Stop AHT Zundaketak plataformak elkarretaratzera deitu du gaurko, Altsasun, abiadura handiko trenari «ezezko biribila» emateko; herriko etxearen aurrean eginen dute, 12:30ean, Ez Ezkiotik, ez Gasteiztik. AHTrik ez lelopean. Eskualdeko eta herrialde osoko bertze hainbat eragilek babestu dute protesta. Plataformako kideek oroitu dute bi urte joan direla zundaketak hasi zituztenetik, eta konpromisoa hartu dute AHTaren aurkako bidean urratsak egiten segitzeko.
Nafarroan, Itzan eta Arakilen saiatu dira zundaketak egiten; zehazki, Otxobin eta Izurdiagan. Makinak iazko urrian ailegatu ziren Otxobira, «baimenik gabe». Horixe nabarmendu eta salatu du kontzejuko presidente Mirari Zestauk. 2023ko maiatzean, Espainiako Gobernuak idatziz eman zien zundaketak egiteko asmoaren berri; kontzejuak erantzun zuen herri lurrak zirela eta nekazari batek erabiltzen zituela, eta informazio gehiago eskatu. «Urrira arte ez genuen erantzunik jaso; urrian, makinak sartu ziren, inolako abisurik gabe», oroitu du Zestauk. Zehaztu du makinak Adifek desjabetutako lurretan hasi zirela zundaketak egiten; berretsi du makinak sartzeko baimenik ez zutela eskatu, eta «txikizioa» eragin zutela. «Foruzaingoak egindako txostenaren zain gaude, kalte ordaina eskatzeko».
«Urrira arte ez genuen erantzunik jaso; urrian, makinak sartu ziren, inolako abisurik gabe»
MIRARI ZESTAU Otxobiko kontzejuko presidentea
Otxobin zundaketak gelditzea lortu zuten; Izurdiagan ere bai. Izurdiagara urtarrilean ailegatu ziren makinak, udalari baimena eskatu gabe. Arakilgo agintariek Foruzaingoan salatu zuten egoera, eta makinek lana bertan behera utzi behar izan zuten. «Ondorioz, Espainiako Gobernuak ezagutarazi zuen urgentziazko prozedura erabili eta desjabetzeak eginen zituela, udalei baimena eskatu behar ez izateko», azaldu du Stop AHT Zundaketak plataformako kide Gorka Ovejerok. Oraingoz, dena den, ez dute bertze urratsik egin.
Bertze baimen bat
Stop AHT Zundaketak plataformako kideak ez dira fio; ez Espainiako Gobernuarekin, ezta Nafarroako Vianako Printzea erakundearekin. Ovejerok esplikatu du Itzako eta Sakanako hainbat udaletan Vianako Printzea erakundearen ebazpen bat jaso dutela, zehaztuz AHTaren bidean egon daitezkeen aztarna arkeologikoak aztertzeko baimena eman duela. Plataformako kideen hitzetan, baina, baimen hori obrak «zuritzeko» tresna bat bertzerik ez da, azken urteotan «hainbat aztarnategi suntsitu» baitituzte.
Otxobin jaso dute Vianako Printzea erakundearen ebazpena, eta Mirari Zestauk onartu du «kezka» eragin diela: «Ezin gara lasai egon». Erantsi du bilera eskatu diotela Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentuari, Vianako Printzea erakundeak emandako baimenari buruzko argibide gehiago jasotzeko asmoz.
Iazko urrian Otxobin hasitako zundaketak; irudian, herritar talde bat zundaketen aurkako pankartarekin. STOP AHT ZUNDAKETAK
Adi egoteko beharra berretsi du Stop AHT Zundaketak plataformako Gorka Ovejerok, eta azpimarratu AHTak Nafarroan, egitekotan, Castejon eta Tebas-Muru Artederreta lotuko lituzkeela. «Handik Iruñera trena ezin da abiadura handian joan, dagoen maldagatik», zehaztu du. Gogoratu du egun mahai gainean dauden bi proiektuen arabera AHTa Ezkiotik (Gipuzkoa) edo Gasteiztik lotuko litzatekeela euskal Y-arekin. «Gasteizko aukerak Beriain eta Urbasa-Andia zeharkatuko lituzke; Ezkiokoak, berriz, Aralar. EAJk, Geroa Baik, PPk eta UPNk beste aukera bat aipatu dute: Altsasutik Ezkiora joatea».
Oraingoz, Castejon eta Erriberri arteko AHTaren azpiegitura eraikitzeko lanak burutu dituzte Nafarroan, eta hasi dituzte Castejondik Ebroren gaineko zubia egitekoak. Otxobiko kontzejuko Mirari Zestauk «zentzuz» jokatzeko eskatu dio administrazioari, eta gogoratu «beste alternatiba batzuk» badaudela: «Azter ditzatela». Sustrai Erakuntza fundazioak egin zuen bat, eta Nafarroako Trenaren Aldeko Plataformak bertze bat. Egungo trenbidea egokitzea proposatzen dute.