Adreiluz adreilu auzo bat egiten

Adreiluz adreilu auzo bat egiten

Jantzi militarrak, 1950eko hamarkadako jantziak eta autoak, eta, beharbada, Francisco Franco Espainiako diktadorea izanen dira gaur, Iruñeko Txantrea auzoko Felix plazan. Auzoaren 75. urteurrena ospatzeko, Patxi badator parodia eginen dute, 12:00etan. 1952ko abenduaren 4an, Francok Txantrea inauguratu zueneko unea hartu dute oinarri. «Orain Armonia Txantreana peña denaren gainean zegoen balkoian egon zen Franco. Jende pila bat joan zen hura ikustera, eta nahiko ezkerrekoa zen pertsona bati [Emiliano Iraizozi] esan zioten Francoren aurrean hitz egin behar zuela. Uste dugu gidoia idatzi ziotela», azaldu du Isa Egiguren Txantreako bizilagunak. Sorpresari eustearren, ez dute ekitaldiaren inguruko informazio askorik eman, baina joan nahi duen orori eskatu diote garai hartako arropekin janzteko.

Inaugurazioa 1952an izan zen, Txantreako lehenengo etxeak amaitu zituztenean, baina 1950ean jarri zuten lehenengo harria. Nerea Perez Ibarrola NUPeko historia ikerlari eta Txantreako bizilagunak nabarmendu du Txantrea 1950eko hamarkadan sortu izanak adierazi nahi duela migrazio mugimendu «handiak» zeudela, Iruñeko hiria hazten ari zela, eta orduko biztanle gehienak langileak zirela: «Txantrea langileentzako auzo izateko sortu zen». Horregatik, 1950eko hamarkadak industrializazioan izan zuen eragina aldarrikatu du Perezek: «Badirudi Nafarroa 1964an industrializatu zela, diputazioak orduan jarri baitzuen martxan industria sustatzeko plana. Egia da plan hori martxan jarri zutenez geroztik migrazio eta ekonomia aldaketak izan zirela, baina aurretik, 50eko urteetan, jarrita zeuden gerora puntako izan ziren enpresen sustraiak». 

Langile batzuk, Iruñeko Txantrea auzoko etxeak eraikitzeko lanetan, 1950eko hamarkadaren hasieran. NAFARROAKO HITZA

Langileentzako etxeak behar zirenez, erregimenak Francisco Franco Eraikuntzaren Ongintza Patronatua sortu zuen. Enpresa publiko moduko bat zen; langile taldeak sortu zituen Iruñean eta inguruan, eraikuntza enpresetako langileekin. Patronatuak etxeak eraikitzeko behar zuten materiala eman, eta langileen artean antolatzen ziren etxeak eraikitzeko. Gero, etxe horiek zozkatu egiten zituzten langileen artean: «Langileak zortzi orduz aritzen ziren lanean, eta, lanaldia amaitzean, Txantreara joaten ziren etxeak eraikitzera».

Eraikuntza sistema horrek alde on eta txarrak izan zituen: «Etxebizitzek oso ongi funtzionatzen dute kontrol sozialerako gune bezala. Azkenean, nork zeukan fase horretan parte hartzeko aukera? Gutxi batzuek: langile zintzoek eta finek». Gainera, ongintza lan bat izateak «paternalismo puntu bat» zuela dio Perezek. Horrekin batera, kontrol soziala bermatzeko, erregimenarekiko atxikimendua zuen norbait zegoen auzoko kale guztietan.

Sozializatzeko guneak

NUPeko ikerlariak nabarmendu du horrelako eraikuntza prozesuetan harreman «politak» ere sortzen direla: «Kide batekin lan egiteaz gain, ondoan eraikiko duzue etxea, eta ondoan bizitzeak harreman sareak sortuko ditu». Izan ere, auzo berri batean dena sortzeko dago. Hori dela eta, eguneroko bizitza egiteko elementuak sortu behar dira; hala nola, garai hartan, peña, parrokia eta kirol elkartea: «Zenbat eta espazio gehiago sortu, orduan eta harreman eta ekimen gehiago sortuko dira». 

«Langileak zortzi orduz aritzen ziren lanean, eta, lanaldia amaitzean, Txantreara joaten ziren etxeak eraikitzera»

NEREA PEREZ IBARROLA Historialaria

1967. urtean sortu zuten Armonia Txantreana peña, eta Iruñeko auzo batean sortutako lehena izan zen. Zezenketetara joateko abonuak erosteko sortu zuten, baina urteekin, sozializatzeko leku «garrantzitsu» bihurtu zen: «Peña ezagutzen badugu sanferminetako aisialdi esparru gisa, akaso ez digu deus ere esaten. Baina aztertzen badugu zenbat kultur jarduera egiten zituen urtean, inguruan zuen eraginaz ohartuko gara». Horietako jarduera batzuk ziren, besteak beste, mendi irteerak eta mus txapelketak: «Frankismoaren garaian mendira joatea gauza handia zen, han hitz egiten zutelako bestela isilean gorde behar zituzten gaiei buruz».

Herritar batzuk Txantreako liburutegian jarri duten auzoaren 75. urteurrenari buruzko erakusketa ikusten. IÑIGO URIZ / FOKU

«Langilea», «gatazkatsua», «borrokalaria». Horiek dira Txantrea deskribatzeko erabili izan dituzten zenbait hitz. Perezen arabera, erdigunetik kanpo dauden langile auzoek egunerokoan sortzen diren beharrak eta gabeziak salatzen ibili behar izaten dute beti: «Erregimenak ez dizu deus debalde emanen. Behar baduzu kalea ondo asfaltatuta egotea zure umeek eskolara joan behar dutelako, hori lortzeko borrokatu beharko duzu». Gaineratu du egoera soziopolitikoa aldatu den arren Txantreak «oso bizirik» jarraitzen duela, eta horren adibide direla 75. urteurrenaren harira antolatzen ari diren ekitaldi guztiak, auzoko Jaki-toki despentsa komunitarioaren gisako egitasmoak edota auzoan gune urdina ez jartzeko egindako mobilizazioak.