Zortzi urte nituela hasi nintzen pianoa jotzen. Astero entseatzen nuen eta ilusio handia jartzen nion, emanaldi irekiak heltzen ziren arte. Orduan dena okertzen zen, publiko aurrean jesarri eta partitura osoa jotzea sekulako esfortzua zen niretzat, eta barne urduritasunak nire gaitasuna erakustea baldintzatzen zuen. Izan liteke uste bezain gaizki ez egitea, baina amaitzerakoan porrot sentsazioa besterik ez nuen atzematen.
Hiru hilean behin jarraipen informe bat eramaten genuen etxera, gurasoek jakin zezaten nola ari ginen. Oroitzen naiz nola horietako batean irakasleak, beste puntu askoren artean, hurrengoa zioela: «Espektatiba handiegiak ditu». Urte dezente igaro dira ordutik, baina gordea dut ohar hura.
Lorpenak gogo biziz partekatzen ditugu; irabazten dugunean, munduak jakitea gustatzen zaigu. Porrota, ordea, ezkutatzen dugu. Intimitatean huts egiten badugu, norberak ahal bezala kudeatzen du; aldiz, akatsa publikoa denean, pisua biderkatu egiten da. Goi mailako kirolariek, adibidez, ongi dakite zer den hori. Erabakigarria den penalti bat huts egiteak, titulu bat lortzeko presioa kudeatzeko gai ez izateak edota unerik zailenean lehiaketatik kanpo utzi zaituen lesio bati aurre egiteak porrot hori sentitzera eramaten zaitu. Eta kasu horretan porrota irekia da, partekatua, edonork ikusi, komentatu, aztertu eta kritikatzeko modukoa.
Arazoa da inork ez digula porrota kudeatzen irakatsi. Kulturalki, kosta ahala kosta saihesteko hezten gaituzte, bidean okertzea lotsatzeko motiboa izango balitz bezala. Porrota ezkutatu, estali, minimizatu edo, are okerrago, zigortu egiten da, baina huts egitea ez da zertan behar adina ahalegin edo talentu jarri ez izanaren seinale.
Beldur diogu erridikulua egiteari, presioari eta espektatiba propio zein kanpokoak ez betetzeagatik epaituak izateari. Eta beldur horrek geldiarazten gaitu, erraz jartzen baititugu gure gaitasunak zalantzan.
Eta gure ahala etengabe erakusteko behar horretan harrapatuta, besteek txalotzea dugu helburu inkontzienteki
Tristura, frustrazioa edo beldurra sentitzen ikastea beharrezkoa da. Eta kasu askotan, arazoa ez da bizitzen ari garen porrota bera, baizik eta guk geuk aurretik markatu dugun itxaropen edo helmuga.
Sentsazioa dut besteei hau eta bestea egiteko kapaz garela erakusteko helburuarekin tematuta bizi garela. Eta gure ahala etengabe erakusteko behar horretan harrapatuta, besteek txalotzea dugu helburu inkontzienteki. Aintzatespenarekin eta sariarekin obsesionatuta gaude, baina zer gertatuko litzateke kanpo onespenari uko egingo bagenio? Norbere oztopoak gainditzeko gogobetetzeak, aurrerapen pertsonalak, nahikoa sari izan beharko luke.
Gure espektatibak betetzen ez ditugun bakoitzean ikasten dugu. Eta askotan, porrota hobea izango den zerbaitetarako zubia izan daiteke. Non gauden onartu, eta hortik bertatik aurrera egin. Agian, pianoko irakasleak arrazoi zuen, espektatiba handiegiak ditugu maiz. Saia gaitezen, beraz, bideaz gozatzen eta ahal dela, hutsegiteak soseguz hartzen.