Granate koloreko burdinazko ate bat eta billabesaren zain daudenek estaltzen duten horma irudi bat. El Hadji gune autogestionatua dio gorriz eta beltzez tindaturiko paretak. Iruñeko Arrotxapean, «auzo boterea» eraikitzeko gune bat sortu dute bizilagunek. Iazko Maiatzaren Lehenean ireki zituzten ateak. Beñat Ziganda eta Pape Fall El Hadji gune horretako kideek azaldu dute bazela «beharra» horrelako zerbait sortzeko, baita horretarako «lekua» ere. Gune autogestionatuak Elhadji Ndiaye senegaldarraren izena darama: «2016an, hemendik sei edo zazpi metrora atxilotu, Chinchillara [polizia etxea] eraman, eta hil egin zuen [Espainiako] Poliziak». Haren familiarekin mintzatu dira guneari Ndiayeren izena jartzeko.
Hiru zapalkuntzaren kontra borrokatzen dira, bereziki: klase zapalkuntzaren, indarkeria matxistaren eta arrazakeriaren kontra. Horrez gain, euskal kultura hedatzea eta bultzatzea dute helburu. «Langile auzo bat da Arrotxapea, denek eskubide berak izan ditzaten borrokatzen dena», esan du Fallek. Horregatik, Zigandak uste du beharrezkoa dela herritar arrazializatuak eta etorkinak aktibatzea eta «nahi duten modura» antolatzeko eremu bat eskaintzea: «Militantziak ez dauka zentzurik etorkinak antolatu gabe eta klase eta auzo boterearen ikuspegirik izan gabe».
Horretarako, proiektu ugari dituzte esku artean; hala nola doako denda, jantokia, herri palestra, aireko akrobazien klaseak, eta euskara eta gaztelania eskolak. Doako denda duela bi hilabete jarri zuten martxan, eta asmoa da hilean behin zabaltzea, hilabeteko azken igandean. «Kapitalismoren logiketatik kanpo dago gure mezua: ‘Hartu behar duzun hori, eta utzi sobran duzuna’», azaldu du Zigandak.
«Iruñeko Arrotxapea langile auzo bat da, denek eskubide berak izan ditzaten borrokatzen dena»
PAPE FALL Iruñeko El Hadji guneko kidea
Doako euskara eta gaztelania eskolak antolatzeaz arduratzen da Fall. Dagoeneko bi hilabete daramatzate horretan, eta nabarmendu du euskara eskolek «arrakasta handia» izan dutela: «45 pertsona gaude, eta itxaron zerrenda daukagu. Gure asmoa da jende gehiago hartu ahal izatea». Gaztelaniazko klaseak, bereziki, etorkinentzat antolatu dituzte. «Gaztelaniaz jakin ezean, oso erraza da nagusiak, etxeko jabeak edo edonork ziria sartzea», esan du Zigandak.
Antolatzea, pribilegio
Fall senegaldarra da, eta duela zortzi urte heldu zen Arrotxapera. Orain euskara ikasten ari da, eta hasieran gaztelania gutxi zekien. Nabarmendu du hizkuntza tresna garrantzitsua dela: «Hizkuntza menperatzen ez nuenez, asko kostatzen zitzaidan jendearekin hitz egitea; etxean geratzen nintzen. Auzoko jendea ezagutu nuenetik, oso gustura nago».
Jantokiari dagokionez, orain arte jantoki solidario bat izan da, baina barne eztabaidak egiten ari dira jantoki herrikoia izan dadin. Horretarako, lantalde bat sortu dute etorkinen artean. «Jendea antolatzeko leku bat izatea nahi dugunez, ez ditugu gobernuz kanpoko erakundeen logikak errepikatu nahi», esan du Zigandak. Jantokira joaten diren gehienak kalean bizi dira edo ataka ekonomiko larrian daude. Horregatik, uste dute «erronka handia» dela jendea aktibatzea: «Askotan, antolatzea pribilegio bat da; zuriok edo baldintza ekonomiko hobeak ditugunok aukera eta denbora gehiago daukagu antolatzeko».
Iruñeko Arrotxapea auzoko El Hadji gune autogestionatuko kide batzuk, jertseak egiten lagundu dieten emakumeekin. EL HADJI
Herri palestrari eta aireko akrobaziei dagokienez, hastear dituzte eskolak; zakuak, oihalak eta beste zintzilikatzeko auzolanak egin behar dituzte. «Egun, edozein kirol egiteko ordaindu behar duzu; horregatik, doako alternatiba bat proposatu nahi dugu hemen. Jendea ezagutzeko eta antolatzen hasteko tresna bat izatea nahi dugu», esplikatu du Zigandak. Gaineratu du erronka «handia» dutela esku artean, boxeoa oso maskulinizatua baitago, eta aireko akrobaziak, oso feminizatuak. Eztabaida saioak egiten ari dira binarismo hori apurtzeko asmoz.
Halaber, El Hadiko kideek eztabaida saio ugari egin dituzte gunea antolatzeko. Arrotxapeko gaztetxeko militanteak ziren Ziganda eta El Hadjiko beste kide batzuk. 2021ean Espainiako Poliziak gaztetxea itxi zuen, eta, ordutik, «hutsune bat» sumatzen zuten auzoan: «Batzuetan, okupazioak ziurgabetasun handia eragiten du. Erabaki genuen alokairu bidez sartzea hona, auzo boterea sortu eta proiektu sendo bat eraikitzeko».
«Militantziak ez dauka zentzurik etorkinak antolatu gabe eta klase eta auzo boterearen ikuspegirik izan gabe»
BEÑAT ZIGANDA Iruñeko El Hadji guneko kidea
Orain, haien asmoa da Arrotxapeko Artika kaleko 16. zenbakian daukaten egoitzatik «poliki-poliki» beste lokal batzuetara zabaltzea: «Gero eta gune gehiago hartu nahi ditugu, eta botere handiagoa izan. Gauzak okertzen badira, beti izanen dugu oraingo gunea». Auzoko hirurogei pertsona inguruk laguntzen dute alokairua ordaintzen, baina auzo osoa inplikatu nahi dute.