Porlanaren ordez lur gehiago behar dela; ibaiei beren bidea egiten utzi behar zaiela; autoak hirian duen nagusitasuna ezbaian jarri behar dela; desazkunde «demokratiko eta kontrolatu» baten alde egiteko garaia dela. Hori eta bertze gauza anitz ikasi zituzten, apirilaren 4an, Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzak Iruñeko Txantrea auzoan antolatu zuen ibilaldi klimatikoan parte hartu zuten herritarrek. Magdalenako zubian hasi zuten paseoa, eta Munduko parkean amaitu. Bidean, hainbat arlotako adituen azalpenak jaso zituzten klima aldaketari buruz. Egokitzeko beharra hizpide izan zuten, eta arduraz jokatzera deitu.
Anitzek zeruari so hasi dute ibilaldia. «Ordubete barru euria eginen omen du», erran du norbaitek, eta, berehala, Peio Oria fisikariari begiratu diote denek; Aemet agentziako Nafarroako ordezkaria izan da duela gutxi arte. Oria da Klimaren Aldeko Aliantzak antolatutako paseoan parte hartu duten adituetako bat. Halere, Camino Jaso izan da hitza hartzen lehena, Magdalenako zubian. Biologoa da Jaso, eta ibaien ekosistemetan aditua. Arga ibaiaz aritu da, eta azaldu du klima aldaketaren ondorioz tenperatura berotzeak eragina izanen duela Argan bizi diren amuarrainetan eta makroornogabeetan: «Makroornogabeak hagitz garrantzitsuak dira kate trofikoan; gainera, uraren kalitateari buruzko informazioa ematen digute. Egungo klima aldaketako jokalekuan, halere, zientzialariak egokitzeko beharraz jabetu dira, uraren kalitateari buruzko informazio zehatza jaso dezagun aurrerantzean ere».
«1950eko hamarkadara arte, Iruñean ez zen sartzen hiritik kanpoko barazkirik; egun, %2-3 izanen dira hemengoak»
MIKEL BAZTAN Hiriguneak eraldatzeko lorezaintzan aditua
Ibaiek eragin ditzaketen arriskuez ere aritu da Jaso, eta nabarmendu du «koherentziaz, apal eta zuhur» jokatu behar dela halakoei aurre egiteko orduan. «Ibaien uholde lautadak errespetatu behar ditugu, horiek baitira ibaiaren berezko bidea uraren abiadura mantsotzeko».
Ez da hori uholde lautaden funtzio bakarra; uholde lautaden bidez, ibaiak inguruko lurrak ongarritzen dituela ere erran du Mikel Baztan lorezainak. Hiriguneak eraldatzeko lorezaintzan aditua da Baztan, eta Txantrea auzoan dauden adibideez mintzatu da. Zehazki, Magdalenako parke berriaz, auzokideek lortu baitute parke horretako hainbat zati baratze bilakatzea. Auzokideek egin zuten bertze proposamenik; bertzeak bertze, parkeko belardi gehienetan ureztatzeko sistemarik ez jartzea. «Aurreko agintaldian, baina, Iruñeko Udalak bazter utzi zuen proposamen hori, eta ureztatzeko sistemak jarri belardietan». Baztanek ez du bat egin erabaki horrekin; batetik, garbi du ura aurreztu behar dela, eta, bertzetik, klima aldaketara egokitzeko, proposatu du belardietan zuhaitzak jartzea, eta berez erregulatzeko aukera ematea, ureztatzeko sistemarik gabe. «Abuztuan, belarra horitu egingo da, baina hori ez da txarra».
Belardiak etxe ondoan
Baztanek nekazaritzaren aldeko aldarria egin du: «1950eko hamarkadara arte, Iruñean ez zen sartzen hiritik kanpoko barazkirik. Egun, Iruñean kontsumitzen diren barazkien %2-3 izanen dira hemen ekoitzitakoak». Nekazarien lanari duen balioa eman nahi izan dio, eta egun porlanaren azpian dauden lur anitz baratze bilakatzera deitu. «Beharko ditugu».
Apirilaren 4an Iruñeko Txantrean egindako ibilaldi klimatikoko parte hartzaileak, Magdalenako parkeko ekaitz biltegiaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Uholde arriskua apaltzen ere laguntzen ahal dute porlanik gabeko zoruek; iragazkorrak dira, eta, ondorioz, ur emaria kontrolatzen laguntzen dute. Bertzela, Txantreako Magdalenako parkean dagoen ekaitz biltegiaren gisako azpiegiturak behar dira. «Estoldetatik datorren ura jasotzen du biltegi horrek, pixkanaka ibaira itzultzeko», esplikatu du Ana Urtasunek. Magdalenako parkeko biltegiaren ondoan hartu du hitza adituak; Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da, eta Urbanas kolektiboko kidea.
Parketik Txantreako Sabicas plazara bidean, inguruari so egiteko eskatu die Urtasunek ibilbidean parte hartzen ari diren herritarrei. Tarte horretan, hain zuzen, auzoa eraikitzeko lehen fasetako hainbat etxebizitza badira, eta Urtasunek azaldu du horiek aukera handiagoa dutela klima aldaketara egokitzeko: «Karrika horiek diseinatzeko modua da gakoa; batzuek berdeguneak dituzte etxe aurrean, eta zuhaitzez betetako belardiak atzean; bertze batzuek, aurrean baino ez dituzte berdeguneak, eta bertze anitzek, ezta aurrean ere. Udan, tenperatura bi edo hiru gradu apalagoa da zuhaitzez betetako belardien ondoko geletan, bertzeetan baino». Sabicas plazan «kontrakoa» gertatzen da: «Ez dago itzalgune bakar bat ere; udan ezin da erabili, bero handia izaten delako, eta neguan ere ez, euria egiten duelako. Kontuan hartuta gero eta bero handiagoa izanen dugula, gisa horretako lekuak eraldatu beharra dago».
Bat egin du Estrella Mikeleizek, eta garbi erran «osasuna» dagoela jokoan. Txantreako osasun etxearen aurrean, azaldu du beroak kolektiborik zaurgarrienak joko dituela bereziki; Mikeleiz Farmazian lizentziaduna da, eta osasun publikoan eta klima aldaketan aditua. Airearen kutsadura ere kontuan hartu beharreko kontu bat dela gehitu du, eta sumatzen dela jada auto gehien dituzten karriketan airearen kalitatea eskasagoa dela. Eskolak eta gisa horretako eremuak «babesteko» beharra nabarmendu du.
«Tenperatura bi edo hiru gradu apalagoa da zuhaitzez betetako belardien ondoko geletan, bertzeetan baino»
ANA URTASUN Ingurumen Zientzietan lizentziaduna
Ordubete baino gehiago joan da ibilaldia hasi zenetik, eta oraindik ez du euririk egin. Hasierako iragarpenak, beraz, huts egin du. Klima aldaketaren ingurukoak, baina, «betetzen» ari dira, Peio Oria fisikariak argi adierazi duenez: «Muturreko fenomenoak ugaritu dira, eta are gehiago ugarituko dira datozen bi hamarkadetan». Uholdeak daude mutur batean, eta lehorteak bertzean. Lehorteekin lotuta, suteak. «2022an, hiru sute handi piztu ziren batera Nafarroan; hori gertatzeko baldintzak gero eta maizago izango dira aurrerantzean».
Antonio Aretxabalak ere erretzen denaz hitz egin du Klimaren Aldeko Aliantzak antolatutako paseoan; zehazki, erregai fosilez aritu da, zeinak zuzenean lotuta dauden egungo klima aldaketarekin. «Erre eta erre bertzerik ez dugu egin». Aretxabala geologoa da, eta banku baten egoitzaren aurrean hartu du hitza. «Boteretsuez mintzatzea egokitu zait», hasi du hitzaldia, eta, aldi berean, ibilaldian parte hartzen ari diren herritarretako baten sakelakoak jo du: Star Wars filmeko The Imperial March entzun da Txantrean. Aretxabalari so direnek barre egin dute.
Mikel Baztan, Camino Jaso eta Ana Urtasun, apirilaren 4an, Iruñean egindako ibilaldi klimatikoaren hasieran, Magdalenako zubian. IÑIGO URIZ / FOKU
Geologoak zehaztu du nor diren aipatu dituen boteretsu horiek: erregai fosilen negozioa erabat zukutu nahi duten enpresak. «Next Generation funtsen %80 haien esku dira. Izugarria da». Klima aldaketara egokitzea ezinbertzekoa dela nabarmendu du Aretxabalak, eta gakoa desazkundearen alde egitea dela: «Desazkunde demokratiko eta kontrolatu baten alde egin behar dugu». Aretxabalak azpimarratu du badirela gauzak nola egin erakuts dezaketen adibideak: Galiziako Lugo Biodinamiko proiektua aipatu du. «Lau urtean, kutsadura murriztea eta tenperatura apaltzea lortu dute; hiria jasangarriagoa da orain». Ardura hartzera eta egokitzera deitu du.
Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain
Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain. Halaxe daude Klimaren Aldeko Nafarroako Aliantzako kideak, administrazioaren aurkako salaketa jarri eta gero Klima Aldaketarako eta Energia Trantsiziorako Legea ez betetzeagatik. Epaitegiak tramiterako onartu zuen ekologisten salaketa; ondorioz, gobernuari aukera eman zion salaketa horretan jasotakoei erantzuteko, baina oraindik ez du egin. Informazio horren zain dira ekologistak.