Aurreko zutabe batean ulertu hitzaren adiera berezi bat ekarri nuen gogora: desio homosexuala izatea, hain zuzen ere. Gaurkoa ez da horren bigarren kapitulu bat. Hitz berak beste toki batzuetara eraman nau oraingoan, eta horietara bidaiatzea proposatu nahi dizuet.
Berriozarko Entzunaretoan hasten da bidea, otsailaren 27an. Miquel Misse soziologo transexualak hitzaldi argigarria eman du. Genero aginduek denoi eragiten digutela ederki azaldu du, transa edo zisa (ez-transa) izan, antzeko deserosotasunak bizi ditzakegula… Hori eta askoz gehiago azaldu du. Ondoren, publikoari eman dio hitza. Eta orduan, beharbada genero kontuetan nahiko berde dagoen batek, Miqueli eskerrak eman ondoren, hausnarketa edo galdera den ez dakigula, zera bota du: berak ez duela «ulertzen» pertsona bat, bere gorputza genero batekoa izanda, beste genero batekoa sentitzea.
Ondoan eseria dudan lagunak ezin izan dio haserreari eutsi eta erantzungo liokeena esan dit, ahapeka: «Ez duzu ulertu behar, errespetatu egin behar duzu, babo halakoa». Zorionez, Misseri egokitu zaio erantzutea, ez lagunari. Pazientziaz egin du, atseginez eta bere parte hartzea eskertuz. Izan ere, azaldu du hizlariak, jendeak beldurra dio politikoki zuzena ez izateari, eta ez da ausartzen horrelakoak planteatzera. Eta komunikazioa galtzen da. Guztiz ados nago berarekin, eta eskertu dizkiot tonua eta ulerrarazte saiakera. Nik, eta uste dut Miquel iritzi berekoa zela, ez nuen errespetu faltarik ikusi.
Laguna ulertzen dut. Nazkatuta dago. Bollera eta lodia da. Errespetu falta izugarriak jasan ditu. Feminista batzuk ere ulertzen ditut, sutan jartzen direnean. Neuri ere aurpegirik itsusiena aterarazi dit mila aldiz kontu berdinak entzun beharrak. Neka-neka eginda gaude ulertu ezinaren mantraz, azalpenak guk eman behar izateaz. Eta arrazoi du lagunak errespetua eskatzen duenean. Ez dugu ulertuak izan nahi, errespetatuak baizik. Ados. Baina, logika berean, norbaitek ez duela ulertzen esaten digunean, horrek ez du esan nahi errespetatzen ez gaituenik. Bi ekintza hauen artekoaz hausnartzen aritu naiz, harremana dutelako intuizioa baitut. Euskaraz badugu errespetatu esateko modu eder bat: aintzat hartu. Zarena zarela eta zaren bezalakoa. Ulermenetik oso gertu kokatzen gaitu. Aldi berean, bestetasuna onartzen du.
Ulertzea dena ezin dugula ulertu, misterioa bizitzaren parte dela, gozagaia, aberastasuna. Pentsa dezagun poesian, musikan…
«Ez dut ulertzen» ate itxi bat izan daiteke, baina nahi dut pentsatu gehienetan «ulertu nahi dut» esan nahi duela. Bizipen ederrak eta desatseginak izan ditut ulertzen ez dutenekin: ulertu nahiak edo nahi ezak bereizten ditu. Erraz atzeman daiteke aurrean duzuna non kokatzen den.
Eta badago ulermenik ezarekin harremantzeko hirugarren jarrera posible bat, niretzat, guztietan interesgarriena: ulertzea dena ezin dugula ulertu, misterioa bizitzaren parte dela, gozagaia, aberastasuna. Pentsa dezagun poesian, musikan, naturak ematen digun bakean edo bi pertsonen artean sortzen den kimikan.
Frustraziora eraman gaitzake batzuetan, baina ez gaitezen geltoki txar horretan luzaroan egon. Jarrai dezagun bidaia, eta goza dezagun.