldian, ordura arte euskaraz zeuden bi haur eskolei bertze bi gehitu zizkion udalak, baina eskuinak agintea berreskuratu zuenean, bertan behera utzi zuen urrats hori. Euskarazko lau haur eskola horiek «abiapuntu» izan daitezkeela uste du Biurrunek. «Normalizaziorako urratsak behar ditugu; konplexurik gabe jokatzea».