Apirilean Liburuaren Eguna ospatzen da. Niri gustatzen zait Liburuen Eguna erratea eta, are gehiago, liburuen hilabetea dela erratea. Ipuin kontalaria naiz eta Liburuen Egunaren harira oportunitate ikaragarri bat daukat eskolaz eskola joateko, edo liburutegiz liburutegi. Eta, hola, ez dakit zenbat kilometro egin ditudan iparraldetik hegoalderaino nire ipuinak partekatzen. Antzindik Zudairira, Alesbestik edo Caparrosotik pasatuta. Lerro hauetatik, agur bero bat!
Niretzat zorte bat da barrutik, lehendabiziko lerrotik, ikustea zer-nolako lana egiten duten eskoletan. Eta irakasleak miresten ditut. Benetan.
Lehendabiziko ordutik, haurrak uzten ditugu eskolan. Haur batzuek jantokian bazkalduko dute, eta, eskola orduak bukatu ondoren, haur batzuk eskolan geratuko dira eskola orduetatik kanpoko saioak egiten. Hortaz, ordu dezente ematen dituzte familiaren etxetik kanpo. Haurren heziketa eskolan egiten da, beraz. Bertze batzuen esku uzten dugu gure haurren heziketa, ordu askoan; irakasleen eskuetan, eta jantokiko langileen edo eskolaz aparteko saioak ematen dituzten pertsonen eskuetan ere bai.
Uste dut anitzik pentsatu gabe, edo, hobeki erranda, hurbiltasunaren edo eskolak duen ospearen arabera aukeratzen dugula gure haurren ikastetxea, baina irakasleen taldea osatzen duten pertsonei ez diegu garrantzi handirik ematen.
Alde batetik, erabat ulergarria da, behin-behinekoak baitira irakasle horietako asko eta asko. Ikasturte oro aukeratu behar dute eskola bat, eta osatu behar dute bertze heziketa talde bat… Azken urteotan, polita iruditu zait eskola batean egon zen irakaslea bertze eskola batean agurtzea, baina agurtu dudan irakasleari agian ez zaio hain polita suertatu.
Bertze aldetik, eskolako irakasleen taldean sartzen direnek agian ez dute bat egiten zuzendaritza batzordearen norabidearekin, agian urte bakar baterako ez dute askorik inplikatu nahi, agian ez dute gogorik beren gain hartzeko urte luzez kudeatuko ez duten lana…
Baina, nire ustez, egiten dute. Ziur aski, honaino irakurri dutenak konturatu dira eskola publikoaz hitz egiten ari naizela, eskola publikoetara joaten bainaiz ipuinak kontatzera, inoiz ez eskola pribatu edo itunpeko ikastetxeetara. Batek daki zergatik!
Niretzat zorte bat da barrutik, lehendabiziko lerrotik, ikustea zer-nolako lana egiten duten eskoletan. Eta irakasleria miresten dut. Benetan
Eta horrexegatik miresten dut haien lana, nahiz eta baldintza ezegonkorretan egon. Ipuinak kontatzera joaten naizen bakoitzean, barrutik ikusten dudana da konpromiso ikaragarria, eta, horrexegatik, lerro hauetara ekarri nahi izan dut, hezitzaileen lana azpimarratzeko, eta, batez ere, gurasoei gogorarazteko eskolak baino gehiago eskoletan lan egiten dutenak direla garrantzitsuak. Bukatzeko, aipatu nahiko nuke ezin dugula utzi irakasleen esku guri dagokigun lana, seme-alabak gureak baitira. Eskoletan oso ongi egiten dute. Ea guk ere ardura hartzen dugun.