Atzerako begirada prostituzioari

Atzerako begirada prostituzioari

Burdinazko hesi bat eta etxeen artean dagoen kale luze eta itxi bat. Iruñeko Portalapeko belena da. Sarreran jendea prest da, Amaia Nausia Pimoulier historialariak gidatuta, bostehun urte atzera egin eta prostituzioaren historian murgiltzeko. Nolakoa zen Iruñea duela bost mende? Nortzuk ziren sexu langileak? Zergatik? Non aritzen ziren? Zer-nolako tresnekin zigortzen zituzten? Galdera horiek eta beste asko erantzun zituen Nausiak otsailaren 28an, Iruñean egindako Putak saioan. Iruñeko Antartika kulturguneak, Katakrakek, Geltokik eta Teatrolari antzerki eskolak antolatutako Klandestinak zikloko bigarrena izan da. Nausiak egindako bisita gidatuarekin hasi, eta Laura Penagos Rodriguezen Putaren Bakarrizketa Eroetxean ikuskizunarekin amaitu da.

Ez da kasualitatea ekitaldia Portalapeko belenan lotu izana. Izan ere, Nausiak azaldu duenez, Portalapeko, San Frantziskoko, Gazteluko plazako belenak eta gisakoak erabiltzen zituzten prostituziorako. Nausiak irudimena baliatzeko eskatu die bisitan parte hartzen ari direnei, eta duela 500 urteko Iruñea irudikatzen saiatzeko. Garai hartan, 8.000 biztanle inguru zeuden hiriburuan, eta 150.000 Nafarroan. Orduko Iruñea, gainera, harresiz inguraturik zegoen. «Konkistaren ostean, merkatariz eta soldaduz bete zen hiria. Haiek erabiltzen zituzten prostituten zerbitzuak», kontatu du.

Emakumeak, etxean

Nabarmendu du historia «gaizki» kontatu dutela: «Pizkundea oparotasunarekin lotzen ohi da; norentzat izan zen oparoa? Emakumeentzat ez. Atzerapauso asko eman ziren». Aro Modernoaren eraikuntzak gizartearen «homogeneizazioa» eragin zuela azpimarratu du. Horren ondorioz, hizkuntza, erlijio eta familia eredu bakarra eta zenbait lege ezarri zituzten: «Argi zegoen nolakoak izan behar zuten emakumeek: etxean egon behar zuten, familia zaindu eta gizonen beharrak asetzeko».

Prostituzioari dagokionez, orduko autoritateek esaten zuten «beharrezko gaitz bat» zela, gizonen nahiak asetzen zituelako. Orduan, permititzen bazuten ere, mugatu ere egiten zuten. Sevillan (Espainia), esate baterako, auzo jakin batzuetan edo prostituziorako etxe publikoetan baimentzen zuten. Iruñean ez zegoen horrelako etxerik, eta, ondorioz, etxe pribatuetan eta zenbait kaletan aritzen ziren: «Batez ere, bizilagunen begiradatik urrun zeuden lekuetan».

Ezkerrean, Amaia Nausia historialaria, Klandestinak zikloko ‘Putak’ saioko parte hartzaileei azalpenak ematen, Iruñeko Portalapeko belenan, otsailaren 28an. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Inguruko herrietatik Iruñera neskame gisa lan egitera joan baina lanik aurkitzen ez zuten emakume oso gazteak aritzen ziren prostituzioan. Beste batzuk alargunak ziren, edo tratu txarrengatik etxetik ihes egindakoak. «Denek argi uzten zuten behar materialengatik egiten zutela», esan du Nausiak. Horregatik, emakume pobre oro susmagarri bihurtzen zen. Beste emakume pobre batzuek bitartekari lanak egiten zituzten. 

Zigorrak

Prostituzioa mugatzeko zigor tresna ugari erabiltzen zituzten, tartean komunitatearen kontrola. Hau da, hiri txikia zenez, bizilagunek elkar ezagutzen zuten, eta, hortaz, elkar zelatatzen eta salatzen zuten. Gainera, prostituziotik aldentzen saiatzen ziren, aholkuak emanez eta egiten zutena gaitzetsiz.

Horrek funtzionatzen ez zuenean, instituzioetara jotzen zuten bizilagunek. Nausiak azaldu duenez, zigor prozesua antzekoa izaten zen kasu guztietan. Lehenengo, fiskalak bizilagunen edo auzoko nagusiaren kexak jaso ostean, gertakariaren inguruko informazioa eta testigantzak eskatzen zituen. Fiskalak ikusten bazuen delitua garai hartako arauen kontra zihoala, akusazio bat aurkezten zuen. Zigortzeko hiru bide zeuden: erbesteratzea, zigor fisikoa eta lotsa publikoa: «Kartzela ez zen helburua; prozesu judizialak iraun bitartean erabiltzen zuten tresna zen».

Lotsa publikoa sentiarazteko, euren herrietan zaldi edo asto gainean igotzen zituzten, gerritik gora biluztu eta kolpeak ematen zizkieten zigorraren zergatia azalduz. «Lotsa publikoa sentiaraztearen helburua zen emakume horiek besteentzat eredugarri izatea. Erbesteratzearen helburua, berriz, sagar ustelak besteengandik aldentzea zen, esan du Nausiak. Horrez gain, ondarea ere kentzen zieten.

«Lotsa publikoa sentiaraztearen helburua zen emakume horiek besteentzat eredugarri izatea»

AMAIA NAUSIA PIMOULIER Historialaria

Nausiak nabarmendu du prostituzioaren inguruan «gehiago» ikertu behar dela, eta begirada lekuz aldatu: «Emakumeak jartzen ditugu beti erdigunean, baina nortzuk dira bezeroak?». 

Horixe bera egiten du Laura Penagos aktoreak Putaren bakarrizketa eroetxean ikuskizunean: bezeroari erreparatu. Obrak psikiatrikoko gela batean dagoen emakume baten bizipenak jasotzen ditu. Haserrea, mina, atsekabea eta beste emozio asko islatzen ditu protagonistak, eta momentu batean ikusleen artean dauden gizon batzuei mintzatzen zaie. Isil-isilik daude denak. «Felazio bat», esan dio bati. «Bale», erantzun du. Ordaintzeko eskatu eta horrela bada ezetz esan dio. Ikuskizuna amaitzean, Penagosek kontatu duenez, publikoari hitz egin eta norbaitek erantzun duen lehen aldia izan da: «Jendea deseroso egoten ohi da. Baina hori da antzezlan honen helburua, aipatu ezin denaz hitz egitea».