Armen kontrako erreserba

Armen kontrako erreserba

«Nire asmoa da zuek lasaitzea, gauzak ongi egiten ari gara eta». Bardeako tiro eremuko buru Jose Manuel Bellido koronelak Nafarroako Parlamentuko ordezkarien aurrean errandako hitzak dira horiek. Parlamentariek martxoan egin zuten bisita Arguedasko tiro eremura, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak proposatuta. Bi taldeok militarren azpiegitura desegin dezatela eskatzeko baliatu zuten bisita, eta eskaera horri eutsi diote Nafarroako Parlamentuaren egoitzan, Iruñean, Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarreko kideek agerraldia egin dutenean, apirilaren 15ean. Gune militarraren aurkako eragileek azpiegitura hori erreserba integral bilaka dezatela eskatu dute.

«Ekainaren 1ean eginen dugu martxa; tiro eremua desegin dezatela eskatu, eta berrarmatzea salatuko dugu»

MILAGROS RUBIO Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarreko kidea

Martxoko bisitan, Bardeako gune militarreko arduradunek tiro eremuaren jarduera justifikatu zuten, eta parlamentarien aurrean nabarmendu jarduera horrek ez diola ingurumenari kalte egiten; are gehiago, faunari dioten «begiruneaz» aritu ziren militarrak Nafarroako Parlamentuko ordezkariekin. Azpiegituraren alde lerratu diren taldeek, hain zuzen, mezu bera zabaldu zuten tiro eremuaren aurkako eragileek parlamentuan egindako agerraldian: gune miliatrra bateragarria dela Bardeako parke naturalarekin, eta azpiegiturak, gainera, mesede egiten diela hainbat espezieri. Horixe azpimarratu zuen UPNko parlamentari Felix Zapaterok. PSNko Carlos Menak ere tiro eremuaren alde egin zuen, eta azaldu sozialistek Espainiako Gobernuko Defentsa Ministerioaren eta Bardeako Komunitateko Batzar Nagusiaren arteko hitzarmena berritzeko botoa emanen dutela, 2028an.

Erakundeen jarrera

EH Bilduko ordezkariek ez zuten martxoko bisitan parte hartu; bai, ordea, tiro eremuaren aurkako eragileen agerraldian. EH Bilduko parlamentariak gune militarraren aurka lerratu ziren, eta eskertu egin zituzten Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarreko kideen azalpenak. Milagros Rubiok eta Eduardo Navascuesek parte hartu zuten parlamentuko saioan, batzar horren izenean. Rubio da haien aurpegirik ezagunena, eta bide luzea egina du tiro eremuaren aurkako borrokan. Hark oroitu du militarren eta Bardeako Komunitatearen arteko lehendabiziko hitzarmena 1951n sinatu zutela, eta 1976an berritu egin zutela, bertze 25 urterako.

Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarrak gure militar hori desegin dezatela eskatzeko egindako martxa, 2023ko ekainean. NAFARROAKO HITZA

2001ean berritu zuten bigarrenez; garai hartan, tiro eremuaren aurka agertu ziren Nafarroako Gobernuko orduko UPNko presidente Miguel Sanz eta orduko PSNko buru Jose Luis Lizarbe, bertzeak bertze. Horixe gogoratu zuen Rubiok parlamentuan. Erakundeen jarrera aldatuz joan da; ez, ordea, tiro eremuaren aurkako batzarreko kideena. 1987. urtean sortu zuten plataforma, eta 1988an egin zuten azpiegitura militar horren kontrako martxa, lehendabizikoz. «Ekainaren 1ean eginen dugu aurtengoa; tiro eremua desegin dezatela eskatu, eta berrarmatzea salatuko dugu», erran du Rubiok.

2001eko hitzarmena 2008ra bitarte sinatu zuten; asmoa zen denbora tarte horretan tiro eremua bertze nonbaitera mugitzeko aukera aztertzea. Baina ez zuten halakorik egin, eta 2008an bertze hitzarmen bat sinatu zuten. 2018an hirugarrenez berritu zuten akordio hori. 2028an hitzarmen berri bat sinatu beharko dute.

Erreserba, eztanden ordez

Tiro eremuaren aurkako ekintzaileek gerren aurkako aldarria egin zuten Nafarroako Parlamentuko agerraldian. Azpiegituraren aurkako batzarreko kideek hasieratik salatu dute Bardean probatzen dituztela gero munduko hamaika txokotan erabiltzen dituzten armak. Segurtasunaren auziari ere egin diote so, eta salatu izan dute ez dutela zabaltzen informaziorik Bardean baliatzen dituzten armek izan ditzaketen ondorioei buruz.

«Tiro eremu batek ez du natura babesten. Aukera bakarra da gune militarra erreserba integral bilakatzea»

EDUARDO NAVASCUES Bardeako Tiro Eremuaren Kontrako Batzarreko kidea

Ingurumenean eragiten duen kaltea «nabarmena» da tiro eremuaren kontrako batzarreko eta Ekologistak Martxan taldeko kide Eduardo Navascuesen arabera: «Ezin da natura babestu bonba eztanden bidez». Navascuesek kritikatu du gune militar bat egotea parke natural eta biosferaren erreserba baten erdian; gainera, UPNko parlamentari Zapaterok errandakoari erantzun dio, haren hitzetan tiro eremua bateragarria baita ingurumenarekin eta mesede egiten baitie hainbat espezieri. «Militarrek ordaindutako ikerketek diote hori; tiro eremu batek ez du natura babesten», berretsi du Navascuesek. «Aukera bakarra da gune militarra erreserba integral bilakatzea».

Bakearen aldeko manifestu bat sinatu dute

Ez dira ados; Nafarroako eragile anitzek ez dute bat egin Europak berrarmatzeko eta gastu militarra handitzeko agertu duen asmoarekin, eta manifestu bat sinatu dute, Bakearen alde, berrarmatzeari ez lelopean. Sinatzaileen artean dira CCOO, CGT, LAB, Zurekin Nafarroa, EH Bildu, EHNE, Hiru, Nafarroako Ezker Batua, ESK, Solidari, EPK eta Steilas. Europak «jarrera belizista» hartu duela salatu dute, eta paradigma aldaketa bat eskatu; zehazki, sinatzaileek bake eta elkarrizketa kulturak defendatu dituzte, «gatazka politikoak konpontzeko».