«Gogorra da ehun urtean bakarrik bi emakume izatea»

«Gogorra da ehun urtean bakarrik bi emakume izatea»

Martin Montañesek, hamabi urtez Nafarroako Mendi Federazioko presidente izan ostean, lekukoa pasatu dio Miren Eizmendiri (Iruñea, 1998). Orain arte ingurumenaren eta kirol jokoen arduraduna zen Eizmendi. Adierazi du gogoz hartu duela datozen lau urterako erronka berria.

Abenduan hartu zenuen Nafarroako Mendi Federazioko presidente kargua. Hartu diozu neurria karguari, edo ohitzen ari zara oraindik?

Hobetzen ari naiz oraindik. Lehendabiziko hilabeteak nahiko gogorrak izan ziren; Eguberriekin elkartu zen, gainera, eta aste zailak izan ziren. Baina hortik aurrera, eta dudan taldeari esker, dena oso erraza izan da. Oraindik ohitzen ari gara, ikasten, eta denbora behar dugu horretarako. Kide berriak sartu dira federazioan, eta haiek oraindik ez dakite ondo nola funtzionatzen duen.

Aurretik zuzendaritza batzordean zeunden; beraz, zuretzat ez da dena berria izan, ezta?

Ez. Ingurumenaren eta kirol jokoen arduraduna nintzen. Banekien federazioak nola funtzionatzen duen, baina ez nekien zer-nolako kargua den presidentearena. Ez nekien hainbeste denbora eskaini behar zaionik. Azken finean, konpromisoaren araberakoa da. Geroz eta konpromiso handiagoa hartu, orduan eta denbora gehiago eskaini behar diozu.

Zeintzuk dira zure helburuak?

Orain arte egindakoarekin segitzea, batez ere. Duela bi urte hezkuntzan murgiltzeko ideia bat garatzen hasi ginen. Eskoletan mendiko segurtasuna eta ingurumenaren inguruko irakasgai edo modulu bat ezartzea zen ideia. Proiektu berri hori, eta beste asko, aurrera eramatea da nire helburu nagusia. Baita dauden proiektuak ez galtzea ere. Beste helburu bat da jendeari erakustea zer den federazioa. Askok uste dute lizentzia bat ateratzea eta seguru bat izatea dela, baina askoz gehiago da, eta iruditzen zait interesgarria dela hori ezagutaraztea.

Kontuan hartuta zenbat diziplina mota dauden eta zenbat kide federatuta, bereziki zaila da Nafarroako Mendi Federazioa kudeatzea?

Bai. Iaz 14.000 federatu zeuden, eta diziplina asko sartzen dira federazioaren barnean: mendi lasterketa, eskia, eskalada, orientazioa, ibilketa nordikoa, mendi ibilaldia, eta, horrez gain, lehiarik gabeko diziplinak. Erraldoia da, eta diziplina bakoitzak oso behar desberdinak ditu.

Federazioaren historian bigarren emakumea zara presidente gisa. Nola sentiarazten zaitu horrek?

Alde batetik, pentsatzen dut zeinen ondo, beste neska bat. Baina beste elkarrizketa batean ere esan nuen: gogorra da atzera begiratzea eta ehun urtean bakarrik bi emakume izatea. Sentimendu kontrajarriak ditut. Baina pozik nago, uste dudalako aukera emango diedala beste emakume batzuei pauso bat emateko eta hor egoteko. Emakumeak eta gazteak behar dira federazioan. Gazteak beti ideia berriekin sartzen gara. Federazioan hainbat urte daramatzatenak lan egiteko modu batera ohitzen dira, eta ez dute aldaketarik egiten.

«Gurasoek erakutsi didate mendia, lehia moduan ikusi beharrean, gozatzeko jarduera moduan ikusten»

Zure helburuen artean zegoen presidente izatea ala kasualitatea izan da?

Iaz, hauteskundeak hurbiltzen hasi zirenean, kontu horri hainbat buelta ematen hasi nintzen. Hemendik lau urtera ez nuen neure burua ikusten lan finko batean, lanaldi osoko lan batean, eta neure burua aurkeztea pentsatzen hasi nintzen. Martinekin [Montañes, federazioko presidente ohia] hitz egin nuen, eta esan nion uste nuela federazioak aldaketa bat behar zuela. Hark ere asko eskertu zuen hori; hamabi urtez egon da presidentearen karguan, eta azkenaldian eskatzen zigun norbaitek bere burua aurkezteko. Azkenean pausoa ematea erabaki nuen. Pentsatu nuen huts egiteko eskubidea ere banuela.

Zer da zailena?

Bizitza pertsonala eta lana bereiztea. Lan honetan, etxera joatean, ez duzu deskonektatzen; aste osoan, egunean 24 orduz ari naiz federazioan pentsatzen. Lagunekin marra bat markatu dut, eta esan diet nik gaia atera ezean ez dugula federazioaren inguruan hitz egingo. Beharrezkoa da bizitza pertsonala eta lana bereiztea.

Eta zer da onena?

Jendea laguntzea. Informazioa eskaintzea eta informazio hori mundu guztiarentzat eskuragarri egotea. Jendeari mendiaren inguruko jakintza eskaintzea da gehien betetzen nauena.

«Orain arte, entrenatzeko garaian, ez da kontuan hartu emakumeen gorputza asko aldatzen dela hilabetean zehar»

Esango zenuke zure gurasoak eredu direla zuretzat?

Bai. Aita, eskalada arloan, erreferentea da niretzat. Bere garaian bide batzuk ireki zituen, eta garai hartan bide horiek ireki izana txalotzekoa da. Niretzat ohore bat da. Eta, batez ere, mendia ikusteko modu bat transmititu dit. Erronka edo lehia moduan ikusi beharrean, gozatzeko jarduera moduan ikusten du. Eta amak, berdin.

Sentipena duzu geroz eta emakume gehiago daudela mendian?

Nik aldaketa hori ez dut sumatu; agian, amak bai. Orain ikusten ari gara neska talde asko sortzen ari direla; eskaladan eta mendi lasterketan, adibidez. Hori bai, hori berria da. Eta txapelketa arloan lizentzia gehiago daude; asko ugaritu dira azken urteetan. Gainera, emakumeek geroz eta denbora eta emaitza hobeagoak dituzte, eta nabarmentzen ari dira. Horren arrazoia da emakumeengan arreta jarri eta entrenamenduak egokitzen ari direla. Orain arte, entrenamenduak berdinak izan dira gizonentzat eta emakumeentzat, eta ez da kontuan hartu emakumeen gorputza asko aldatzen dela hilabetean zehar. Baina mendiari dagokionez, nik beti ikusi izan ditut emakumeak mendian.