Ohituraz

Ohituraz

Une hartan 7 urte inguru izango genituen; Aste Santua zen, eta herriko kale nagusian geunden, Irunberrin. Prozesioak astiro egiten zuen aurrera isiltasun trinko batean murgilduta, gorputza uzkurtu, eta, inork ezer esan gabe, ahotsa apalarazten dizuten horietako batean. Jende guztia serio zegoen, tentsioan, edo hori iruditzen zitzaigun guri, izkinako umeoi. Bat-batean, kuadrillako batek —bihurrienak, nola ez— garrasi egin zuen, indarrez gainera. Erabat lekuz kanpo egon zen oihu hura. Istant batean, begirada guztiak guregana biratu ziren, eta gu barreari ezin eutsi geunden, laster errieta helduko zitzaigula jakinda.

Gogoan dut nola prozesioaren giroak ikara sortzen zidan; kalea isilik ikusteak, figura horiek goratzeak, pasoa daramatzatenen txano zorrotzek, aurpegi estaliek… Imajinatzen dut guztiaren nahasketa izango zela, ospatzen ari zenarekiko ezjakintasuna gehituta, noski.

Urte dezenteren ostean, onartu beharra dut oraindik ez dudala argi Aste Santuko egun bakoitzak zeri erantzuten dion, baina, egia esan, ez zait axola. Erlijioarekin dugun harremana asko aldatu da, lehen inposizioa zena egun hautua da, eta, hala, gero eta pertsona fededun gutxiago dago, eta are gutxiago praktikante.

Gure aitona-amonentzat bilketa momentu bat zena guretzat egutegian dugun break bat da. Udaberriko oporrak dira; bidaia bat antolatzeko, deskonektatzeko eta egun hauen jatorrizko arrazoiarekin zerikusi gutxi edo batere duen edozein plan egiteko. Espiritualtasunak aisialdiari eman dio bide, eta tradizio erlijiosoa lausotuz doa, beste lehentasun batzuekin eta bizitzeko beste modu batzuekin egin baitu topo.

Lausotze horren adierazle dugu pasoa daramaten pertsonen profila. Gure herrian adineko pertsonak dira. Gizonak, batez ere. Eta beti berdinak, urtez urte, belaunaldi errelebo oso eskasarekin. Halere, pentsatzen dut herrian egongo dela parte hartzen jarraituko duen jendea, ez hainbeste konbentzimenduagatik, baizik eta inertziaz, «beti egin delako», eta norbaitek egin behar duelako.

Tradizio erlijiosoa lausotuz doa, beste lehentasun batzuekin eta bizitzeko beste modu batzuekin egin baitu topo

Aste Santuaren inguruan antolatzen den parafernaliak jende asko mugitzen du. Aurreko astean irratian entzun nuen Sevillan 5.000 euro ere ordaintzen direla pasoen desfilea ikusteko terraza edo balkoi bat alokatzeagatik. Astakeria hutsa iruditu zitzaidan, baina jendeak ez omen du hala ikusten, balkoiak hilabeteak aurretik kotizatuta baitaude, prozesioa ordainpeko ikuskizun eta negozio bihurtuta.

Sevillakoa muturreko adibidea da, baina tradizio batek bizirik dirauen bitartean topea non duen edo noraino irits daitekeen ikusteko balio du. Bada, ez legoke gaizki geure buruari galdetzea zergatik jarraitzen dugun gure aurretik izan direnek egiten zutena errepikatzen; benetan sentitzen dugulako?, hunkitzen gaituelako?, edo, besterik gabe, katea hausteak beldurra ematen digulako?

Tradizio bat bizirik mantentzeak zentzua du, baldin eta tradizioa bera zentzuz betetzea lortzen badugu. Bestela, keinu hutsak baino ez gara errepikatzen ari, inertziaz, ohituraz.