«Zaila izaten da euskaraz hitz egiten duten irakasleak topatzea»

«Zaila izaten da euskaraz hitz egiten duten irakasleak topatzea»

Inmaculada Lizasoain (Tafalla, 1964) Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko Aljebra arloko irakaslea da NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Zientzia Matematikoak ikasi zituen Zaragozan (Espainia), eta doktoretza tesia egin zuen gero, NUPen. 2021ean unibertsitateko komunitatearen ararteko izendatu zuten, eta aurten berriro eman diote kargua.

Zein da unibertsitateko komunitatearen arartekoaren eginkizuna?

Hainbat funtzio ditu. Eginkizun nagusia aholkatzea da. Ikasleak etorri ohi dira, aldaketa prozesu batean dauden ikasleak; ikasketak aldatzen ari direlako, edo ikasgairen bat aldatu nahi dutelako, adibidez. Epeak, protokoloak edo prozedurak ez dituztenez ezagutzen, informazio bila etortzen dira hona. Ebaluazio irizpideen inguruan galdetzera ere etortzen dira. Banakako edo taldeko kontsultak izan daitezke, arazo indibidual batengatik, edo unibertsitatearen ebaluazio araudia benetan betetzen ez duten jardunbideak detektatzen direlako. Ondo funtzionatzen ez duten alderdiak hautemateko modu bat da, eta horiek alda ditzaketen instantziei jakinaraztekoa; errektoretzari, adibidez.

2021ean ararteko izendatu zintuzten, eta orain berriro hartu duzu kargua.

Hori da. Lau urterako zen; beraz, orain hauteskundeak egin behar izan dira berriro. Prozedura mundu guztiarentzat ireki zen, baina ez zen beste inor aurkeztu. Nik neure burua aurkeztu nuen, baina nire asmoa ez da beste lau urte egotea. Duela hiru urte unibertsitate lege berri bat ezarri zuten, eta unibertsitateko estatutuak aldatu behar dira orain, lege berrira egokitzeko. Horren ondorioz, klaustro berri bat eratuko dute, eta klaustro berria eratzerakoan, ararteko berria izendatuko dute.

Zergatik behar du unibertsitateak arartekoa?

Nik ere ez nuen oso argi iritsi nintzenean, egia esan. Baina, orain, egia da beharrezko ikusten dudala. Ikasleen inguruan hitz egin dut, baina irakasleak ere etortzen dira. Irakasle batzuk nahasturik sentitzen dira hartu diren eta eragiten dieten erabaki batzuen inguruan, agian ez direlako jabetu erabaki horiek hartu direnean. Uste dute ezin izan dutela esku hartu, eta ez dakite nola jokatu departamentuen edo fakultatearen eskema berriak ikusita. Lankideen artean gaizki-ulertuak edo desadostasunak ere izaten dira, eta hori da niretzat zailena eta mingarriena. Halakoetan, bitartekaritza lana egitea tokatzen zait. Batzuetan, ikusten badut badirela konpondu ezin ditudan gauzak, unibertsitatean dagoen arreta psikologikoko zerbitzura bideratzen ditut.

«Konfidentzialtasuna da baldintzetako bat; ezin duzu izenik eman, eta datuak zehaztasunik gabe eman behar dituzu»

Halakoetan konfidentzialtasuna eta autonomia oso garrantzitsuak dira, ezta?

Hori da, bai. Konfidentzialtasuna da baldintzetako bat. Izan ere, urte amaieran, txostena aurkezten denean, ezin dira izenak eman: datuak zehaztasunik gabe eman behar dira, nori buruz ari zaren jakin ez dadin. Eta autonomia ere oso garrantzitsua da. Arartekoa ezin da izan unibertsitate sistemaren aurka doan pertsona bat, dena aldatu eta zalantzan jarri nahi duen norbait, ez bailuke ezertarako balioko. Baina egia da perspektiba izan behar duela. Gauzak kanpotik ikusteko perspektiba izan behar du, araudian sartu diren baina funtzionatzen ez duten alderdiak antzemateko. Hala ere, ni irakaslea naiz, eta ezin dut hori ekidin. Baina uste dut hori ere garrantzitsua dela, unibertsitateak duen funtzionatzeko modua ezagutzen dudalako.

Alde handia dago ikasleen eta irakasleen artean?

Gai garrantzitsua da hori, egia esan. Uste dut irakasleok ikasleengandik hurbil egoten saiatzen garela, baina egia da ez gaituztela beti horrela ikusten. Egun, zenbait irakaslek uste dute ikasleek eskubide asko irabazi dituztela, eta horrek zorroztasuna galtzea eragin dezakeela, irakaslearen autoritate sentsazioa galtzea. Nik uste dut dena bere neurrian ikusi behar dela. Ez da elkarren aurka dauden bi talde bezala ikusi behar, baizik eta elkarrekin bizi garen bi kolektibo bezala. Gainera, interes asko ditugu komun. Prozesuen kalitatea bermatzea, adibidez. Uste dut ikasle orori interesatzen zaiola irakasle bat justua izatea gainditu duenarekin eta suspenditu duenarekin.

«Irakasleok ikasleengandik hurbil egoten saiatzen gara, baina egia da ez gaituztela beti horrela ikusten»

NUPeko ikasleek ba al dakite arartekoaren figura existitzen dela?

Hemen administrazio prozesuak oso erregulatuak daude, eta ikasle batek badaki suspenditzen duenean irakaslearen departamentura jo dezakeela. Gero, departamentuak hartu duen erabakiarekin ados ez badago, errektoretzarekin hitz egin dezakeela. Baina agian ez dakitena da arartekoaren figura existitzen dela, eta ibilbide horretan lagun diezaiekeela helegiteak ahalik eta hobekien idazten, esaterako.

Gertatu izan da unibertsitateak ikasgaiak euskaraz eskaini eta azkenean gazteleraz eman izana. Ikasleren batek jo al du zuregana horregatik?

Ez zait halakorik iritsi, agian niri alderdi akademikoetatik etortzen zaizkidalako gehiago. Badaude beste atal batzuk unibertsitate politikari lotutako gaiak lantzen dituztenak gehiago; ikasle kontseilua edo ikasle errektoreordea, adibidez. Bertan sar daiteke euskararen gaia. Uste dut unibertsitateak apustua egin nahi duela euskarazko ikasgai gehiago emateko, baina betiere unibertsitatean kalitatea bermatuz. Askotan zaila izaten da hainbat arlotan euskaraz hitz egiten duten irakasleak topatzea. Gainera, askotan ez da ikasle kopuru nahikorik izaten talde bat osatu ahal izateko.