Nafarroako industriaren aldeko manifestaraziora deitu dute otsailaren 16an, Iruñean

Nafarroako industriaren aldeko manifestaraziora deitu dute otsailaren 16an, Iruñean

«Enpresek eraso egin diete gure lanpostuei, eta beharrezko ikusi dugu arazo komun horri erantzuteko elkartzea». Zazpi enpresa batzordeetako ordezkariek eskaera bateratua egin diete industriako langileei, sindikatuei, gizarte eragileei eta «oro har Nafarroako gizarte osoari». Otsailaren 16an, 12:00etan, Iruñeko Golem zinema aretoetatik irtengo den manifestaziora deitu dute, Denok elkarrekin industriaren etorkizunaren defentsan lelopean. Manifestazio «historikoa» izatea nahi dute.

BSH, Sunsundegui, Siemens Gamesa, Volkswagen Nafarroa, Nano Automotive, Tasubinsa eta Tenerias Omega enpresetako langileen batzordeak elkartu dira deitzaileak. Milaka langile ordezkatzen dituzte, baina euren berezko egoeraz harago, lurraldeko industriaren egoeraz ohartarazi nahi izan dute. BSHren Ezkirozko lantokiaren sarrera hautatu dute mezua zabaltzeko, Alemaniako zuzendaritzak ekainean lantokia ixteko egoera iragarri baitu. 

«Enpresak lotsarik gabe datoz eta milaka familien bizitzak errotik aldarazten dituzte kolpean. Ezin dugu hori onartu». 

ALFREDO MORALES VW Nafarroako langile batzordeko burua

BSHz gain, gainerakoek ere ziurgabetasun egoerak dituzte. Sunsundeguik hartzekodunen konkurtsoan jarraitzen du eta ez du inbertitzailerik topatu. Siemens Gamesak 200 langile inguru kaleratzeko asmoa du —tartean Sarrigurenen eta Zamudion (Bizkaia)—. Tuterako Nano Automotiven hartzekodunen konkurtsotik ateratzeko akordioa lortu zen 2023an, baina berriro arazoekin dabiltza. Villatuertako Tenerias Omegak, berriz, itxiera iragarri zuen irailean, eta 79 lanpostu kolokan daude. 

VW Nafarroak, berriz, elektrifikaziorako trantsizioari aurre egiteko aldi baterako espediente batean daude langile ugari. Alfredo Morales (UGT) batzordeko buruaren arabera, «inor ez dago libre, edonori gerta dakioke». Gogora ekarri du VWen ere egoera zailak izan dituztela eta orain une txarrak bizi dituztenen alboan egon behar dela. «Enpresak lotsarik gabe datoz eta milaka familien bizitzak errotik aldarazten dituzte kolpean. Ezin dugu hori onartu. Pertsonak eta euren etorkizuna jarri behar dira erdigunean».

Gogoetak industriaz

Nafarroako industriak %30eko pisua du BPGan eta ustez sendo dago. Itxurazko kontraesan horri buruz galdetuta, BSHko Juanjo Hermoso de Mendozak (LAB) erantzun du «nazioarteko testuinguru geopolitikoak» bere eragina duela enpresen erabakietan. «Datu on bat izateak ez du esan nahi munduko korronte horrek ez duela Nafarroan joko».

BSHko langileetako bat manifestazioaren deialdiaren kartelari helduz. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Uneotan industria legea eztabaidatzen ari dira, eta oraindik onartzeko bide luzea geratzen bazaio ere, beste gogoeta bat egin dute ordezkari sindikalek. «Enpresen aktibo nagusia langileak dira eta enpresek erantzukizun bat izan behar dute. Hori horrela dela bermatu behar du legeak. Egungoa baino anbizio handiagoa izango duen legedia behar dugu», adierazi du Hermoso de Mendozak. 

«Enpresen aktibo nagusia langileak dira, eta enpresek erantzukizun bat izan behar dute. Horri horrela dela bermatu behar du legeak»

JUANJO HERMOSO DE MENDOZArBSH-ko langile batzordeko burua

 

«Ekonomikoki eta beste hainbat arlotan laguntzak jasotzen dituzte enpresek, eta administrazioak eta enpresek bermatu egin behar dute industria lan egiten duten langileen etorkizuna», gaineratu du Moralesek.