Landa eremuak ez dio joera nagusiari ihes egin: herri txikietan ere, hirietan bezala, emakumeen esku dago zaintza lanen ardura, oro har. Bortzirietan aurkeztu berri duten zaintza lanen inguruko diagnostikoak hori utzi du agerian; Emagin elkarteak egin du, eta, Miren Aranguren kideak nabarmendu duenez, ikerketak erakutsi du generoa ez dela zapalkuntza ardatz bakarra: emakume migratuak, arrazializatuak eta prekarizatuak ari dira Bortzirietan zaintza lanak egiten. Arangurenek zehaztu du landa eremuan egoteak badituela berezko berezitasun batzuk, «onerako eta txarrerako».
2022. urtean sortu zuten Bortzirietako Berdintasun Zerbitzua. Ordura arte, eskualdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea arduratzen zen berdintasunarekin lotutako auziez; mugimendu feministak eta gaiarekin kezka zuten hainbat hautetsik sustatuta, Berdintasun Zerbitzua sortzeko hitzarmena sinatu zuten Bortzirietako udalek, duela hiru urte, eskualdean ariko zen berdintasun teknikari bat kontratatzeko asmoz. Egun, Nagore Huegun Ibarbia ari da lan horretan. «Zerbitzua martxan jarri zenean, eskualdeko egoera ezagutzeko ikerketa bat egin zuten, eta garbi ikusi zuten zaintza lanena zela jorratu beharreko esparruetako bat. Kezka horri erantzun dio orain egin dugun diagnostikoak», esplikatu du Huegunek.
Emagin elkarteko kideek, batez ere, haurren eta zaharren zaintzari erreparatu diote. Errealitatearen berri ematen duten datuak jaso dituzte, baina, funtsean, lan kualitatibo bat egin dute; hain zuzen ere, hauen beharrak eta esperientziak jaso dituzte: Bortzirietako zaintzaile profesionalen, etxeko langileen, zaintzaile afektiboen, amen, zaharren, desgaitasunen bat dutenekin aritzen diren langileen eta haurren eta gazteen hezkuntzaren arloan ari direnenak. «Zaintza lanen antolaketa bidegabeari aurre egitea, eta lanok demokratizazio bidean jartzeko aldaketak sustatzea». Helburu horixe jarri dute.
Baliabide gutxiago
Landa eremuetan, oro har, zerbitzu eta baliabide gutxiago izaten dira, eta zaintzaren alorra ez da salbuespena. Horixe azpimarratu du Arangurenek, eta salatu zaintza ez dela oraindik lehentasunezko kontua agenda politikoan: «Ez da behar den inbertsioa egiten, oro har, eta are gutxiago baliabide gutxiago dituzten eremuetan».
Bortziriek 8.527 biztanle dituzte, 2022ko datuen arabera; Bera eta Lesaka dira eskualdeko herri nagusiak. Biztanle horietako 1.385ek 16 urte baino gutxiago dituzte, eta 1.944k, 65 urte edo gehiago. Zaharrak ugaritu egin dira azken urteotan, eta horrek, noski, badu eragina zaintza lanetan, beharrek ere gora egiten baitute.
Bortzirietan zaharrentzako bi egoitza daude: Lesakan eta Beran. Dena den, Emaginek egindako ikerketan jaso dute eskualdean joera handia dagoela zaintza lanak modu pribatuan kudeatzeko: «Askok etxeko langileak edo zaintza langileak kontratatzen dituzte», erran du Arangurenek. Etxeko eta zaintzako langile horietako gehienak emakume migratuak eta arrazializatuak dira, eta horrek erran nahi du haien egoera aztertzeko, halabeharrez, Espainiako Atzerritarren Legea hartu behar dela kontuan, etxeko langileen erregimen bereziarekin batera.
«Ezin dugu ahaztu abiapuntua zein den», erantsi du Emagineko kide Arangurenek, eta arrazakeria egiturazkoa dela oroitu. «Zaintza lanen esparru horrek emakumeak desjabetu egiten ditu; klaseak erabat eragiten du, eta sistema kolonial bat du oinarrian. Aldaketak lortzeko, garbi izan behar dugu hori guztia gaindituko duten proposamenetan sakondu behar dugula».
Zaintza lanen inguruko ikerketa egin dute Bortzirietan. Irudian, adineko pertsona baten eta haren zaintzailearen eskuak, artxiboko argazki batean. NAFARROAKO HITZA
Landa eremuan egoteak erabat baldintza dezake zaintza lanetan ari diren emakume migratuen eta arrazializatuen egunerokoa, Emaginen ikerketak azaldu duenez. Batetik, baliteke bakartuago egotea baserrietan egiten badute lan edo garraio publikorik gabeko herriren batean bizi badira; bertzetik, hizkuntzaren inguruko zailtasunei egin behar diete aurre. Bortzirieta eskualde euskalduna da, eta, bereziki, haurrak eta zaharrak aritzen dira euskaraz; hau da, zaintzen jasotzaile nagusiak. «Emakume migratuen artean ez da falta euskara ikasteko gogoa; kontua da zailtasunak dituztela eskoletara joateko», kontatu du Arangurenek. Hark uste du euskaltegietako ohiko eskolen dinamiketatik kanpoko bertzelako bideak saiatu beharko liratekeela, eta esparru horretan lan garrantzitsua egin dezakeela eskualdeko komunitateak.
«Altxor txiki bat»
Komunitatea da, hain zuzen, Bortzirietako indarguneetako bat, nahiz eta herritarrek azaldu haren indarra lausotu egin dela azken urteetan. Arangurenek balio handia eman die komunitatean sortutako ekimenei, eta zera nabarmendu du batez ere, Elkarrizan boluntario taldeak egiten duen lana. «Adineko pertsonak laguntzen aritzen dira; kide ugari dira taldean, eta ordu asko ematen dituzte zaharrekin». Eredu hori bertze hainbat esparrutara heda daitekeela gaineratu du; bertzeak bertze, haurrak zaintzera. «Altxor txiki bat da, sustatu beharreko eredu bat».
Bada bertze altxor bat Bortzirietan: eskualdeko gizarte zerbitzuen mankomunitateak bultzatutako jubiloteka. «Herritarrek asko estimatzen dute, askorentzat prebentziorako, sozializaziorako eta elkar zaintzeko lekua baita. Zerbitzu hori eskualdean are gehiago zabaltzea nahi dute herritarrek».
«Emakume migratuen artean ez da falta euskara ikasteko gogoa; kontua da zailtasunak dituztela eskoletara joateko»
MIREN ARANGUREN Emagin elkarteko kidea
Hori da erronketako bat. Bertze batzuk jaso dituzte Emagin elkarteko kideek egindako diagnostikoan; zehazki, zaintzak erdigunean kokatzeko egiturak sortzeko eskatu diete Bortzirietako agintariei. Gainera, arreta eredua eta zerbitzuak hobetzeko beharra nabarmendu dute, eta, batik bat, zaintzaileen bizi eta lan baldintzak hobetzekoa. Etxeetan ari diren emakume zaintzaileekin batera, herritarrak etxean artatzen dituzten udal zerbitzuetako langileak ere erdigunean jarri nahi izan dituzte. Era berean, komunitatea saretzeko ekinaldiak eskatu dituzte.
Diagnostikoa jasota, Bortzirietako Berdintasun Zerbitzuari dagokio lanean hastea. «Zaintzaren esparruan, eskualdeko beste hainbat erakunderekin eta gizarte eragilerekin egin behar dugu lan, ezinbestean; denon ardura da», adierazi du Nagore Huegun Ibarbia berdintasun teknikariak. Ezagutarazi du, lehen urrats gisa, Bortzirien asmoa zera dela, Nafarroako Zaintzaren Aldeko Ituna sinatzea, eta herrietan zaintzaren inguruko mahaiak osatzea.
Zenbatek duten 65 urte baino gehiago. Bortzirietako herritarren %37,6k dituzte 65 urte baino gehiago, 2022ko datuen arabera. 2013an, %33 ziren.
Zenbatek duten mendekotasuna onartua. Bortzirietako 238 biztanlek dute mendekotasun graduren bat onartua, 2023ko datuen arabera. Haietako 72k mendekotasun handia dute.
Zenbatek erabiltzen duten etxez etxeko zerbitzua. Bortzirietako 64 biztanlek erabiltzen dute eskualdeko gizarte zerbitzuetako etxez etxeko zerbitzua, 2023ko datuek diotenez.
Feminismoen Landa Eskola egin du NUPek
NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Genero Ikasketen eta Ikasketa Feministen Katedra Lizarrara zabaldu da, eta Lizarrerriko Feminismoen Landa Eskolaren lehen aldia antolatu du, Lizarrako Udalarekin eta Teder erakundeko berdintasun atalarekin batera. Eskolak bere jarduera burutu berri du; eskualdeko hainbat emakume trebatzea izan du helburu, berdintasunaren aldeko eragile bilaka daitezen.
Lizarrako berdintasun teknikari Ixaxi Perez eta Teder erakundeko Aurora Sanz erabat murgildu dira Feminismoen Landa Eskolaren lehen aldian, eta nabarmendu dute «ezinbertzekoa» dela herritarrek genero arrakala eragiten duen «egiturazko desberdinkerian» sakontzea. Ezagutza zabaltzeko eta esperientziak partekatzeko beharra badela erantsi du NUPeko irakasle eta genero ikasketen zuzendari Patricia Amigotek; haren ustez, landa eremuan «zailtasun handiagoak» egon daitezke, eta garrantzitsua da, ondorioz, unibertsitatean sortzen eta zabaltzen den ezagutza hori herrietara eramatea.
Hain zuzen, herritarren parte hartzea errazteko, Lizarran garatutako programan online aritzeko aukera izan dute herrietako biztanleek. 25 orduko formakuntza egin dute, eta gai hauek jorratu dituzte, bertzeak bertze: pentsamendu feminista, patriarkatuaren jatorria, feminismoaren historia, emakumeek gizartean duten ordezkaritza, berdintasun politikak, indarkeria matxista, pornografia, landa eremuko emakumeen egoera eta epistemologia feminista.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak aritu dira hizlari Lizarrerriko Feminismoen Landa Eskolan; Lohitzune Zuloagak, Paloma Fernandezek, Ruth Iturbidek, Patricia Amigotek, Irene Lapertak eta Elvira Sanzek hartu dute parte. Azken saioa NUPeko irakasle eta ikerlari Begoña Elizalde San Miguelek zuzendu zuen, maiatzaren 20an. NUPeko arduradunek zehaztu dute Lizarrerriko feminismoen eskola antolatzeko esperientzia «hagitz interesgarria eta aberasgarria» izan dela, eta «ezinbertzekotzat» jo dute unibertsitatean sortutako ezagutza landa eremura zabaltzeko proiektuak garatzea.