Liburuak apalategian hil ez daitezen

Liburuak apalategian hil ez daitezen

Atea ireki, eta liburuz betetako kutxak sartu ditu orga batekin denda barrura. «52 dira», erran dio emakumeak dendako arduradunari. Saltzaileak dendako txoko batean jarri ditu guztiak, jasotako materiala tarte bat duenean sailkatzeko asmoz. Hamahiru euro ordaindu dizkio bisitariari, eta hark alde egin du, orga hutsarekin. «Hau da gure egunerokoa!», azaldu du Sole Artolak, dendako erakusmahaiaren atzean bakarrik gelditu denean. Iruñeko Re-Read bigarren eskuko liburuen dendaren arduradunetako bat da; Nuria Rodriguez lagunarekin jarri zuen martxan proiektua, duela hamar urte. Gaur besta bat eginen dute dendan, urteurrena ospatzeko.

Kataluniako senar-emazte batzuek sortutako frankizia bat da Re-Read. Bartzelonan zabaldu zituzten lehendabiziko dendak, eta handik kanpo martxan jarritakoen artean hirugarrena da Iruñekoa. Alde Zaharreko Zapateria karrikan du egoitza, eta han egoten dira Artola eta Rodriguez, txandaka, goizez eta arratsaldez. Denda ireki aurretik ere elkarrekin aritu ziren Basaburuan, ibarreko emakumeek sortutako kooperatiba batean. «Udalak bultzatuta, jatetxe bat zabaldu genuen, denda txiki batekin; tokiko artisauek beren produktuak saltzen zituzten han, eta erakusketak egiten genituen. Nuriak eta biok liburuak trukatzeko txoko bat sortzeko ideia genuen». Hazi hura Iruñean loratu zen, azkenean, duela hamar urte, Rodriguezek Bartzelonako frankizia ezagutu eta gero. «Birziklatzea eta gauzak berrerabiltzea anitz gustatu izan zaigu beti, eta irakurtzea ere bai. Frankiziak dena nahasteko aukera ematen zigun, eta amets egiten hasi ginen, eta ametsa bete dugu azkenean», erran du Artolak, liburu artean, irribarre zabal bat erakutsiz.

Re-Read liburuak saltzeko eta erosteko toki bat da. Dendariek 25 zentimo ordaintzen dute erosten duten liburu bakoitzeko. Saltzeko ere prezio finko bat dute: liburu batek lau euro balio du; bik, sei, eta bost liburuk, hamabi. Bosgarrenetik aurrera, liburu bakoitzak 2,5 euro balio du. Dendariek, hala ere, ez dute edozein liburu hartzen: «Ez dugu entziklopediarik eta aldizkaririk erosten; testu libururik eta liburu zaharrik ere ez», zehaztu du Artolak. Hondatutako libururik ere ez dute erosten. «Kontua ez da gure denda bertzeek nahi ez dutena pilatzeko biltegi bilakatzea; azken hogei edo 25 urteotako edizioak saltzen ditugu, apalategi batean egon beharrean liburuak eskuz esku mugi daitezen».

«Azken hogei edo 25 urteotako edizioak saltzen ditugu, apalategi batean egon beharrean liburuak eskuz esku mugi daitezen»SOLE ARTOLAIruñeko Re-Read liburu dendako arduraduna

Hasieran, Artolaren eta Rodriguezen kezka nagusia zen saldu ahal izateko libururik jasoko ote zuten. Kezkak laster uxatu ahal izan zituzten, lehen egunetik hamaika izan baitira dendara materiala eramatera jo duten herritarrak. «Ahoz aho zabaldu zen gure dendaren berri, eta liburu pila jaso dugu beti», kontatu du Artolak, harro. Duela bost urte, COVID-19aren pandemiari egin behar izan zioten aurre. Hasierako kezka «beldur» bilakatu zen orduan: «Negozio anitz itxi zituzten; liburuak garbitu eta berrogeialdian jarri behar genituen, eta bezero kopurua mugatu behar izan genuen. Zaila izan zen, baina aurrera egitea lortu genuen».

Besta eta erakusketa

Badute nork saldu, eta nork erosi ere bai. Bezeroak presarik gabe mugitzen dira dendan, apalategiz apalategi, nor bere gustuko liburuaren bila; gaztelaniaz idatzitakoak dira gehienak, baina euskarazkoak ere badira, bai eta bertze hainbat hizkuntzatan idatzitakoak ere. «Edozein hizkuntzatako liburuak erosten ditugu. Gureak edozein liburu dendaren itxura bera du; liburuak ordenatuta eta sailkatuta daude», esplikatu du Artolak.

 Iruñeko Re-Read bigarren eskuko liburuen dendako arduradun Nuria Rodriguez eta Sole Artola, neguan, dendan. NAFARROAKO HITZA
Iruñeko Re-Read bigarren eskuko liburuen dendako arduradun Nuria Rodriguez eta Sole Artola, neguan, dendan. NAFARROAKO HITZA

Bezeroen artean, gazte batek eskuak bete liburu ditu, eta apalategietan daudenei so segitu du, bertze «altxor» baten bila. «Lagun baten neska lagunak eman zidan denda honen berri, duela lau urte. Ezagutu nuenez geroztik, astero etortzen naiz», erran du Ander Grimalek, aukeratutako liburuak ordaindu eta gero. Aitarekin eta arrebarekin batera etxeko liburutegia osatzen ari dela kontatu du Grimalek, eta bigarren eskuko liburuak aukera «polita» direla liburu anitz erosi ahal izateko: «Liburu berriak erosiko banitu, dirutza gastatuko nuke! Hemen, 50 eurorekin hogei liburu baino gehiago eros ditzaket».

Alde egin aurretik, Artolaren gonbita jaso du Grimalek: hamargarren urteurrena ospatzeko besta eginen dute gaur, 13:30ean hasita. O’tegi Band taldeak zuzeneko musika eskainiko du. «Senideak eta lagunak bildu nahi ditugu. Topa eginen dugu orain arteko bidea ospatzeko», erran du Sole Artolak. Gainera, hark egindako obren erakusketa inauguratuko dute. «Liburuak erosteaz eta saltzeaz gaiz, erakusketak antolatzen ditugu; urtean hamar egiten ditugu, eta ekainekoa nirea da».

Grimal atera da Re-Read dendatik; bertze bezero batek lau liburu hartu ditu, eta Artolak azaldu dio prezio berean bertze bat eraman dezakeela. Bosgarrenaren bila joan da.

58

Zenbat denda dituen Re-Readek. Re-Read frankiziak bigarren eskuko liburuen 58 denda ditu, mundu osoko 41 hiritan. 115 liburu saltzaile ari dira lanean.