Mila urteko historia dago gordeta Nafarroako Artxibo Nagusiko pareten artean. Felix Segura da bertako zuzendaria (Iruñea, 1974), eta, adierazi duenez, artxiboaren xede nagusia herritarrentzat eskuragarri egotea da, idatzizko memoria kontserbatzeaz gain. Iruñean du egoitza, eta jarduera eta erakusketa asko antolatzen dituzte helburu hori lortzeko. Iaz errekor guztiak hautsi zituzten: inoizko bisitari kopuru handiena jaso zuten, ia 39.000 lagun —38.821, zehazki—.
2024a urte ona izan zen Nafarroako Artxibo Nagusiarentzat, ezta?
Bai. 2022an, COVID-19aren pandemiatik ateratzen ari ginela, 30.000 bisitari izan genituen, eta hori, dagoeneko, mugarri bat izan zen. Oso garrantzitsua eta harrigarria izan zen, kontuan hartuta zer garai zen. Orain, bi urte geroago, 38.000 bisitari izan ditugu. Bi kasuetan erakusketei esker izan da, batez ere. Badaude gizartearengan interes berezia pizten duten gai jakin batzuk. Aurten Rockanrolari, XX. mendeko nafar rocka erakusketari esker gertatu da hori. Bisitari asko erakarri ditu. Izan ere, artxiboaren historian gehien bisitatu den erakusketa izan da: 15.000 lagunek ikusi zuten.
Zure ustez, zergatik izan zuen arrakasta?
Uste dut erakusketa horrek orain arte artxiboa ezagutzen ez zutenak erakarri zituela. Artxiboa Erdi Aroko garaietako informazioa zuen eraikin instituzional gisa ikusten zuten askok, eta ez zuten bisitatzeko interes berezirik. Gaur egungo Nafarroako musikaren inguruko erakusketa horrek, ordea, pertsona horiek erakarri ditu. Ikusi dute artxiboan mota guztietako erakusketak egiten direla, ez bakarrik iragan urrunekoak, eta Nafarroako ibilbide historiko guztia ezagutzeko eremua dela. Publiko berria etorri da, eta orain publiko hori harrapatzen saiatu behar dugu, beste jarduera batzuetara etor daitezen.
«Jendeak ikusi du du Artxibo Nagusian mota guztietako erakusketak egiten direla, ez bakarrik iragan urrunekoak»
Erakusketez aparte, zertara dator jendea artxibora?
Bereziki, dokumentazioa kontsultatzera dator jendea. Dokumentazioa artxiboko kontsulta gelan eta irakurketa gelan kontsultatzen da. Publikoari arreta ona ematea da gure oinarri nagusia, eta horretan egiten dugu ahaleginik handiena.
Tailerrak ere antolatzen dituzue.
Bai. Bi motatako tailerrak egiten ditugu, eta dokumentazioa kontsultatzera datozen erabiltzaileentzat dira. Alde batetik, lehenengo aldiz artxibora datozen pertsonentzako tailer bat dugu, artxiboan jarduteko oinarrizko jakintzak izan ditzaten. Beste aldetik, paleografia tailerra eskaintzen dugu, eskuz idatzitako antzinako dokumentazioa irakurtzen ikasteko.
Nola bisitatu daiteke artxiboa? Bisita gidatuak egiten dituzue?
Larunbat goizetan erakusketak ezagutzeko bisita gidatuak egiten ditugu. Horretaz gain, astelehenetik ostiralera instalazioak ikusteko bisitak antolatzen ditugu. Kasu horretan, taldeei zuzendutako bisitak dira: hezkuntza alorreko taldeak, talde kulturalak, erakundeak… Gero, artxiboen nazioarteko astean, bisita libreak egiteko aukera dago, ezein kolektiboko kide ez diren lagunek artxiboa bisita dezaten. Ekaineko lehen astean izaten da hori.
Zein da Nafarroako Artxibo Nagusiaren helburua?
Mila urteko historian Nafarroan sortu den dokumentu ondarea eta idatzizko memoria kontserbatzea da gure helburu nagusia. Dokumenturik zaharrenak XII. mendekoak dira, eta berrienak XXI.ekoak. Dokumentazio hori gorde nahi dugu, eta gizarte osoarentzat eskuragarri jarri. Ez du zentzurik informazio hori guztia gordeta izatea interesa dutenek ezin badute kontsultatu.
«Paleografia tailerra eskaintzen dugu, eskuz idatzitako antzinako dokumentuak irakurtzen ikasteko»
Danserie Ensemble musika taldeak, berriki, Bernat Etxepareren datu ezezagun batzuk argitara eman zituen, eta, hain zuzen, zuen artxiboan topatu zituen. Halakoak gertatzen zaizkizue?
Harrigarria da batzuetan, uste dugulako dokumentaziorik zaharrena —Erdi Aroko informazioa— guztiz ordenatua eta azalduta dagoela. Nahiz eta gehienetan horrela den, eta katalogazio maila nahiko zehatza den arren, batzuetan gertatzen dira Danserie Ensemblerena bezalakoak, eta sorpresak hartzen ditugu. Oso pozgarria da, historiari egindako ekarpen bat delako.
Zeintzuk dira artxiboaren egiteko nagusiak?
Publizitatea da gure ahulgune nagusia. Jarduera asko egiten ditugu, baina ematen du jarduera horiek ez direla publikora iristen. Hori da, batez ere, hobetu behar duguna. Orain webgunea berritu dugu, guztiz zaharkituta geneukalako. Urrats bat eman dugu alor horretan. Ea berritasunekin jende gehiagorengana irits gaitezkeen.
Zaila izango da iazkoa gainditzea. Zer espero duzue aurtengorako?
Oso zaila izango da iazko datuak errepikatzea eta Rockanrolari erakusketak lortu zuena gainditzea. Hala ere, erakusketa bat dugu aurreikusia urte amaierarako, eta uste dugu arrakasta handia izango duela. Une honetan Tenplarioak eta ospitalarioak Erdi Aroko Nafarroan dago ikusgai, eta horren ondotik beste bat jarriko dugu. Dena ondo badoa, irailetik urte amaiera arte Karlos III.aren inguruko erakusketa bat izango dugu. Aurten seiehun urte betetzen dira Karlos III.a hil zela, eta, horregatik, erakusketa bat prestatuko dugu haren erregealdiko dokumentu eta pieza artistiko garrantzitsuenak erakusteko. Espero dugu aurten ere maila ona ematea.