Gaztetxe berrirako akordioa lortu dute Burlatan

Gaztetxe berrirako akordioa lortu dute Burlatan

Hainbat hilabeteko negoziazioen ondoren, Burlatako Gazte Asanbladak eta udalak akordioa egin dute gaztetxe berrirako. Orain dela aste batzuk, Gazte Asanbladak salatu zuen gaztetxea berehala hustua izateko arriskuan zegoela. Izan ere, martxoaren 15ean eraikinaren giltzak entregatzeko agindua zuten. Gaztetxeko kideek borondate falta eta alternatibarik eskaini ez izana egotzi zioten udalari. Udalak —EH Bildu, Zurekin Nafarroa eta Geroa Bai daude agintean— adierazi zuen espazio bat eskaini ziela, eta haiek baztertu zutela. Gazteen ustez, espazio horrek ez zituen betetzen oinarrizko baldintzak. Orain, ordea, akordio batera iritsi dira, eta tramiteak egiten ari dira gaztetxe berria martxan jartzeko.

«Udalak azken gertakarien harira hartu zuen jarrera azken hilabeteetako bera izan da. Ez zen arduratu udaletxean gertatzen ari zenaz», gaitzetsi du Saioa Velasco Gazte Asanbladako kideak. Izan ere, hainbat ekintza egin dituzte azken asteetan egoera salatzeko, eta, batik bat, martxoaren 17an: bi kide udaletxean kateatu ziren, eta 24 ordu egin zituzten eraikinera lotuta. Babesa emateko, beste hainbatek kanpaldia antolatu zuten, eta gaua pasatu zuten udaletxearen parean. Hurrengo goizean, suhiltzaileek kide kateatuak askatu zituzten. «Herritar guztientzat nahiko ikaragarria izan zen ikustea udala ez zela egoeraz arduratu eta bi gazteak gaua bertan pasatzen utzi zituztela. Oso larria izan zen, eta dezenteko tentsioa eragin zuen», adierazi du Velascok.

Berta Arizkun Burlatako alkateak esan du suhiltzaileekin hitz egin zutela orduan, baina jakinarazi zietela kateatuta zeudenen baimen osoa behar zutela askatzeko, eta hori gabe ezin zutela ezer egin.

Akordiorako mugarri

Gazte Asanbladako kideentzat, ekintza hura akordioa lortzeko mugarri garrantzitsua izan zen. Martxoaren 29rako manifestaziora deitu zuten, eta bertan iragarri zuten udalarekin lortutako akordioa. Hitzarmena oraindik ez dute sinatu, eta Gazte Asanbladak adierazi du bitartean ez direla joango egungo gaztetxetik. Tramiteak egiten ari dira, eta iragarri dute aste gutxi barru gaztetxe berrian izanen direla.

Hala ere, lokal berriarekin ez daude erabat pozik, eta ez dute nahikotzat jotzen. Joaquin Azkarate kalean dago, lehen ORVE bulegoak zeuden tokian; etxabe bat da, eta gainean bost solairuko eraikin bat dago. Gazte Asanbladako kideen iritziz, txiki samarra da. «Jendea bizi da hor; beraz, guk aurreikusten ditugun ekitaldi asko ezingo ditugu bertan egin», esan du Velascok.

«Gaztetxera joan zirenetik, bazekiten Nogalera 2025 martxan zegoela eta atera beharko zutela»

BERTA ARIZKUN Burlatako alkatea

Iaztik jakina zen gaztetxea eraitsiko zutela. 2021ean uholdeak egon ziren Burlatan, eta txikizio handiak eragin zituzten herrian. Horren ondorioz, Nogalera 2025 proiektua jarri zuten abian, uholdeei aurre egiteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko. «Gaztetxera joan zirenetik, bazekiten Nogalera 2025 martxan zegoela eta noizbait atera beharko zutela», azaldu du Burlatako alkateak. Gainera, esan du ezin zutela ezaugarri horiek dituen beste lokal bat eskaini, halakorik ez dagoela eta.

Gazte Asanbladako kideak udalarekin elkartzen hasi zirenean, obrak moldatzea proposatu zioten. Argi geratu zenean obrak ezin zirela aldatu, beste irtenbide baten bila hasi ziren. «Guk Nogalera 2025 proiektua babesten dugu, uste dugulako herriarentzako onurak ekarriko dituela. Ez dugu izan intentziorik proiektua gelditzeko», esan du Velascok.

Arizkunek adierazi du negoziazio prozesua ez dela erraza izan, eta hasieratik ados jartzea izan dela udalaren helburua: «Une oro adierazi dugu akordioetara iristeko borondatea genuela, eta inoiz ez dugu zalantzan jarri gaztetxearen proiektua». Alkateak nabarmendu du alde guztiak asebeteko lituzkeen irtenbide bat aurkitu nahi izan dutela, «udalak dituen eta araudiak eskaintzen dituen aukeren barruan».

«Gaztetxeak lortu duena oso garrantzitsua da; batez ere, desmobilizazio eta despolitizazio garai hauetan»

SAIOA VELASCO Burlatako Gazte Asanbladako kidea

Gazte Asanbladak jakinarazi du hasieran akordioaren klausula batek zioela propaganda politikoa jarriz gero lokala hustuko zuela udalak. «Lortu dugu propaganda politikoa egitea ez izatea arrazoi bat gaztetxea husteko. Hori oso garrantzitsua da guretzat, klausula horrek askatasun politikoak murrizten baitzituen».

«Antolakuntza burujabe eta aske baterako» espazioak ezinbestekoak direla uste du Burlatako Gazte Asanbladak, gazteak elkartzeko eta sozializatzeko guneak direla iritzita. «Gaztetxearen proiektuarekin herrian lortu duguna oso garrantzitsua izan da. Batez ere, desmobilizazio eta despolitizazio garai hauetan, nahiko zaila delako gazteak mobilizatzea». Argi dute gaztetxeek funtzio hori betetzen dutela, eta horien alde borrokatu behar dela.