«Nabaritu dugu sexilioari buruzko hitzaldiak barrenak mugitzen dizkiola jendeari»

«Nabaritu dugu sexilioari buruzko hitzaldiak barrenak mugitzen dizkiola jendeari»

(

Lide Egizala Urteaga, Gipuzkoako Hitza

Martxel Larraza (Etxalar, 2000) Xerka fotokazetaritza proiektua aurkezten ari da Euskal Herriko hainbat txokotan, Joseba Olagarai herrikide eta kazetariarekin. Lanak sexilioa du ardatz, eta «LGTBI komunitateak herrietan bizi duen erbesteratze prozesu isila» lantzen du. Larrazak Euskal Herriko landa eremuko bost pertsona queer-en bizipenak eta hausnarketak jaso ditu, baita nola sentitu diren ere. Lana aurkezteko lehen saioak iazko udazkenean egin zituzten, Etxalarren eta Lesakan, eta ekainera bitartean Gipuzkoako hamar herritan izango dira: maiatzaren 9an Ordizian eta lehengo astean Oiartzunen izan ziren, eta hurrengo saioak Hernanin, Lasarte-Orian, Elgoibarren, Donostian eta Berastegin egingo dituzte.

Zein izan da Xerka fotokazetaritza proiektua sortzeko prozesua?

Hasieran, dokumentazio fase sakon bat egin nuen, eta, horretarako, hainbat elkarterekin jarri nintzen kontaktuan; Hiruki Larrosarekin, esaterako. Behin informazioa ondo prestatuta eta zer gaitan sakondu nahi nuen jakinda, testigantza aukeraketa bat egiten hasi nintzen. Testigantzak ahalik eta pluralenak izan zitezen nahi nuen, bai genero aldetik eta baita identitate, adin eta lurralde aldetik ere. Identitateari dagokionez, adibidez, iruditzen zitzaidan garrantzitsua zela pertsona transak agertzea, eta, segur aski, hori aurkitzea izan zen gehien kostatu zaidana.

Zein izan da Xerka fotokazetaritza proiektua sortzeko prozesua?

Hasieran, dokumentazio fase sakon bat egin nuen, eta, horretarako, hainbat elkarterekin jarri nintzen kontaktuan; Hiruki Larrosarekin, esaterako. Behin informazioa ondo prestatuta eta zer gaitan sakondu nahi nuen jakinda, testigantza aukeraketa bat egiten hasi nintzen. Testigantzak ahalik eta pluralenak izan zitezen nahi nuen, bai genero aldetik eta baita identitate, adin eta lurralde aldetik ere. Identitateari dagokionez, adibidez, iruditzen zitzaidan garrantzitsua zela pertsona transak agertzea, eta, segur aski, hori aurkitzea izan zen gehien kostatu zaidana.

Nola lortu zenuen errepresentazio hori?

Naizen adingabe transexualen familien elkartera jo nuen, eta hango kideek asko lagundu zidaten.

Behin lana eginda, nola sortu zitzaizun herriz herri aurkezteko aukera?

Iaz [Komunikazioko Gradu Amaierako Lanen III.] BERRIA saria irabazi zuen nire lanak, eta, horri esker, geroz eta ezagunagoa egiten hasi zen. Sexilioaren gaiak kuriositatea piztu zion jende askori, eta Etxalarko Altxata kultur elkartetik deitu zidaten, udazkeneko kultur ekitaldietan parte hartzeko gonbita egiteko. Iruditu zitzaidan aukera polita zela, eta erakusketa bat prestatu nuen okasiorako. Ondoren, erakusketarekin batera, aurkezpen edo hitzaldi bat egitea proposatu zidaten.

Joseba Olagarai kazetariarekin batera ari zara hitzaldiak ematen.

Bai. Ez nuen sentitzen aurkezpena nik bakarrik egiteko adina segurtasun, eta Josebari eskatu nion laguntzeko. Nire herrikoa da, Etxalarkoa, eta beti egiten ditu halako aurkezpen lanak. Iazko urrian egin genituen lehenengo saioak, Etxalarren eta Lesakan. Proiektuak arrakasta izan zuen bi herrietan, eta, beraz, Josebak proposatu zidan lana beste herri batzuetara zabaltzeko. Udaberriarekin batera hasi gara beste herri batzuetan aurkezten.

Zer-nolako harrera izaten ari da?

Egia da oraindik ez garela publiko zabalegi batengana iritsi, baina harrera oso ona izaten ari da. Jendeak gugana jo du, gaiak interesa pizten diolako, eta giro berezia sortu da. Feedback-a ere hagitz ona izan da. Izan ere, solasaldietan lantzen ditugun gaiek entzule bakoitzari zer pentsatua eman dio, eta nabaritu dugu hitzaldiak barrenak mugitzen dizkiola jendeari.

Eta bira amaitutakoan, zer?

Proiektua ez da hemen amaituko, eta helburuetako bat da jasotako testigantzak argitara ateratzen jarraitzea. Xerka proiektuko lana ez da bildutako bost testigantza horietara mugatzen, eta, beraz, asmoa da Euskal Herriko hainbat lekutako errealitateak ezagutaraztea.

Zergatik da garrantzitsua sexilioari buruz hitz egitea?

Errango nuke garrantzitsua dela ez delako gaiari buruz asko hitz egiten, baina egon badago. Argi dago horrelako errealitateak ezagutzeak jendea hausnartzera bultzatzen duela. Euskal Herrian jende anitz bizi da landa eremuetan, eta han ere badira LGTBI pertsonak. Gai honek denoi eragiten digu, generoak, heteroarauak eta halako gaiek eragina dutelako gure gizartean. Iruditzen zait sexilioaren gaia ateratzea beharrezkoa dela hausnarketa bultzatzeko eta, aldi berean, azpimarratzeko euskal landa eremuan ere bizi garela. Gainera, erakutsi nahi dugu landa eremua bizigarria izan daitekeela, eta mezu positibo hori ere zabaldu nahi dugu.

Herri batean zein hiri batean bizi, zertan aldatzen da pertsona baten bizitza?

Herri batean erreferente falta izaten da askotan, eta komunitate bat sortzeko aukera mugatuak daude. Gainera, esango nuke herrietan gertatzen diren biolentzia eta diskriminazio kasuak eta hirietan gertatzen direnak desberdinak direla.

Zertan dira desberdin?

Herrietako indarkeria sinbolikoagoa da hirietakoa baino, ez da hain agerikoa, eta, ondorioz, borrokatzeko zailagoa izaten da. Hiriek badute herriek ez duten anonimotasun faktorea. Herrietan denok ezagutzen dugu elkar, eta pertsona disidenteak seinalatuta bizi dira askotan.