Eguzki, irrati bat herriarentzat

Eguzki, irrati bat herriarentzat

Eguzki irratiak pantailetan ospatuko du berrogei urte daramatzala mikrofonoak piztuta: Una historia de comunicación, pasión y lucha izenburuko dokumentala ondu du. Astelehenean estreinatu behar zuten, baina apirilaren 28ko itzalaldiaren ondorioz, atzeratu egin dute. Segur aski datorren astean emanen dute, Iruñeko Golem Yamaguchi zinemetan. Irratiko kide Pablo Calatayudek zuzendu du lana, eta Txuma Flamariquek jarri dio musika. Joxe Lacalle argazkilariak ere parte hartu du, harenak baitira Iruñeko eta Iruñerriko azken lau hamarkadetako gizarte mugimenduen eta borroken berri ematen duten irudiak. Eguzki irratia borroka eta mugimendu horietan guztietan murgildu da sortu zenetik, eta hamaika gizarte eragileren eta kolektiboren bozgorailu izan da, herritarren mezuak lau haizeetara zabaltzeko.

Eguzki irratiko bi kide, hedabide horren hasierako etapan, artxiboko irudi batean. EGUZKI IRRATIA

Eguzki irratiak 1982ko abenduaren 15ean egin zuen lehen saioa, Iruñeko Alde Zaharrean; ia duela 43 urte. Herri mugimenduei hitza emateko sortu zuten. Zehazki, Iruñeko garai hartako talde ekologistek eta antinuklearrek bultzatu zuten proiektua. Eguzki izeneko aldizkariarekin hasi, eta uhinetara egin zuten jauzia gero. Irrati libreen loraldiarekin batera egin zuen aurrera egitasmoak. Garatuz joan da, bere tokia bilatuz; tokia aurkitu duela garbi dute irratiko arduradunek, eta garbi dute, halaber, berrogei urte luzez uhinetan egoteko sekretua zein izan den: hasierako helburuei eutsi izana. Herri mugimenduen bozgorailu izateko sortu zuten, eta hori lortzeko lanean segitzen du. «Esentzia ez da aldatu», erran du Ines Martzilla esatariak.

«Lizentziarekin edo gabe, lanean jarraituko dugu. Inoiz baino beharrezkoagoak dira gurearen gisako irratiak»

INES MARTZILLA Eguzki irratiko kidea

Martzillak duela 25 urte egin zuen bat Eguzki irratiarekin. Bazuen eskarmentu pixka bat hedabideetan, Egin egunkarirako Antsoaingo kronikak idazten aritua baitzen. Eguzki irratiko proiektua, bertze aldetik ezagutzen zuen: «Entzule fidela nintzen». Eguzkiko lagun batek laguntza eske deitu zion, 2000. urtean. «Ahotsak behar zituzten grabazio batzuk egiteko; lagunduko nuela esan, eta bukatzerakoan, irratian aritzeko aukeraz mintzatu zitzaidan». Ekainean hasi zen, 1999an hasitako ikasturteko azken hilabetean, alegia. «Probatu genuen, eta denak gustura gelditu ginenez, segitu nuen». 25 urte bete ditu irratian, Aprendiz de Búho saioarekin.

Iruñerriko Eguzki irratiko kide Pablo Calatayud eta Ines Martzilla, irratiaren Iruñeko Alde Zaharreko egoitzan, apirilaren 25ean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Kontzientzia kritikoa sortu nahi dugu». Horixe nabarmendu du Martzillak. Hori da haren saioaren helburua, eta irratiarena berarena ere bai. Bertsio ofizialen aurrean, gizarte eragileen eta kolektiboen kontakizunei toki bat egin diete; horri esker, mugimendu feministak, intsumisioaren aldekoak, Itoizko urtegiaren kontrakoak, okupazioaren mugimenduak eta bertze borroka anitzek beren mezuak gizarteratzeko helduleku bat izan dute Nabarreria karrikako Eguzki irratiaren egoitzan.

Elkarrizketak

Gizarte mugimendu horien guztien historiak Eguzki irratiarena berarena islatzen du, neurri handi batean. «Historia hori jaso nahi izan dugu dokumentalean», erran du Pablo Calatayud zuzendariak. Onartu du Joxe Lacalleren argazkiek behar zuen ukitua eman diotela lanari: «Lacalleren irudiak mugarri bat izan dira dokumentalarentzat». Elkarrizketen bidez parte hartu dutenen laguntza ere eskertu du zuzendariak. Zehazki, Martxelo Otamendi eta Jonathan Martinez kazetariek, Carlos Vilches soziologoak, Begoña Zabala abokatu feministak, Fermin Muguruza musikariak eta Itziar Ituño aktoreak parte hartu dute Eguzkiri buruzko lanean.

Iruñerriko Eguzki irratiko kide bat, kontrolean, artxiboko irudi batean. EGUZKI IRRATIA

«Elkarrizketekin batera, Eguzki irratiaren artxiboa baliatu dugu azken berrogei urteotako gizartea nola aldatu den azaltzeko, herri mugimenduak nola garatu diren kontatzeko», aipatu du Calatayudek. Lau hamarkada horietako bidea ez da samurra izan Eguzki irratiko kideentzat, proiektua kolokan izan baita hainbat aldiz: lau aldiz itxi dute, eta lauretan lortu du mikrofonoak berriz piztea eta aurrera egitea.

Calatayudek ez ditu gorabehera horiek beti barrutik bizi. Duela bederatzi urte egin zuen bat proiektuarekin, flamenkoari buruzko saio batekin. Orain, Pasealeku saioko aurkezle eta gidaria da. Saio hori da Eguzki irratiko programazioaren ikur; 10:00etatik 12:00etara egiten dute, astelehenetik ostiralera, zuzenean.

«Elkarrizketekin batera, artxiboa baliatu dugu azken berrogei urteotako gizartea nola aldatu den azaltzeko»

PABLO CALATAYUD Eguzki irratiko kidea

Hasieran bezala, irratiko kideek helburu dute herritarrei hitza ematea eta bertze hedabideetatik kanpo gelditzen diren kolektiboei toki bat ematea. Moldatuz joan behar izan dute, halere, eta euren lan egiteko moduak egungo errealitatera egokitzen. Calatayudek eta Martzillak nabarmendu dute irratia «ahalegin handi bat» egiten ari dela artxiboko audio zaharrak egungo entzuleen esku jartzeko. Eguzki t’erdi izenburupean, podcastentzako plataforma bat sortu dute webgunean —Eguzki.eus—, audio zahar horiek eta egungo saioak entzun ahal izateko.

«Proiektu sendo bat dugu», azpimarratu du Calatayudek; bat egin du Martzillak, eta oraindik lizentziarik ez dutela oroitu. 2017an, Nafarroako Gobernuak hainbat lizentzia banatzeko prozesua egin zuen, eta haietako bat irrati komunitarioentzako lizentzia bat zen. «Guretzat aproposa zen». 2017ko prozesua burutu gabe bertan behera utzi zuten, eta, geroztik, irrati komunitario batentzako lizentzia bat banatzeko bertze aukerarik ez da izan. «Lizentziarekin edo gabe, lanean jarraituko dugu. Inoiz baino beharrezkoagoak dira gurearen gisako irratiak», berretsi du Martzillak.

1988

Noiz itxi zuten hirugarrenez. 1988an, hirugarrenez itxi zuten Eguzki irratia, Espainiako erregearen bisitak eragindako istiluen berri emateagatik. Aurretik, 1983an eta 1984an itxi zuten. 1992an, laugarrenez sartu zen Polizia irratian, ixteko.

430

Zenbat eguzkide dituzten. Eguzki irratiko eguzkideak dira hedabidearen finantzaketaren oinarria. Egun, 430 dituzte, baina gehiago behar dituzte. Eguzkideek ekarpen ekonomiko bat egiten dute irratia laguntzeko: hiruhileko bakoitzeko hogei euro, gutxienez.