Harrapatu gabe

Harrapatu gabe

Joan den astean, lanera bidean nindoala, hurrengo titulua entzun nuen irratian: «Iruñean patinete elektrikoekin izandako istripuak bikoiztu egin dira azken urtean». Egia esan, ez ninduen harritu, baina harrezkero gehiago erreparatu diot kontu honi, eta gustatu ala ez, hiriko paisaiaren parte bihurtu dira. Auto, bizikleta eta oinezkoen artean, nonahi agertzen dira patineteak.

Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak dioenaren arabera, udal bakoitzak berariaz arautu dezake mugikortasun pertsonaleko ibilgailuen zirkulazioa; besteak beste, patinete elektrikoena. Halere, badira nahitaez bete beharreko gutxieneko baldintza batzuk: debekatuta dago espaloietatik, oinezkoendako guneetatik, zeharbideetatik, autobideetatik, autobietatik, hiriarteko bideetatik eta tuneletatik joatea.

Espazioa partekatzeak ahalik eta arreta handiena jartzera behartzen gaitu, erraz izaten baitira bestela gure arteko talkak. Baina errealitate horretaz jabetuta ere, istripuak gertatzen dira, eta datua hortxe dugu: patineteekin izandako ezbeharrak 62 izatetik 112 izatera igaro dira.

Argi dago hirian jende askok ibilgailu horren aldeko apustua egin duela, eta horrek eragin zuzena izan du istripuen gorakadan. Erabilpenaren areagotzea hiriko bizimodu modernoaren isla da; hiriak erritmo bizkorra ezartzen du, eta patinetea primeran egokitzen da dinamika horretan. Hala, gidariak, hein handi batean, gazteak dira; nolabait, berehalakotasunera eta teknologia berrietara ohituago daudenak.

Herrian, ordea, ez dut patineterik ikusi, agian solteren bat, baina fenomenoa ez da inolaz ere hirian bezalakoa. Distantziak bestelakoak dira herrietan, eta daramagun bizitza erritmoa ere bai. Dena den, ezin da ukatu ibilgailu praktikoa denik, azkarra. Autoaren alternatiba jasangarri gisa aurkezten da, ingurumena zaintzearen aldeko urrats gisa, eta, neurri batean, hala da, auto gutxiago kutsadura gutxiago esan nahi baitute. Baina, pentsatu al dugu zer erabilera ematen diogun?

Espazioa partekatzeak ahalik eta arreta handiena jartzera behartzen gaitu, erraz izaten baitira bestela gure arteko talkak

Urte gutxi batzuk igaro dira patineteak ezagun egin eta hedatzen hasi zirenetik, eta denbora tarte labur hori ez da nahikoa izan erabat egokitzeko. Esango nuke oraindik ez ditugula gure kaleetan dabiltzan ibilgailu ohikotzat hartzen. Hiri mugikortasunera nola egokitzen diren eta modu seguruan zein errespetuz nola ibili ahal diren ulertzeko prozesuan gaude, eta horrek ikaskuntza eta erantzukizuna eskatzen ditu guztion aldetik.

Istripu kopuruaren gorakada kezkagarria da, eta, zerbaitek kezka pizten duenean, logikoena konponbideak bilatzea da; bizikidetza eta segurtasuna hobetzen lagunduko duten neurrietan pentsatzea, alegia. Baina errealitate honetara egokitzeak ez dakar bakarrik arautzea; kontzientziazioa eta, batez ere, bizikidetzan berezkoa izan beharko lukeen elkarrekiko errespetua eskatzen ditu. Izan ere, hor dago benetako erronka: inguratzen gaituztenak literalki harrapatu gabe mugitzen ikastea.