Olga Larraiozek (Iruñea, 1969) Nasuvinsa Nafarroako lurzoru eta etxebizitza enpresa publikoan eman ditu azken urteak lanean. Administrari lanetan aritu da han, otsailaren 28ra arte. Kontratua ez diote berritu, eta karrikan gelditu da, bertze lau lankiderekin batera. Denak dira emakumeak, eta bik desgaitasunen bat dute. Larraioz da bi horietako bat. Nasuvinsako langile batzordeko presidentea izan da, ELAko kide gisa. Hedabideetara bidalitako gutun baten bidez, gertatu dena salatu nahi izan du.
Orain, beraz, langabezian zara?
Bai.
Zenbat denbora egin duzu Nasuvinsa enpresan?
Hiru urte. Duela hiru urte hasi nintzen enpresa horretan lanean. Otsailaren 28a izan zen nire azken lan eguna. Ez didate kontratua berritu nahi izan.
Zer gertatu da?
Enpresak dio arazo ekonomikoak dituela eta soldatetan gastatzen duena murrizteko beharra duela. Hori lortzeko, bost langileri ez digute kontratua berritu. Guztiak gara emakumeak; lau, administrariak. Bitxia da, karrikan gelditu garenak maila apalenetako langileak baikara, eta bik, gainera, desgaitasuna dugu. Horrek erran nahi du enpresak sariak dituela gu kontratatzeagatik. Aurreztu egin nahi dutela diote, baina kontua da egoerarik zaurgarrienean direnen aurka egin dutela. Gu kanpoan gelditu eta gero, gainera, enpresak lehen mailako sei lanpostu betetzeko deialdia egin du.
Langile batzordeko presidentea zinen zu. Uste duzu horrek eraginik izan duela?
Ez du lagundu, nik hori argi dut. Urte eta erdi eman dut langile batzordeko buru. Harremana ez da hagitz ona izan enpresako arduradunekin, baina nik errespetuz jokatu dut beti. Karguan egon naizenean, enpresako langile guztien soldaten berri jasotzen saiatu gara, baina ez dugu lortu. Enpresa publiko bat da, eta, ondorioz, jakin beharko genuke soldatak zenbatekoak diren. Kontua da maila apalenetan hitzarmenaren araberako soldatak daudela, eta nagusietan, berriz, hitzarmenak zehaztutakoa baino dexente gehiago jasotzen dute. Langile batzordekoak saiatu gara administrarien lan baldintzak hobetzen. Ez dugu ahaztu behar zerbitzu bat eskaintzen dugula.
Zer erran nahi duzu?
Etxebizitza eskubide bat da, eta behar handia duen jendea artatzea egokitzen zaigu. Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu. Enpresak ez die duten balioa aitortzen arlo horretan ari diren langileei. Denak dira emakumeak, eta baldintzarik kaskarrenak dituzte. Okerrena da Nasuvinsa enpresa publiko bat dela, baina haren jarduerak ez du bat egiten Nafarroako Gobernuak ustez defendatzen dituen balioekin. Horrek amorratzen nau.
«Karguan egon naizenean, enpresako langile guztien soldaten berri jasotzen saiatu gara, baina ez dugu lortu»
Koherentziarik ezak?
Hala da. Enpresa publiko batek egoera zaurgarrienean diren langileen aurka egiten badu, zer ez da gertatuko enpresa pribatuetan? Ustez gobernu aurrerakoi bat dugu, baina haren menpe diren enpresek ez dute hori erakusten. Martxoaren 8aren bueltan, berdintasunaz eta feminismoaz hitz egiten dute. Enpresako arduradunek argazki bat atera nahi izan zuten, Martxoaren 8arekin bat egiteko. Lankideek ez zuten batere ongi hartu. Hipokrisia horrek amorratzen nau, hori erran baina egoerarik zaurgarrienean direnak bazter uzten dituztelako.
55 urteko emakume bat zara; gainera, desgaitasuna duzu. Horrek are zailago bilakatzen du bertze lan bat aurkitzeko prozesua?
Bai, zalantzarik gabe. Beldurrak jota nago. Seme bat dut, eta hipoteka bat ordaintzeko. Desgaitasunaren esparruan enpleguarena da zailtasun nagusietako bat. Nasuvinsak desgaitasuna duten bi emakume utzi ditu kalean, eta okerrena da zentzuzko arrazoirik ez digula eman kontratua ez berritzeko. Are gehiago, enpresako giza baliabideetako arduraduna, nire arloko arduraduna eta etxebizitzako arduraduna ez ziren gai izan azalpenak emateko. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko Teresa Minondori, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza kontseilari Begoña Alfarori eta Etxebizitza zuzendari nagusi Elga Molinari ere bidali diet gutuna; jaso dutela baieztatzea bertzerik ez nien eskatu, eta hori ere ez dute egin.
Zergatik erabaki duzu gertatu denaren berri zabaltzea?
Gizarteak jakin behar duelako. Uste dut gizartea oraindik ere ez dela gai jabetzeko desgaitasunen bat dutenek zenbateko zailtasunak dituzten egunerokoan. Nire desgaitasuna ez da jaiotzetikoa. Beti egin dut lan, baina orain sumatzen dut egoerak okerrera egin duela, dena zailagoa dela. Desgaitasuna aitortzeko prozesua ere luzea izan da. Desgaitasunen bat dugun pertsona anitz gai gara lan egiteko, eta eskubidea dugu behar ditugun egokitzapenak jasotzeko. Legez, gainera, enpresek desgaitasunen bat duten langileak kontratatu behar dituzte. Nasuvinsak kontrakoa egin du: bazter utzi ditu bi. Nik ozen erran nahi dut enpresa publiko batek ezin duela gauza bat erran eta bertze bat egin, eta ezin duela egoerarik zaurgarrienean direnen kontra egin. Enpresetan gauzak egiteko bertze modu bat behar dugu.