Zubien esanahi sinbolikoa gogora ekarrita, maiatzaren 10ean Nafarroako herrietan euskararen aldeko bilkurak egitera deitu gaur Sorionekuak mugimenduak. 2023an atera zen plazara plataforma hau, 2023ko ekainean euskararen aldeko festa jendetsu bat egin zuten Iruñean, Euskara, nafar guztiona lelopean, eta jarraitu egin nahi dute orain euskararen aldeko aldarrikapenak ozentzen. «Bada garaia euskarari dagokion tratamendua, lekua, emateko», gogora ekarri dute, gaur goizeane egin duten agerraldi batean.
Nafarroako herrietako zubietan egin nahi dituzten bilkura horiekin zer adierazi nahi duten azaldu dute. «Etorkizunera begirako gure konpromisoa erakutsi nahi dugu, euskaratik, euskaraz, euskararendako. Eraiki dezagun zubia, eraiki ditzagun zubiak. Etorkizunera zubiak. Sorionekuak». Zubiek «ezberdinen arteko ulerkeran sakontzeko» bidea ere izan behar dutela nabarmendu dute: «Ulerkerara zubiak». 2023an hasitako bidean oinarri berriak jartzea ezinbestekoa dela adierazi dute. «Jarri genuen lehen aleari, bigarrena gehitu nahi diogu orain. Ez baikara atzera begiratzearekin konformatzen diren horietakoak».
Nafarroan euskarak duen tokian aurrerabideak bilatzea da mugimenduaren helburua. «Geure burua babestu baino gehiago, gure burua eraiki nahi dugu», esan dute. Eta hizkuntzaren inguruan egun herrialdean dauden bereizkeriak gainditu egin behar direla gogoratu dute. Berebiziko esanahia du mezu horrek Nafarroan, euskara ez delako ofiziala herrialde osoan, eta zatikatutako errealitate administratibo batek kimatzen dituelako hizkuntza eskubideak. Bestelako errealitate bat dute amets Sorionekuak mugimenduen batutakoek: «Herritarrak gara, ez lehen mailakoak, ez bigarren mailakoak, ez azken putz. Herritarrak guztiak, igualak, Nafarroan bizi garenak. Eta horregatik, arduraz aritzea exijitzeko garaia deia uste dugu, ez bazterketa betikotzekoa».
Badakite zer nolako geroa nahi duten: «Konbentzituta gaude euskaldunon hizkuntza, kultura eta eskubideak errespetatu behar direla. Baina, batez ere, gure hizkuntza nafar guztion hizkuntza dena, bultzatu eta harekiko harremana normalizatzea da etorkizuneko nafar jendartearen zutabeetako bat». Ezinikusien kontra egin behar da hor aurrera egiteko. «Euskararekiko gorrotoa indargabetu beharra dago». Eta argi dute horretarako bideak zein diren: «Ezagutzea eta hurbiltzea». Horregatik, talde politiko, sindikatu eta era guztietako eragileei eskatu diete horren alde egiteko.
Idatziarekin bat egin dute herrialde osoko hainbat pertsona ezagunek. «Idatzi hau babesten dugunok nafar jendartearen parte gara, eremu askotakoak», azaldu dute. Anabel Arraiza aktorea, Iñaki Perurena harrijasotzailea, Oier Sanjurjo futbolari ohia, Sustrai Colina bertsolaria, Julen Goldarazena FlakoFonki kulturgilea eta Zuriñe Hidalgo abeslaria daude, beste hainbat artean, izenpea eman dutenen artean. Hainbat erakundek eta hedabidek ere babesa eman diote dinamikari, eta gaur agerraldian izan dira, besteak beste, BERRIA egunkariko ordezkari Joxerra Senar eta Gara egunkariko zuzendari Iñaki Soto.