Ez dira ezezagunak; ez dira kasu bakanak; ez dira munstroak. Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuak sustatutako lan batean emakume gazteen aurkako sexu indarkeria aztertu dute, lehen aldiz, eta agerian utzi dute erasotzaile gehienak emakumeen hurbileko gizonak direla. NUPeko irakasle eta ikertzaile Rut Iturbidek koordinatu du azterlana, eta Leonor Canals, Nayaded Labbe eta Leire Martinez ikerlariek parte hartu dute.
Iturbidek nabarmendu du ezinbertzekoa dela auziaren muinari arreta jartzea, arazoari aurre egiteko, eta, ahal den neurrian, prebenitzeko, eta, aldi berean, erasoaren erantzukizuna emakumeei ez egozteko aurrerantzean. Hain zuzen, auziaren muina maskulinitate hegemonikoa da, emakumeak gizonen menpeko objektu huts bilakatzen baititu. «Ordua da maskulinitate hegemonikoa erdigunean eta zalantzan jartzeko. Arazoa egiturazkoa da», erran du.
Iturbidek eta gainerako ikerlariek Iruñeko Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroan artatu dituzten emakume gazteekin osatu dute azterlana. Erasoren bat jasan duten andreekin hitz egin dute, eta gazte horiek artatzen dituzten profesionalekin ere bai. Poliziek eta epaitegiek jasotako datuak aztertu dituzte, gainera. Datu horiek, baina, errealitatearen «parte txiki bat» baino ez dute islatzen: «Oro har, emakumeen aurkako indarkeriaren %20 baino ez da salatzen, eta ehunekoa are txikiagoa da sexu indarkeriako kasuez ari bagara», azaldu du Iturbidek.
«Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroan sarbidea unibertsala da: ez da beharrezkoa salatzea»
SARA SAN JULIAN Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko Gobernantza zuzendariordea
Hark erantsi du sexu erasoen berri errazago ailegatzen dela arreta integraleko zentroaren gisako gune espezializatuetara, polizia etxeetara eta epaitegietara baino. «Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroan sarbidea unibertsala da: ez da beharrezkoa erasoa polizia etxean edo epaitegian salatzea, eta berdin du guregana jotzen duten emakumeak administratiboki zertan diren», azpimarratu du Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko Gobernantza zuzendariorde Sara San Julianek.
«Hagitz naturalizatuak»
Anitzetan, erasoren bat jasan duten emakumeak berriz biktimizatzen dituzte polizia etxeetan eta epaitegietan. Hori ez da, halere, erasoa ez salatzeko arrazoi bakarra: «Bada epaiketa sozial bat ere, eta familiarena; emakumeari egozten zaio erantzukizuna, eta lotsa eta errua sentitzen ditu, anitzetan. Edan ote zuen, zer arropa zuen eta gisakoak galdetuta, emakumea bilakatzen dugu jasan duen erasoaren erantzule», azaldu du Iturbidek. «Gainera, sexu indarkeriak hagitz naturalizatuak daude; gizarteak naturalizatzen ditu. Arreta integraleko zentrora jo duten emakume anitzek umetan jasan zituzten sexu erasoak».
Indarkeria naturalizatzen denean, zaila izan daiteke erasoak identifikatzea. «Are gehiago, erasotzailea hurbilekoa denean. Eta erasoen %89tan erasotzailea emakumearen hurbileko gizon bat izaten da: laguna, senidea, mutil laguna, entrenatzailea izan daiteke, eta hagitz zaila izaten da ohartzea pertsona horrek eraso egiten dizula», berretsi du Iturbidek.
Nafarroako Gobernuak emakume gazteen aurkako sexu indarkeriari buruz egindako txostenaren aurkezpena, urtarrilaren 27an, Iruñean. Ezkerretik hasita, Patricia Abad Nabiko zuzendaria, Felix Taberna Nafarroako Gobernuko lehendakariordea, Rut Iturbide ikerlaria, eta Sara San Julian Nabi Nafarroako Berdintasun Institutuko Gobernantza zuzendariordea. MIGUEL OSES-NAFARROAKO GOBERNUA
Azterketan ohartarazi dute egungo sistema arrazistak eta patriarkalak sustatzen duela erasotzaile ezezagunaren irudia, kontakizun horren bidez emakumeen gaineko kontrola ezartzen ahal duelako: «Utzi egin behar diogu emakume gazteak izu sexualean hazteari; karrikan ibiltzeko eta leku publikoak okupatzeko izua sustatzen da, emakumeok ez gaitezen subjektu sozial izan», esplikatu du San Julianek. Erasotzaile ezezagun hori, gainera, ez da «edozein» ezezagun, Iturbidek zehaztu duenez: «Erasotzailea ez da hemengoa: migratzailea da, edo Sevillakoa. Nafarroan taldekako bortxaketak gertatzen dira, baina erasotzaileak Sevillakoak direla erraten dugu. Edo gaixo daudela, edo munstroak direla… Auzia desitxuratzen ari gara».
Ez desitxuratzeko, hain zuzen, gakoak erdigunean jartzea «ezinbertzekoa» da, Iturbidek eta San Julianek berretsi dutenez, eta nabarmendu dute gako nagusia, ezbaian jarri eta landu behar dena, maskulinitate hegemonikoa dela. «Sexu indarkeriaren erantzukizuna dagokion tokian jarri behar dugu: maskulinitate hegemoniko horretan hazi diren gizonengan, hain zuzen. Elkar babesten dute, isiltasun itun baten bidez. Itun hori indarrean da gizon batek emakume bati ipurdia ukitzen dionean, emakume horrek atzera begiratu eta gizon guztiek barre egiten dutenean», azpimarratu du Iturbidek.
«Emakumeen aurkako indarkeriaren %20 baino ez da salatzen, eta ehunekoa are txikiagoa da sexu indarkeriako kasuetan»
RUT ITURBIDE NUPeko irakaslea eta ikerlaria
Horren ondorioz, San Julianek eta Iturbidek garbi dute gizonekin lan egin behar dela sexu indarkerien auziari aurre egiteko. «Baina lan hori ezin da edonola egin», erran du Iturbidek. «Gizon batzuk elkartzen dira gustuko ez dituzten patriarkatuaren ezaugarrien inguruko lan bat egiteko; elkar besarkatzen ikasten dute, eta emozioak adierazten. Hori ongi dago, baina ez lanketa hori ez da feminista, ez baitituzte euren pribilegioak zalantzan jartzen, eta hori behar dugu».
Lanketa feminista hori behar dela nabarmendu du Iturbidek, formakuntza sustatu behar dela, eta ikuspuntu feminista batetik egin ere. Gainera, uste du prebentzioa landu behar dela, eta sexu heziketaren esparruan urratsak egin. Hori guztia, ikuspuntu feminista batetik.
Zenbat salaketa jarri dituzten. Iaz Nafarroan 369 salaketa jarri zituzten emakumeen aurkako sexu erasoengatik; %70, 30 urte baino gutxiagoko andreenak.
Zenbat emakume artatu dituzten. Iazko apirilean ireki zuten Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa, Iruñean; geroztik abendura bitarte, 330 emakume artatu zituzten.