Leitzako liburutegia ibiltari bilakatu dute, Areso, Arano eta Goizuetara ailegatzeko

Leitzako liburutegia ibiltari bilakatu dute, Areso, Arano eta Goizuetara ailegatzeko

Nafarroako Gobernuak, azkenean, Leitzako liburutegiak azken bost urteotan egindako lana aitortu du, eta baliabide materialez hornitu du liburutegiko zerbitzua Leitzatik Aresora, Aranora eta Goizuetara eramateko proiektua: LAGA liburutegi ibiltaria sortu dute. Leitzako liburuzain Harkaitz Delgadok jarri zuen proiektu hori abian, 2020. urtean; liburuzainak bere autoa eta lanalditik kanpoko denbora baliatu zituen liburutegia inguruko herrietara eramateko. Hilabetean behin, autoa liburuz bete, eta Aresoko, Aranoko eta Goizuetako eskoletara mugitzen zen, ikastetxeotako haurren eta nerabeen artean irakurzaletasuna sustatzeko asmoz.

Delgadok bi urte egin ditu Leitzatik kanpo, baina zerbitzua ez da eten, Elena Arteta liburuzaina arduratu baita hark hasitako bidean urratsak egiten jarraitzeaz. Delgado Leitzara itzuli da orain, eta, liburutegi ibiltariak bost urte bete dituen honetan, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuaren babesa jaso du, liburuzainak orain arte egindako ahaleginaren zama arindu ahal izateko: gobernuak furgoneta bat atondu du, liburuak herriz herri eraman ahal izateko. Delgadok eskertu du neurria, baina, baliabide materialez gain, proiektuak langile gehiago behar dituela oroitu du; izan ere, Goizuetan, Areson eta Aranon egin beharreko lana ohiko lanalditik apartekoa da, eta liburuzaina are gehiago zamatzea dakar horrek. Delgadok nabarmendu du herri anitzetan pertsona bakar batek duela liburutegiaren ardura, eta horrek handitu egiten duela lan karga.

Hala eta guztiz ere, Delgadok «ilusioz» ekin dio liburutegi ibiltariaren etapa berriari, eta erran du Areson, Goizuetan eta Aranon orain arte harrera «bikaina» egin diotela. Hilabetean behin mugitzen zen herriotara orain arte; furgoneta berriari esker, asteazkenero ibiliko da herriz herri. Zehazki, bi ibilbide prestatu ditu: bat, Aresora joateko, bi astean behin; eta bertzea, Goizuetara eta Aranora mugitzeko, bertze bi astean behin. «Ondorioz, asteazkenero izanen da martxan liburutegi ibiltaria: asteazken batean Areson, eta hurrengoan Goizuetan eta Aranon».

«Liburuzainok jarri dugu dena martxan, eta liburutegi ibiltaria gure ohiko lanarekin uztartu behar dugu»

HARKAITZ DELGADO Leitzako liburuzaina

Herri horietako eskolekin lanean jarraituko du Leitzako liburuzainak. Asmoa da ikasleen irakurzaletasuna sustatzea, eta eskoletan irakurzaletasuna pizteko prestatzen dituzten planak eta jarduerak laguntzea eta osatzea. Liburutegi ibiltaria, dena den, herritar ororentzat dat, eta eskoletatik kanpo ere furgonetak toki bat izanen du herrietan, bizilagunek nahi dituzten liburuak maileguan har ditzaten. Helduen artean ere irakurzaletasuna bultzatzea da Leitzako liburuzainaren helburua, eta azaldu du Goizuetan sortu dutela irakurle talde bat, euskaraz: «Hazi bat bazen herrian, eta liburutegi ibiltariak bultzada bat eman dio proiektu horri. Taldeko kideek behar dituzten liburuak eramaten ditut herrira».

Lehena, Aurizperrin

Leitzako LAGA zerbitzua ez da hutsetik sortu; Nafarroako Gobernuak herriko liburuzainak abiatutako proiektu bati babesa eman dio, baina Delgado arduratu da egitasmoa martxan jartzeko behar ziren pauso guztiak emateaz. Delgado ere ez da hutsetik hasi, Aurizperrin garatutako gisa bereko proiektu bat hartu baitzuen erreferente Leitza inguruan gauza bera egiteko. «Aurizperrin hango liburuzaina hasi zen liburutegi zerbitzua inguruko herrietara eramaten; bere kabuz hasi zen». Leitzan bezala, liburuzainak garatutako proiektua babestu zuen gobernuak gero, eta, egun, Kultura Departamentuak emandako furgoneta baliatzen du liburuak herriz herri mugitzeko. Aezkoara, Artzibarrera, Erroibarrera, Lizaidera eta Auritzera joaten da, eta laurehun erabiltzaile inguru ditu.

Delgadok garbi erran du bertzelakoa dela gobernuak berak Lizarrerrian martxan jarritako Bibliobus proiektua: «Proiektu hori gobernuak garatu du, eta langile bat ari da horretan bakarrik; Aurizperrin eta Leitzan, liburuzainok jarri dugu dena martxan, eta liburutegi ibiltaria gure ohiko lanarekin uztartu behar dugu». Gobernuak proiektu horiek duten balioa «aitortu» duela uste du Delgadok, eta berri on bat dela erran; babes handiagoa eskatu du, ordea, liburuzainen lan karga arindu ahal izateko.