Espainiako Gobernuak atzo iragarri zuen guztira 1,8 milioi euroren lizitazioak egin dituela Nafarroako AHTan proiektu batzuk hasteko. Zehazki, Castejon eta Iruñeko Biurrun-Campanas auzoa lotzen dituen 60 kilometroko zatian hainbat lan egiteko dira lizitazioak. Lau azpizati ditu 60 kilometroko bide horrek: Castejon eta Alesbes arteko azpiegitura eginda dago, Alesbes-Erriberri eta Erriberri-Tafalla eraikitzen ari dira, eta Tafallaren eta Biurrun-Campanasen arteko eraikuntza proiektua lizitatzeko dago oraindik.
Hiru proiekturen erredakzioak lizitatu ditu guztira Adif-ek, Espainiako Garraio Ministerioaren enpresak: 329.000 euroko kostua izango du 60 kilometroko bidearen katenaria guztia egiteko proiektuaren erredakzioak; burdinbideak jartzeko proiektua erredaktatzeak 528.750 euroren kostua izango du, eta Tafallan azpiestazio elektriko bat eta beste azpiegitura txiki batzuk barne hartuko dituen proiektuaren erredakzioak 915.000 euro balioko du.
Hala ere, proiektuen erredakzioa da soilik oraindik lizitatu dena; ostera, eraikuntza lizitatu beharko da, eta gero, eraiki. Oraindik Castejon eta Iruñea arteko AHTaren laurden baten azpiegitura dago soilik eraikita. Gainera, Tafalla eta Iruñea arteko zatiak bateragarria izan behar du Iruñea eta Zuasti arteko zatiarekin, eta horren informazio txostena oraindik ez da erredaktatu ere egin.