Asteburuan amaituko dira Baigorriko (Nafarroa Beherea) Basaizea elkarteak apirilerako prestatu dituen kultur ekitaldiak; biharkoa izanen da azkena eta nagusia, Nafarroaren Eguna ospatuko baitute, Baigorrin, urtero legez. Nafarren arteko harremanak ehuntzeko helburua du jaiak. 1979an egin zuten lehen aldiz, Baigorriko eskaintza kulturala nahikoa eskasa zela iritzita. Euskarak indargune handirik ez zuen garai hartan, eta hizkuntzari bultzada bat ematea ere bazen jaiaren xede.
Aurten, Kateekin ateak hautsi lelopean, antolatzaileek saretzera deitu dute: «Erasoen kontra batzeko deia egiten dugu, elkartasun kateak lotuz», erran zuten Basaizea elkarteko kideek, Iruñean, apirilaren hasieran egindako agerraldian.
Nafarroaren Eguna bat egiteko egun bat da mugaz bi aldeetako nafarrentzat, eta, oro har, Euskal Herri osoko herritarrentzat. Muga bera «elkargune» bilakatu dute Baigorri inguruko gazte anitzek, eta, 2023an, Izpegiko bestak antolatu eta ospatu zituzten Baztango eta Baigorriko herritarrek, lehenengoz, elkarrekin. Basaizea elkarteko kideek garbi dute Nafarroaren Eguna dela urteko besta nagusia, baina uste dute behar direla bertzelako jaiak eta ekitaldiak urte osoan, harremanak berriz pizteko.
Autobusak Baigorrira
Nafarroaren Egunaren inguruko egitarau gero eta zabalagoa prestatu dute Basaizea elkarteko kideek azken urteotan. Aurten, apirilaren 6an egin zuten lehen ekitaldia: Antton Telleriak Ninini ikuskizuna aurkeztu zuen Baigorriko Biletxean. Xabi Lasak Ura ez baita beti gardena bere liburua aurkeztu zuen apirilaren 11n, Aldudeko liburutegian (Nafarroa Beherea), eta, 18an, Odei eta Ziztada & Rlantz aritu ziren kontzertuan, Baigorrin.
Biharko Nafarroaren Egunerako giroa berotzen hasteko, gaur ere izanen da zer ikusi Baigorrin: Xiberoa kantuz loraturik emanen dute Biletxean, 20:30ean, eta, gero, Arrano Band taldeak joko du ikastolan.
Bihar, 09:00etan hasiko da Nafarroaren Eguna; musika, dantza eta bertze izanen dira herriko txoko guztietan, gauera arte. Bestan parte hartuko dutenen artean izanen dira Nafarroako hainbat herritako musika eta dantza taldeak. 11:00etan hasiko da desfilea, behereko plazan, eta han izanen dira, bertzeak bertze, Altsasuko dantza taldea eta Nafarroako hainbat herritako erraldoien konpartsak, Amezketako (Gipuzkoa) eta Uztaritzeko (Lapurdi) dantzariekin eta Baigorriko erraldoiekin batera.
Basaizea elkarteko kideek autobusak antolatu dituzte herrialdetik Baigorrira joateko; bihar, 08:00etan abiatuko da bat Tafallatik Baigorrira. Iruñetik ere pasatuko da autobus hori. Arangurengo Irulegi euskara taldeak ere antolatu du autobus bat, eta 09:00etan abiatuko da Mutiloako Irulegi ikastetxearen paretik.
apirilak 27
09:00. Merkatua eta txalaparta, gaineko plazan.
09:00. Askaria, ikastolan.
11:00. Desfilea.
11:30. Ekitaldi nagusia, Elizako plazan.
13:00. Larrain dantza eta jauziak, gaineko plazan.
16:00. Broken Brothers brass Band, behereko plazan.
16:30. Dantza ikuskizuna, behereko plazan.
17:00. Pontx pailazoa, familien txokoan.
18:00. Oreka zirkua, familien txokoan.
18:00. Kalume, behereko plazan.
20:30. Kaskezur, behereko plazan.
22:00. Bele, behereko plazan.
00:00. Ezezez, behereko plazan.