Leihotikan Nafarroako taldearen lehenengo kontzertura joan nintzenean 15 urte bete berriak nituen. Nerabe hormonatua, alaia, malenkoniatsua eta ameslaria nintzen. Gurasoen molotov koktel kuttuna. Garai hartan mundua ez nuen askorik ezagutzen (gaur egun are gutxiago, agian) eta pertsonekin erlazionatzeko eskulibururik gabe, jakin-mina nuen bidelagun bakarra. Ez nekien ez oroitzapenek min ematen digutenik —berdin dio non ukitzen gaituzten (Athena Farrokhzad)—, ezta atzo eta bihar hitzek bildutako espazio laburra benetan laburra zenik ere.
Izabako M.-rekin maiteminduta nengoen eta Leihotikanen lehen maketa bidali nion postaz, uler zezan Baliteke abestia guretzat idatzia zela. Ni nintzela oihanak zeharkatuz zebilena bere atzetik, biluzirik negu gorrian, izozturik kalean bere begirada nireganatu nahian. Soinean errusiar mendi bat gordeta, Leihotikan taldearen abestiak nire aitari ostutako walkmanean entzuten nituen. Kamiseta marraduna eta txandal prakak jantzita (jertseaz ipurdia estaliz, noski), Txorimalo, kaletik hain harro! abestuz, mundua aldatu nahi nuen.
Oraindik ez zen nekearen gizartea existitzen, ez Tinder edo Guaparik, ez ghosting-ik, ez Trumpik, ez AArik, ez Elon Muskik, ezta antzekorik ere. Hasi berriak, 1990eko hamarkadan deslokalizazioa bezalako mugimenduek ez zuten gure egunerokotasuna zeharkatzen eta BSH bezalako enpresak (1979tik Nafarroan) jo eta ke abian ari ziren. Globalizazioa eta bere profeziak ez generamatzan heriotza sententzia moduan gure barrunbeei iltzatuta. Etorkizuna zilarrezko arrain ustela zen jada, baina bazen. Beti bezala, kabroiak eta krudelak zirenak zeuden, noski, baina kabroi lokalak ziren. Bazenekien zeinen kontran jo.
Musikak baduelako ahalmen hori: hildakoa hilen mundutik ekartzekoa, kolektiboki, abesten, dantzan bateratuta, gorputz bakarra sortzekoa. Gorpua dena gorputz bilakatzekoa
Enparantzetan bildu ohi ginen mintzatzeko, pipak jateko. Kolektiboki bat egiteko, azken finean —eta denok bat etorriko zarete nirekin: pipek eta bestelako fruitu lehorrek ez daukate zapore berbera taldeka banatzen dituzunean zein banaka zuritzerakoan, nahiz eta Super Pipoiak izan—. Gure bihotz menderatzaileentzako ezinbestekoa zitzaigun atzeko atea topatzeko unean, Leihotikan bezalako taldeek bidea erakusten ziguten. Baliteke hau zahartrosiak jota dabilen boomerraren oroitzapen eztituak besterik ez izatea, baliteke une hartan nintzen nerabea idealizatzen ibiltzea (objektiboki, la hostia nintzen).
Argi daukadana da nerabe nintzenean magalean harilkatutako piztia txiki bat elikatu ohi nuela. Pantera ñimiñoa zen, baina pantera azken finean. Aurrekoan, 28 urte geroago; orain, Alemanian bizi den Izabako M-ren ondoan Leihotikan oholtza gainean abesten entzun orduko iratzarri den eta urruma egiteari ekin dion pantera berbera. Musikak baduelako ahalmen hori: hildakoa hilen mundutik ekartzekoa, kolektiboki, abesten, dantzan bateratuta, gorputz bakarra sortzekoa. Gorpua dena gorputz bilakatzekoa. Gorkak dihardu: Etorkizuna ginenean. Ederra zirudien denak. Kaleak aldatu ala gu aldatu gara? Eta, akordeei jarraika, bat-batean, salako gorpuak orroka hasi dira.