Laba sarea 2022. urtean sortu zuten, Iruñeko Gazteluko plazatik euskararen normalizazioan lan egiteko eta euskal kulturaren erakusleiho izateko. Urtez urte, asko izan dira euskarak toki zabalagoa hartzeko Labak sustatutako proiektuak. Bide horretan, beste urrats bat egin, eta Ilundain fundazioarekin elkarlanean eta Nafar Lansareren babesarekin, ostalaritza sektorerako formakuntza bat eskainiko du euskaraz, doan. Helburua da Labako ostalaritza proiektu berriko lantaldea prestatzea. Formakuntza Atarrabiako gastronomia elkartean izanen da, apirilaren 28tik ekainaren 30era. Izen ematea zabalik dago, Natali Eskudero formakuntzako irakasleetako batek jakinarazi duenez.
Labak orain arte Gazteluko plazan zeukan aretoa itxita dago, otsailaren 22tik. Haren asmoa da ondoan dagoen Winsor tabernarekin elkartu eta Torino Berriaren bidez ostalaritza proiektu berri bat garatzea. Horretarako, lehen Torino kafe historikoa zena berreskuratu nahi dute. Dagoeneko abiatuak dituzte gunea sortzeko lanak, eta irailean irekitzeko asmoa dute. Proiektua handitu eginen den arren, Labaren xedea da orain arteko izaerari eustea, eta horretarako lantalde egonkor bat sortu nahi du. Horregatik, ikastaroa eginen duten zenbait lagun kontratatzeko konpromisoa hartu du. Eskuderoren ustez, horrek ikasleen motibazioa handituko du: «Formakuntzak egiten direnean, ez dituzte gisa horretako aukerak eskaintzen».
Diruz lagundua
Euskaldunentzat, kultura eta gizarte kezkak dituztenentzat, ostalaritzan interesa dutenentzat, eta ikasteko eta proiektu egonkor baten parte izateko interesa dutenentzat pentsatua dago formakuntza. Ilundain fundazioaren posta elektronikora –Formacionexterna@fundacion-ilundain.com– idatziz eman daiteke izena. Horrez gain, Labako sare sozialetan ere parte hartzeko kode bat dago. Ostalaritza eta sukaldaritza ikastaroak 220 ordu iraunen du. Astelehenetik ostiralera izanen da; 09:30etik 14:30era. Nafar Lansarek lagunduko du proiektua, eta, hala, saioak doakoak izango dira.
Teoria eta praktika landuko dituzte ikastaroan, baina, bereziki, praktikoa izanen da. Bi hilabetean gai asko landuko dituzte; hala nola elikagaien alergenoen identifikazioa, jakien manipulazioa, barrako oinarrizko zerbitzuak, aperitiboen prestaketa, sukaldeko zerbitzuak, bezeroenganako arreta, eta jatetxeetako garbiketa eta desinfekzio teknika berriak.
«Oso garrantzitsua da euskaraz izatea saioak, behar handia baitago. Profesional euskaldunak aurkitzeko ikaragarrizko arazoa dago»
NATALI ESKUDERO Ostalaritza formakuntzako irakaslea
Gai horietatik bi kontu nabarmendu ditu Eskuderok. Alde batetik, esan du «oso garrantzitsua» dela alergenoen inguruko jakintza eskuratzea, «geroz eta jende gehiagok» dituelako alergiak eta intolerantziak. Bestetik, bezeroenganako arreta hobetzean interes berezia jarri nahi du formakuntzako irakasleak. Izan ere, uste du «asko» dagoela ikasteko: «Ez nago oso kontent gai honekin». Eskudero txikitatik aritu da ostalaritzan, gurasoek Leitzan ostatu bat baitzuten: «Urte asko egin ditut Nafarroatik kanpo lanean, eta alde handia dago. Jende askok esan dit hemen arreta ez dela ona, eta nik bezero gisa ere goxotasun apur bat falta dela sumatu dut. Batzuetan ematen du zerbait eskatzen duzunean dirua zor duzula edo horrelako zerbait. Goxotasunaz gain, beste gauza asko daude ikasteko».
Bezeroek langileekin duten jarrera ere landu behar dela uste du Eskuderok. Iruditzen zaio dena azkar lortzeko beharra dagoela eta kostatu egiten dela itxoitea: «Zerbitzu on bat emateko edo kafesne goxo bat prestatzeko, denbora eta pazientzia behar dira».
Lehen hitza euskaraz
Irakaslea berriki hasi da formakuntza lanetan, eta ilusioz hartu du ikastaroa emateko ardura. Bereziki poztu da ostalaritzan eta kontratatzeko asmoz euskaraz eskainiko den lehendabiziko trebakuntza izanen delako. «Oso garrantzitsua da hori, behar handia baitago. Profesional euskaldunak aurkitzeko ikaragarrizko arazoa dago».
Lehen hitza euskaraz egitea da Laba sarearen filosofiaren ardatzetako bat. Bezeroekin ohitura hori dauka Eskuderok: «Iruñean gaude, eta ez Kanarietan; beraz, logikoa eta beharrezkoa ikusten dut arreta euskaraz ematea». Formakuntzaren ideia «oso polita» dela iruditzen zaio, eta espero du aurrerago beste asko egitea. Horregatik, jendea animatu nahi du Labak antolatutako ikastaroan parte hartzera.