«Harrituta eta hunkituta gaude; jende anitz etorri da gu babestera». Allinibar elkarteko kide Ainhoa Garcia Araguesek erran ditu hitzok, ikusita zer-nolako elkartasun olatua sortu den sare sozialen bidez laguntza eskatu eta gero landa eremuko emakumeen topaketa antolatzeko. Allin ibarreko hainbat emakumek osatzen dute taldea, eta, 2021etik, Herritarrak izenburuko jardunaldiak antolatzen dituzte urtero, Larrionen. Baina, aurten, Nafarroako Berdintasun Institutuak ez die diru laguntzarik eman, eta, ondorioz, kolokan dira jardunaldiak. «Egin, eginen ditugu, baina lor dezakegun aurrekontuaren araberakoa izanen da egitaraua», erran du Garcia Araguesek.
Allinibar elkarteko kideek laguntza eskatu diete herritarrei, eta hamaika dira jada taldeko arduradunekin bat egin dutenak. «Batzuek erran digute diruz laguntzeko prest direla; hainbat arlotako artistek ere deitu digute, errateko parte hartzeko prest direla». Duela lau urte egin zituzten lehendabizikoz Herritarrak jardunaldiak; geroztik, bide gero eta sendoagoa egin dute, eta lortu dute eskualdeko emakumeentzat eta adin guztietako herritarrentzat topagune bilakatzea; erreferente bihurtu dira Nafarroatik kanpoko landa eremuko bertze hainbat elkarterentzat ere. «Niretzat, landa eremutik herritarrak nola aktibatu ikasteko leku bat dira jardunaldiak, etxe baten moduko leku bat», erran du Itxi Gerra ekintzaile antikapazitistak. 2022ko jardunaldietan parte hartu zuen Gerrak; Galiziako landa eremuan bizi da orain, eta, ondorioz, «balio are handiagoa» ematen die Larriongo jardunaldiei.
«Hasi ginenean, nekez imajina genezakeen lortu dugun oihartzuna lortuko genuenik», nabarmendu du Garcia Araguesek. Brigitte Vasallo ekintzaile feministaren hitzaldi bat izan zen Herritarrak jardunaldien lehen hazia, duela lau urte. Ibarreko emakumeak hasi ziren zerbait egiteko asmoa garatzen, eta gogo horrek bat egin zuen Nafarroako Berdintasun Institutuak diru laguntzak banatzeko egindako deialdi batekin. Babesa lortuta, ideia mamitzen hasi ziren, eta 2021eko uztailean topaketa egin zuten, aurrenekoz.
«Balioa eman nahi diegu landa eremuko emakumeei eta landa eremuan egiten den lanari»
AINHOA GARCIA ARAGUES Allinibar elkarteko kidea
Lehen aldi hartan bezala, Allinibar elkarteko kideek Nafarroako Berdintasun Institutuaren diru laguntza jaso dute azken hiru urteotan. Aurten, baina, administrazioak erran die ez dituztela betetzen diru laguntza jasotzeko baldintzak. «Gure egoera aurreko urteotako bera da. Elkartean emakumeak gara denak, baina erran digute gure estatutuetan ez dagoela jasota berez emakume talde bat garenik; horregatik ukatu digute laguntza. Kontua da oraingo estatutuak azken urteotako berak direla», azaldu du Garcia Araguesek.
Antifaxista eta ekologista
Allin ibarreko emakumeek ez dute amore eman, eta aipatu dute saiatuko direla bertze diru laguntzaren bat lortzen; hasteko, Nafarroako Berdintasun Institutura joko dute berriz, ekitaldi jakinetarako dauden deialdietan parte hartzeko asmoz; gainera, inguruko udalen babesa biltzen saiatuko dira. «Eskertzen dugu doan etortzeko prest agertu direnen laguntza, baina ez dugu kultur arlokoen, eta, bereziki, kultur arloan ari diren emakumeen prekaritatea betikotu nahi. Lortutakoa etorriko direnen artean banatzea da gure asmoa», azpimarratu du Garcia Araguesek.
Lehen aldiz antolatu zutenetik, Larriongo emakumeen topaketak «bazterrean» daudenei so egin die, baina, betiere, oinarrizko balio batzuk ardatz hartuta: «Gure jarduera guztiek dute ikuspuntu transfeminista, antifaxista eta ekologista», zehaztu du Garcia Araguesek. Aurtengo jardunaldiek ere oinarri horiek hartuko dituzte abiapuntu gisa; antolatzaileen asmoa da landa eremuan gizartea eraldatzeko sor eta gara daitezkeen proiektuak eta esperientziak jorratzea: «Balioa eman nahi diegu landa eremuko emakumeei eta landa eremuan egiten den lanari».
Egitarau zabal bat prestatzen ari dira, uztailaren 18rako, 19rako eta 20rako: antzerkia, herri kirolak, bazkaria, kontzertuak, mahai inguruak… Literaturak ere tokia izanen du aurtengo jardunaldietan, Garcia Araguesek poema bilduma bat aurkeztuko baitu. Haurrak, helduak eta zaharrak, adin guztietako herritarrak hartzeko prest direla berretsi du Allinibar elkarteko kideak.