«Feminismoaz ikasi edo irakurri nahi izan duenarentzat erreferente izan gara beti». Silvia Fernandez Viguerak erran zituen hitz horiek, 2016ko martxoan. Ipes fundazioaren emakumeei buruzko liburutegiari eta dokumentazio zentroari buruz ari zen, Fernandez izan baitzen proiektu horren bultzatzaile eta arduradun nagusietako bat. 2016ko martxo hartan, Ipesek bazuen zer ospatu, Iruñeko Telleria karrikatik Iruñeko Udalak Descalzos kalean utzitako egoitzara mugitzekotan baitzen. San Migel karrikako egoitza izan zen Ipesen lehendabizikoa, eta han sortu zituzten liburutegia eta dokumentazio zentroa, 1985ean. Handik 2005ean mugitu ziren Telleria kalera, baina hura ere txiki gelditu zitzaien, eta, 2016an, Descalzos karrikara joan ziren. 2020tik, Iruñeko Agoitz karrikako Emakumeen Etxean da Ipes, eta han ospatuko dute liburutegiaren eta dokumentazio zentroaren berrogeigarren urteurrena.
Silvia Fernandez Viguera 2018. urtean hil zen. Orain, haren izena dute Ipes fundazioaren liburutegiak eta dokumentazio zentroak. Fernandez Viguerak Blanca ahizpa izan zuen beti ondoan, eta Ipes sortzeko eta liburutegia martxan jartzeko prozesuan ere elkarrekin aritu ziren. «Silvia hagitz kontent egonen litzateke jakinen balu liburutegiak berrogei urte bete dituela», erran du Blanca Fernandez Viguerak.
Ipeseko Amaia Barandika, Silvia Fernandez, Jone Lajos, Blanca Fernandez, Begoña Arrondo eta Raquel Burguete, liburutegiaren Telleria karrikako egoitzan, 2016an. IDOIA ZABALETA / FOKU
Hura ere kontent da, bai baitaki gorabeheraz betetako bidea izan dela azken berrogei urteotakoa, eta bide hori maldan gora egin dutela anitzetan. Ipes 1976an sortu zuten. Blanca Fernandez Viguera soziologoa da. Bilbon egin zituen ikasketak, eta, handik Iruñera itzuli zenean, aurre egin nahi izan zion aurkitu zuen «basamortuari». «Opus Deiren unibertsitatea bertzerik ez zegoen. Hainbat arlotako profesional batzuek bat egin genuen, eta pentsamendu kritikoa sustatzeko formakuntza eskaintzen hasi», oroitu du.
Feminismoaren auzia hasieratik egon zen Ipeseko kideek landutako gaien artean, eta interes horrek bultzatuta sortu zituzten emakumeei buruzko liburutegia eta dokumentazio zentroa, 1985eko martxoaren 8an.
Aitzindariak ikerketen arloan
«Liburutegia eta dokumentazio zentroa martxan jarri orduko, bagenuen bide bat egina. Ipes sortu zenetik beretik egin genien tokia feminismoaren inguruko eztabaidei; Espainiako Estatuan pil-pilean zeuden eztabaidak, ikerketa eta gogoetak ekarri genituen Iruñera; nazioarteko batzuk ere bai». Elena San Julianenak dira hitzak, eta, Fernadez Viguera ahizpekin batera, hasieratik lotu zen proiektura. Hasierako grina eta ilusioa oroitu ditu, eta, batez ere, prestatzeko egin zuten ahalegina. «Ez genekien liburutegiek eta dokumentazio zentroek nola funtzionatzen zuten; zorionez, Jone Lajosek lagundu gintuen. Nafarroako Unibertsitateko liburuzaina zen, eta haren bidez ikasi genuen liburuak sailkatzen eta antolatzen».
«Profesional batzuek bat egin genuen, eta pentsamendu kritikoa sustatzeko formakuntza eskaintzen hasi»
BLANCA FERNANDEZ VIGUERA Ipes fundazioaren sortzailea
San Julianek nabarmendu du hasieran Madrilgo Emakumeen Institutuaren bultzada izan zutela. «Laurehun liburu eman zizkiguten, gure proiektua martxan jartzeko». Nafarroan, Vianako Printzea Erakundeari eskatu zioten laguntza, eta jasotako diruari esker ekin zioten emakumeek historiaren, artearen eta kulturaren bidean egindako urratsen berri izateko eta horiek gordetzeko eta zabaltzeko lanari.
«Gainera, emakumeen egoera soziala aztertu nahi genuen, eta, horretarako, hamaika ikerketa egin genituen», gehitu du Fernandez Viguerak. 1986. urtean, Ipesek egin zuen «Espainiako Estatuko indarkeria matxistari buruzko lehendabiziko ikerketa».
Sareak duen garrantziaz ere laster ohartu ziren Ipes fundazioaren liburutegiko eta dokumentazio zentroko kideak, eta 1995ean, gisa bereko Espainiako Estatuko liburutegi eta dokumentazio zentroen sarea bultzatu zuten. «1993an, Silvia [Fernandez Viguera] eta biok Madrilen egon ginen, han egin zituzten jardunaldi feministetan. Bilboko emakumeen batzarrak antolatutako liburutegien eta dokumentazio zentroen inguruko tailer bat zegoela ikusi genuen, eta parte hartu genuen. Sekulakoa izan zen. Bertze toki eta kolektibo batzuetako emakumeak ezagutu genituen, eta sarea sortzeko ideia mamitzen hasi ginen», kontatu du Elena San Julianek. Sareak 30. urteurrena du aurten, eta 1995ean bezala, Iruñean eginen du urteko batzarra, urriaren 9an eta 10ean.
Laguntza espezializatua
«Zoragarria izan da hainbertze emakume ikustea feminismoari buruz ikasteko prest. Gure liburutegira etorri dira ikertzera, trebatzera, eztabaidatzera… Topagune izateko sortu ginen, eta hala gara». Horixe nabarmendu du Julia Munarrizek. Ipes fundazioaren liburutegiko laguntzailea izan da sortu zutenetik, eta fundazioko Emakumeen Inguruko Ikasketen Departamentuko kidea ere bada, Fernandez Viguerarekin eta San Julianekin batera.
Ipeseko Jone Lajos, Elena San Julian, Julia Munarriz eta Blanca Fernandez, Iruñeko Udalak egindako harrera ekitaldian, hilaren 6an. IRUÑEKO UDALA
1985etik egindako bideari buruz, Munarrizek nabarmendu du Ipeseko liburutegiko arduradunek hasieratik eskaini duten aholkularitza zerbitzu espezializatuak «garrantzi handia» izan duela. «Hamaika pertsona lagundu ditugu ikerketa lanetan».
Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi Zaloa Basabek bat egin du, eta erran duela hamabost urte ezagutu zituela liburutegia eta dokumentazio zentroa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko generoari buruzko ikasketen lehen aldian parte hartu zuenean: «Ordura arte, militantziaren esparrutik ezagutzen nuen feminismoa; liburutegiari esker, alde akademikoa ezagutzeko aukera izan zuen, eta Silvia Fernandezen eskutik ikasi nuen feminismoa teoria kritiko eta politiko bat dela. Liburutegiak anitz lagundu zidan, eta duen balioa eman nahi diot hemen jaso nuen gidaritzari».
Gaur egun, Amaia Zufiak, Begoña Arrondok eta Nerea Madariagak osatzen dute Silvia Fernandez Viguera liburutegiko eta dokumentazio zentroko lantaldea. Hiruren artean, Arrondo da beteranoena; 2008an egin zuen bat Ipesekin, egoitza Telleria karrikan zuenean. Hark garbi du liburutegia «bitxi bat» dela, eta nabarmendu du herritar ororentzat dagoela irekia. Zufia eta Madariaga 2022tik dira Ipeseko kide. Zufiak, Zaloa Basabek bezala, ikasketen harira izan zuen liburutegia sakonago ezagutzeko aukera. «Iruñeko mugimendu feministan aritu naiz beti, eta guretzat Ipes beti izan da erreferente bat. Liburutegia hobeki ezagutu nuenean, jabetu nintzen balio handiko proiektu bat dela».
«Iruñeko mugimendu feministan aritu naiz beti, eta guretzat Ipes fundazioa beti izan da erreferente bat»
AMAIA ZUFIA Ipeseko lantaldeko kidea
Madariagarentzat, «egia bilakatutako amets bat» da Ipesen lan egitea. «Silvia laguna nuen, eta haren bitartez ezagutu nuen liburutegia. Gainera, liburu saltzaile aritu naiz hainbat urtez, eta horrek ere lagundu dit proiektu honekin bat egiten. Leku hau bitxi bat da; komunitate oso bat sortu da liburuen inguruan», erran du.
Zailtasunak zailtasun, Silvia Fernandez Viguera liburutegiak eta dokumentazio zentroak handitu bertzerik ez du egin azken berrogei urteotan. Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza hitzarmenak ditu orain. Sortu zenean bezala, feminismoaren inguruko topagune, ikerketarako toki eta emakumeen memoriaren gordailu izan nahi du, garaian garaiko aldaketetara eta eztabaidetara egokituz. Liburutegiaren arduradunek garbi dute badutela zer ospatu, eta urte osoan eginen dute, hainbat hitzaldi, mahai inguru eta liburu aurkezpen antolatuta. Zutik dira, eta aurrera egin nahi dute.
egitaraua
Apirilak 10. Amaia Zufiak gidatutako mahai ingurua (euskaraz): Mariz Luz Esteban, Katixa Agirre eta Garazi Arrula. 18:30ean, Pinaquy aretoan.
Maiatzak 5. Topaketa Remedios Zafrarekin. 19:00etan, Ipesen egoitzan.
Maiatzak 21. Emakume Sortzaileak: ikerketa eta feminismoa. 19:00etan, Ziudadelako Armen Aretoan.
Irailak 10. Topaketa Miren Amurizarekin (euskaraz). 19:00etan, Ipesen egoitzan.
Urriak 9. Nerea Madariagak gidatutako mahai ingurua: Sabina Urraca, Mar Garcia Puig eta Belen Gopegui.
Zenbat liburu dituzten. Silvia Fernandez Viguera liburutegian eta dokumentazio zentroan 19.000 liburu, agiri eta bertze biltzen dira. Iruñeko Emakumeen Etxean du egoitza. Azken urtean 2.000 mailegu egin ditu.
Zenbat erabiltzaile dituzten. Ipes fundazioaren liburutegiak eta dokumentazio zentroak ia 5.000 erabiltzaile dituzte gaur egun. Azken urtean 7.000 kontsulta baino gehiago jaso ditu Iruñeko Agoitz karrikako egoitzan.