«Kultura menstrualaz hitz egin behar da; osasunaz eta ongizateaz»

«Kultura menstrualaz hitz egin behar da; osasunaz eta ongizateaz»

Lehen eta azken hilekoaren inguruko hainbat tailer egin dituzte azken asteotan Iruñeko Donibane auzoko Goxo Latte kafetegian. Nora Pascual hezitzaile menstrualak zuzendu ditu (Iruñea, 1990), hilekoaren inguruko mitoak eta tabuak, behingoz, bazter uzteko asmoz. Hitz egiteko eta informazio zehatza jasotzeko beharra nabarmendu du. Bihar eginen du azken tailerra, 18:00etan, toki berean.

Osasun menstrualaren eguna izan zen maiatzaren 28an. Beharrezkoa da eguna?

Berez, higiene menstrualaren eguna da. 2014tik ospatzen da, Alemaniako gobernuz kanpoko erakunde baten ekimenez. Kontua da erakunde horren atzean hainbat multinazional daudela.

Beraz, sistema kapitalistak ezarritako egun bat da?

Bai, kapitalismoa dago egun horren atzean. Evax, Ausonia eta Tampax enpresa bera dira, eta horiek daude higiene menstrualaren egunaren atzean; hau da, hilekorako produktuak saltzen dituzten enpresak. Dena den, behar da hilekoaz hitz egiteko egun bat, baina enpresen interesak bazter utzita.

Egun horri bertze esanahi bat eman nahi izan diozue?

Bai. Espainian bada kultura menstrualari buruzko elkarte bat, La Vida en Rojo, eta ni elkarte horretan aritzen naiz. Garbi genuen higiene hitzak ez zuela bat egiten gurekin, nabarmendu nahi baitugu hilekoa ez dela gauza zikina. Guk uste dugu kultura menstrualaz hitz egin behar dela; osasunaz eta ongizateaz. Gainera, 2018tik, Latinoamerikako ekintzaileek ezarritako bertze egun bat bada osasun menstrualari buruz: abenduaren 8a. Latinoamerikan aspaldi hasi ziren osasun menstrualaren aldeko diskurtsoak garatzen; hemen baino urrats sendoagoak egin dituzte. Europan maiatzaren 28ak du oihartzunik handiena, eta ongi dago gaiaz aritzeko baliatzea, baina jakinda egun hori nondik datorren.

«Latinoamerikan aspaldi hasi ziren osasun menstrualaren alde; hemen baino urrats sendoagoak egin dituzte»

Zein da zuen helburua?

Hilekoaren inguruko ekintzaileon lehen helburua da gaiaz hitz egitea, tabua izan ez dadin eta ez dadin izan nesken arteko kontua bakarrik. Auzi sozial bat izan dadila nahi dugu, eta, batez ere, ongizate menstruala lortu.

Zer da ongizate menstruala?

Hilekoarekin lotutako patologiarik ez izatea. Baina ez hori bakarrik, ongizatea lotuta dago osasun fisikoarekin eta mentalarekin ere, baita osasun sozialarekin ere. Ongizateaz ari garenean, ikerketa sustatzeko beharraz ere ari gara, eta behar bezalako arreta jasotzeaz ere bai.

Tabua aipatu duzu; hilekoaren inguruko mito anitz bada?

Bai. Gaiaz hitz egitea zaila da oraindik, eta horrek ekartzen ditu mitoak. Oraindik ere, gazteak konpresak eta tanpoiak ezkutatzen ibiltzen dira, ikusi behar ez den zerbait balira bezala. Eskola garaiko pobrezia menstruala jorratu nuen master amaierako lanean, 2021ean; mitoak aztertu nituen, eta nabarmendu, bertzeak bertze, hilekoa lehen aldiz izan zuten nesken %75i erran zietela horrek emakume bilakatzen zituela. Jakinda lehen hilekoa izateko batez besteko adina 12 urte ingurukoa dela, ezin dugu jarraitu halako esaldiak erraten.

Gainera, emakume guztiek ez dute hilekoa, eta emakume ez direnek ere izan dezakete.

Hala da, eta errealitate horiek guztiak hartu behar ditugu kontuan, hilekoa duten pertsona guztiak. Gure elkartean garbi dugu ahalik eta inklusiboen izan behar dugula.

Mitoei aurre egiteko, heziketa da tresnarik egokiena?

Heziketa behar da. Baina jakin beharko genuke egun badugula lege bat administrazioa behartzen duena heziketa lan hori egitera. Abortuaren Legean jasota dago, bertzeak bertze, ikastetxeetan hilekoaren inguruko heziketa landu behar dela eta trebatutako pertsonek egin behar dutela lan hori.

Etxean ere bada lan anitz egiteko?

Esparru guztietan, eta esparru guztiek dute arduraren zati bat. Hedabideek ere tabuak eta mitoak bazter uzteko egin beharko lukete lan. Kontua da nork egiten duen lan hori. Eskoletan ere, ezin du edozeinek egin lan hori. Orain, Nafarroako Gobernuaren bidez eta Skolae programaren barruan, irakasle bat trebatzen ari naiz ikastetxe bakoitzeko. Urrats inportantea da.

«Nafarroako Gobernuaren bidez eta Skolae programaren barruan, irakasle bat trebatzen ari naiz ikastetxe bakoitzeko»

Lehen hilekoa aipatu duzu; azkenekoaz ere, menopausiaz, badugu zer ikasi?

Bai, zalantzarik gabe. Eta bada mezu zuzen bat zabaltzeko behar handia. Menopausia patologizatzen duten mezuak entzuten dira azkenaldian, eta hori ez da zuzena. Egia da hainbat sintoma eragin ditzakeela, baina ez beti, eta ez neurri berean emakume guztiengan. Inportanteena da informazio zehatza jasotzea.

Non, ordea?

Hori da kontua. Profesionalak trebatzeko beharra dago, herritarren eskubidea baita etapa horri buruzko informazio zehatza eta fidagarria eskuratu ahal izatea osasun etxean. Eta ez dugu ahaztu behar artatzen gaituen profesionala gure zalantzak argitzeko gai ez bada beste iritzi bat jasotzeko eskubidea ere badugula. Behar bezala arta gaitzatela, hori da kontua.