Lizarrako Udalak Teder utziko du. Lizarrerriko garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko sortu zuten elkarte hori, 1997. urtean, eta Lizarrako Udalak ateratzea erabaki du orain, UPNren, PSNren eta PPren aldeko botoekin. Urtarrilaren 16ko osoko bilkuran bozkatu zuten sozialistek egindako proposamena, ezustean. EH Bilduk eta Zurekin Nafarroak kontrako botoa eman zuten, eta Gero Bai abstenitu egin zen.
«Osoko bilkuraren aurreko astean, Lizarrako alkateak [UPNko Marta Ruiz de Alda] talde guztietako bozeramaileoi ezagutarazi zigun urtarrilaren 16ko osoko bilkura horretan ez genuela gaia eztabaidatuko. Auzi hori eguneko gaien zerrendan sartu izanak, beraz, ezustean harrapatu gintuen», azaldu du EH Bilduko zinegotzi Mikel Kolomok. Erantsi du Teder elkartearen inguruko eztabaida ez dela oraingoa, eta ez duela batere argi zein den elkartetik ateratzea bozkatu dutenen asmoa. «Gertatu dena ulertzen zaila da».
Lizarrako Udalak hartutako erabakiak ezinegona sortu du Teder elkarteko kideen artean ere. «Aspaldi hartutako erabaki politiko bat da; Lizarrako Udalak erakutsi du Lizarrerriari bizkarra emanda ari dela eta bost axola diola eskualdearen garapenak; ez du inplikatu nahi. Bere interesen alde egin du, herritarrenak bazter utzita», salatu du Tederreko presidente Carmen Puertak. Nafarroako Hitza Ruiz de Alda alkatearekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.
Hamaika erakunde
Lizarrako Udaleko agintarien eta Teder elkarteko kideen arteko harremana nahasia izan da azken urtean, baina PSNk bultzatu du, batez ere, elkartea uzteko prozesua. Lizarrako PSNk, hain zuzen, Tederreko estatutuak aldatzeko proposamen bat ondu eta aurkeztu zuen iazko urrian. Elkarteko arduradunek sozialisten jokatzeko modua kritikatu dute, PSNk ez dituelako egin estatutuak aldatzeko elkarteko araudiak zehazten dituen urratsak. Puertak nabarmendu du egungo estatutuak 2019an onartutako berak direla, «oinarrian», eta onartu zituztenean «inork» ez zuela kontra egin. «Lizarrako egungo udal gobernu taldeak ardura hori hartu zuen une berean erabaki zuen Teder utziko zuela. Ez dugu batere harremanik izan, ez baitute gurekin deus ere egin nahi izan. Erraten dute Lizarra ez dagoela behar bezala ordezkatua elkartean, baina hori aitzakia hutsa da», gaineratu du Puertak.
Teder elkartean hamaika erakunde publikok eta pribatuk bat egiten dute. Estatutuen arabera, entitate bakoitzak boto bat du, eta batenak ez du bertzearenak baino pisu handiagoa. Sistema hori da, antza, Lizarrako Udala Tederretik ateratzeko botoa eman duten talde politikoek zalantzan jarri dutena. «Orain jarri dute zalantzan; 28 urtez horrela aritu gara, eta inork ez du sistemaren aurka egin», berretsi du Tederreko presidenteak.
Zenbait herritar, Lizarrako Kale Nagusian, abuztuan. IÑIGO URIZ / FOKU
Lizarrako Udalak 2023an sinatu zuen Tederrekin lotzen zuen azken kontratua, lau urterako. Hori dela eta, EH Bilduko zinegotzi Kolomok «kezka» agertu du udalak entitatea utzi izanak eragin ditzakeen ondorioei buruz. «Lizarrak bazuen konpromiso bat Tederrekin; elkartetik atera eta gero, ez dago argi orain zer gertatuko den. Egoera batere aztertu gabe hartu dute Teder uzteko erabakia», salatu du.
Tederren etorkizuna ere zalantzaz beteta dator. Izan ere, PSN agintean da elkartearen barruan dauden bertze hainbat udaletan, eta ikusteko dago horiek ere utziko ote duten. Aldi berean, Tederrek bere gobernantzari buruzko parte hartze prozesu bat hasi du. Lizarrako Udalak elkartea uzteko eztabaida egin zuen egun berean abiatu zuen Tederrek parte hartze prozesu hori, urtarrilaren 16an. Hasieran, Lizarrako Udalaren asmoa zen prozesuan parte hartzea, baina, azkenean, auzia osoko bilkurara eraman, eta Teder uztea erabaki zuen. «Ez dugu deus ere ulertzen», erran du Kolomok.
Turismo Partzuergoa, egoitzarik gabe
Teder elkartea uzteko erabakiarekin batera, bertze bat hartu du Lizarrako Udalak, urtarrilaren 16ko osoko bilkuran: egoitzarik gabe utziko du Lizarrerriko Turismo Partzuergoa. Udalak erabaki du bertan behera uztea partzuergoarekin zuen kontratua, UPNren, PSNren eta PPren aldeko botoekin. Kontratu horren bidez, partzuergoak orain arte Lizarrako autobus geltokiko areto bat erabili izan du egoitza gisa. UPNk, PSNk eta PPk salatu dute Lizarrerriko Turismo Partzuergoak «Lizarrako Udalaren kontra» egin duela. Bertzelakoa da, ordea, gainerako taldeen iritzia, eta gogor kritikatu dute egoitza kentzea.