Uzta jaso, landa eremua biziberritzeko

Uzta jaso, landa eremua biziberritzeko

Duela gutxi arte, txanpiñoien mundua guztiz ezezaguna zen Alberto Pardo nekazariarentzat. Mekanizazioa eta mekatronika industriala ikasi ditu Pardok, eta, ikasketak amaituta, bost urtez mantentze lanetan aritu da. Ostean, txanpiñoiak ekoizten hasi da Andosillan, bere jaioterrian. Paula Mogarekin batera heldu dio erronkari, eta aurtengoa lehenengo denboraldia izan dute. Pardok esan du 250.000 eta 300.000 kilo artean jaso dituztela. «Gehiago atera beharko genuke, baina guk ez dugu hogei urte ekoizten daraman jendearen esperientzia. Inorekin zorrik ez izateko eta bizi ahal izateko behar adina saldu dugu».

Poliki-poliki, Nafarroan zeuden txanpiñoi haztegiak desagertuz joan dira, eta gaur egun metodologia tradizionalean oinarritzen diren bi haztegi baino ez daude: Sartagudan eta Andosillan. Erreleborik ez zegoelako edo ez zirelako errentagarriak itxi dituzte Nafarroan besteak. Txanpiñoiak ekoizten dituzten Mogaren lagun batzuek bultzatu dituzte nekazaritzan aritzera. Hasieran, Pardok ez zuen argi, lan «egonkor» bat zuelako eta «arriskutsua» iruditzen zitzaiolako berrian hastea.

Gerora, Pardok-eta jakin zuten Andosillako batek erretiroa hartuko zuela, eta harekin mintzatu ziren. «Hasieran ez geunden oso konbentzituta, hark esan baitzigun asko lotzen duen lan bat dela. Egia da gaur egun gutxiago irabazten dela, baina, bikotekidearen lagunei ongi doakienez, erreleboa hartzea erabaki genuen», aitortu du Pardok. Uste du herriak biziberritzeko bide ere izan daitekeela, eta «polita» dela bizitza osoan norbaitek landu duen proiektuari segida ematea: «Beharrezkoa da. Nekazaritzak ez dio existitzeari utziko, egunero jaten baitugu».

Alberto Pardoren eta Paula Mogaren Andosillako txanpiñoi haztegia; hainbat lagun aurtengo uzta biltzen, apirilean. HITZA

Pardok hasieran deus gutxi zekien txanpiñoien ekoizpenaren inguruan, baina txikitatik izan du lotura nekazaritzarekin: «Amatxik zelaiak eta traktoreak saldu zituen, ez zuelako nahi gurasoak horretan aritzea». Gaineratu duenez, saldu izan ez balitu, familiako erreleboa hartuko zukeen. «Txanpiñoiak ekoiztea ez da guztiz gauza bera, baina ez zait inporta, hotz handia egiten duenean ez nagoelako kalean orburuak biltzen».

Txanpiñoien esparruan murgiltzeko ezinbestekoa izan du Mogaren lagunen esperientzia. Horrekin batera, INTIAk antolatzen duen Etorkizuna gara ikastaroan parte hartu du. INTIA elkarte publiko bat da, eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuari lotuta dago. Ikastaroaren xedeetako bat da nekazaritzan aritu nahi duten gazteei euren proiektuak martxan jartzeko oinarrizko informazioa eskaintzea. Pardorentzat ikastaroko alderdirik interesgarriena diru laguntzena izan da.

Tenperatura da gakoa

29 urte ditu Pardok, eta nekazari gazteentzako diru laguntza bat jaso du proiektua gauzatzeko: «Diru laguntzarik gabe ezingo genuke deus ere egin, oso zaharkitua baitzegoen bodega». Lehen, lurrazpian egiten zituzten kobazulo modukoak ziren haztegiak, baina gaur egun bodegetan egiten dira: «Kobazuloetan hezetasun handiegia dago, eta ez da batere ona». Metodologia tradizionala erabiltzen dute: haziak eskuz zakuetan sartu, eta apalategietan jartzen dituzte.

«Nekazaritzak ez dio existitzeari utziko, egunero jaten baitugu. Beharrezkoa da»

ALBERTO PARDO Andosillako nekazaria

Abuztuaren erdialdean hasten dira landatzen. Pardok ohartarazi du uzta on bat izateko gakoa lehenengo bost asteak direla: «Oso adi egon behar duzu tenperaturan gorabehera handirik ez izateko». Izan ere, tenperaturak «asko» eragiten du, uzta «oso delikatua» baita: «Soroan zainzuriei edo orburuei ez zaie deus ere gertatzen gauean bost gradu badaude eta arratsaldean hamasei. Txanpiñoien kasuan, ordea, lau graduren aldea asko nabaritzen da».

Datorren urtera begira, metodologia bera erabiltzeko asmoa daukate. Hala ere, uste dute esperientzia handiago izanen dutenez uzta handituko dela. Orain arte, Errioxako  (Espainia) fabrika bati saldu dizkiote txanpiñoiak, eta datozen urteetan salmenta bide bera erabiliko dute. Alabaina, aurrerago Iruñeko saltoki txikiekin harreman zuzena izan nahi dute. Horrez gain, Pardok azaldu du ekoizpen sistema modernizatu nahi dutela automatizazioaren bidez.