Ana eta Maria Irisarri ahizpek (Iruñea, 1982 eta 1989) Goxo Latte beren kafetegiaren lehen urteurrena ospatu zuten urtarrilaren 27an. Goxo Latte Iruñeko Donibane auzoko Martin Azpilkueta karrikaren 17.ean dago, eta, ireki zutenetik, topagune eta erreferente bilakatu da auzokideentzat. Ez da taberna edo kafetegi huts bat, garagardo bat, pintxo bat edo kafe bat hartzeko: Irisarri ahizpek liburu aurkezpenak, hitzaldiak, erakusketak eta bertze antolatzen dituzte, auzoa sendotzeko asmoz. Bezeroei kasu egin bitartean erantzun diote Nafarroako Hitza-ri
Lehen urtea bete duzue Goxo Latten. Zer moduzkoa izan da?
ANA IRISARRI: Hagitz kontent gaude. Lehen urtea hagitz zaila da edozein negoziotan. Anitzek ez dute aurrera egiten. Guk lanean jarraitzen dugu, eta pozik gaude. Auzokideek harrera beroa egin digute, eta horrek bete gaitu.
Zer oroitzen duzue lehen egunaz?
MARIA IRISARRI: Hasierako urduritasuna, batez ere. Tokia atontzeko lanak amaitu gabe zehaztu genuen irekitzeko eguna.
ANA IRISARRI: Ongi lan egiten dugu presiopean! Urduri geunden, ez baikenekien zenbat jende etorriko zen, jendeak tokia gustukoa izanen ote zuen… Azkenean, harrera ezin hobea egin ziguten, eta jende guztia gustura egon zen. Jende anitz etorri zen.
Frankizia bateko kafetegi bateko arduradun izan zarete aurretik, karrika berean. Zergatik erabaki zenuten aldatzea?
ANA IRISARRI: Frankizia batek babes sare bat ematen dizu. Kafetegi handi bat genuen, eta anitz ikasi genuen gisa horretako negozio bat kudeatzeko lanari buruz. Baina guk bertze zerbait nahi genuen, bide propio bat egin, eta hori ezinezkoa zen frankiziaren barruan, markatzen dizuten bidetik egin behar baituzu aurrera.
«Guk bertze zerbait nahi genuen, bide propio bat egin, eta hori ezinezkoa zen frankiziaren barruan»ANA IRISARRI Iruñeko Goxo Latte kafetegiko arduraduna
Bertze zerbait egin nahi zenuten: zer?
MARIA IRISARRI: Donibane auzoaren parte izan nahi genuen, eta auzoari eman, auzoak ere guri ematen digun neurrian. Topagune bat sortu nahi genuen, eta gure proiektua esparru kultural eta sozial batera zabaldu. Auzoa sendotzeko toki bat nahi genuen.
ANA IRISARRI: Auzoa sendotu nahi dugu, denentzat irekia dagoen toki bat sortu, eta uste dugu lortu dugula.
Zer eskaintzen duzue?
ANA IRISARRI: Auzoa ezagutzen genuen, ni 2019an hasi bainintzen Donibanen lan egiten, eta horregatik erabaki genuen Goxo Lattek Donibanen egon behar zuela. Bertze edozein auzotan ez genuke gisa honetako proiekturik zabalduko. Baina Donibane ezagutzen dugu, eta auzo hau hagitz bizia da. Bizitasun hori baliatu dugu, eta, gainera, elikatu. Hitzaldiak egin ditugu, liburu aurkezpenak, erakusketak…
Donibanen jende zahar anitz bizi da. Haiek ere badute tokirik Goxo Latten?
ANA IRISARRI: Bai, toki nabarmen bat gainera. Zahar anitz daude auzoan, eta badakigu horietako batzuk bakardadeak jota daudela. Horretaz ohartu nintzen pandemia garaian. Zahar anitzentzat, ogia erosteko tartea zen norbaitekin hitz egiteko aukera bakarra. Pandemia gogorra izan zen, baina auzokideekin nuen harremana estutu egin nuen orduan.
MARIA IRISARRI: Ana hor zegoen, jende horri entzuteko prest, egunero.
ANA IRISARRI: Auzoan bada programa bat bakarrik dauden zahar horiek bat egin dezaten, eta, orain, Goxo Latten biltzen dira, astean behin. Duela urtebete, ez zuten elkar ezagutzen, eta, orain, astelehenero etortzen dira gurera askaltzera eta elkarrekin egotera. Horrek anitz pozten gaitu.
Iruñeko Donibane auzoko Goxo Latte kafetegiko barra, urtarrilaren 31n; etxeko tartak eskaintzen dituzte, bertzeak bertze. IÑIGO URIZ / FOKU
Zaila da auzoa sendotzeko lan hori? Ahalegin handia eskatzen dizue?
ANA IRISARRI: Zaila da, lan handia egin behar baitugu, eta ez da erraza barraren atzeko lanarekin uztartzea. Proiektuak sortzea eta garatzea gustatzen zaigu, baina negozioa kudeatzeko lanak ez digu uzten hori egiteko behar dugun denbora guztia.
MARIA IRISARRI: Etxeko tartak eta pastelak egiten ditugu, hau da, barran ere saiatzen gara eskaintza berezi bat egiten. Esparru sozial eta kultural hori lantzeko, gauza anitz egin nahi ditugu, baina dena berehala egiteko ezinean gabiltza.
ANA IRISARRI: Irakurketa talde bat sortu nahi dugu, adibidez, baina oraindik ezin izan dugu martxan jarri. Badugu bertze proiektu bat ere, gazteek eta zaharrek bat egin dezaten, eta kafe baten bueltan elkarrekin hitz egiteko aukera izan dezaten. Ideia badugu, baina nola garatu zehaztu behar dugu oraindik. Bertzalde, egun jakin batzuen inguruko proiektu batzuk ditugu.
Zer proiektu?
ANA IRISARRI: Martxoaren 8ari buruzko erakusketa bat hartuko dugu. Auzoko emakume talde batek guregana jo du, eta, noski, baietz erran diegu. Bertzalde, maiatzaren 28an Osasun Menstrualaren Eguna da, eta gai hori landu nahi dugu.
MARIA IRISARRI: Iaz Liburuaren Eguna ospatu genuen, eta aurten ere eginen dugu.
«Auzoaren parte izan nahi genuen, eta auzoari eman, auzoak ere guri ematen digun neurrian»MARIA IRISARRI Iruñeko Goxo Latte kafetegiko arduraduna
Kafetegian txoko bat duzue liburuentzat. Zergatik?
MARIA IRISARRI: Haurrei gustura egoteko zerbait eskaini nahi genien. Liburuak eta jostailuak ditugu haientzat, bai eta helduentzat ere. Ahizpak eta biok seme-alabak ditugu, eta badakigu zer den haiekin kafetegi batera joatea. Denetarik eraman behar duzu asper ez daitezen.
ANA IRISARRI: Zaharrak etortzen dira, eta haurrak eta gazteak ere bai. Zaharrek auzoan kontsumitzen dute, auzoan egiten dute bizia, eta gazte anitzek ere auzoaren aldeko hautua egin dute. Transmisioa izan da, eta hori ona da, hori behar baitugu auzoa sendotzen jarraitzeko.