«Gorputza gorrotatzearen atzean ikaragarrizko marketin estrategia dago»

«Gorputza gorrotatzearen atzean ikaragarrizko marketin estrategia dago»

Filosofia eta teoria feministen inguruko ikasketak egin ditu Magdalena Piñeyro aktibistak (Montevideo, 1986). Orkoiengo kultur etxean izan da, maiatzaren 21ean, presio estetikoak sexu-genero disidenteengan duen eraginaren inguruko hitzaldi eta tailer bat ematen. Piñeyrok nabarmendu du lodifobiak eragin «handia» duela komunitatearengan, eta borroken arteko estrategiak sustatu behar direla.

Zer kanon estetikok eragiten dute bereziki sexu-genero disidenteengan?

Gorputz kanonek; hala nola argala, gaztea, zuria eta zisa izan behar izateak genero binariora eramaten gaituzte. Hau da, feminitatea eta maskulinitatea ulertzeko modu jakin batera. Horren barruan sartzen ez garenok automatikoki pertsona edo gizon eta emakume izateari uzten diogu. Nire inguruko aktibista lodi gehienak bollerak edo bisexualak gara, eta askotan aipatzen dugu emakume sentitzeari uzten diogula loditasunarengatik. Aktibismo lodian eztabaidatzen ari gara ea gorputz lodiak zuzenean gorputz ez-binarioak diren. Azkenean, kanon femeninoa argala denez, loditasunak zuzenean espazio horretatik kanporatzen gaitu.

Zer gertatzen da kanon horiek transfobiarekin gurutzatzen direnean?

Pertsona trans binarioen kasuan, adibidez, transfobiak presio estetikoa handitu dezake. Izan ere, ez badituzte arauak betetzen, oso zaila izango da passing-a lortzea. Espainiako Berdintasun Ministerioaren datuen arabera, ez-binario askok sentitzen dute ez-binarismoarekiko androginia bilatzen duten espektatiba estetikoak ere badaudela. Horrek genero adierazpen femeninoa edo maskulinoa izateko aukera kentzen du. Kategoria horiek guztiak zalantzan jartzen ari gara, baina aldi berean, egokitu egiten dira gu berriz zapaltzeko.

Nola eragiten du lodifobiak eta indarkeria medikoak trantsizio prozesuetan? Adibidez, kirurgietan?

Ikaragarrizko biolentziak sortzen dira. Sistema medikoak zuzenean erasotzen digu. Lodioi ebakuntzak, diagnostikoak eta tratamenduak ukatzen dizkigute gure gorputz masaren indizearen arabera. Horrek eragiten du trans lodiei hormonak edota kirurgiak ukatzea. Uste dut LGTB komunitatean egiteko ditugun gauzetako bat dela horrelako indarkeria salatzea. Lodifobia orokorrean oso ikusezina da; komunitatearen barruan bertan ere bai. Oso jende gutxik hitz egiten du LGTBfobiaren eta lodifobiaren arteko gurutzaketaz.

«Diagnostikoak eta tratamenduak ukatzen dizkigute gure gorputz masaren indizearen arabera»

Patologizazio horri kontra egiteko, borroken arteko aliantzak josi daitezke?

Oso argi ikusten ditut sexu-genero disidenteen, lodien eta desgaien aliantza. Gure gorputzak patologizatzen dituzte; esaten dute gorputz gaixoak garela. Gorputz normalez, gaixoez, okerrez eta osasuntsuez hitz egiten duten diskurtsoek zuzenean eragiten diete hiru kolektibo horiei.

LGTBIfobiak handitu egiten du presio estetikoa?

LGTB komunitatean ikaragarri handiak dira elikadura nahasmenduen inguruko datuak. Kontuan hartu behar dugu denok sufritzen dugula bazterkeria, baina askok euren burua, gorputza eta direna ere ukatzen eta baztertzen dituzte edo zituzten. Hori guztia presio estetikoarekin nahasten badugu, erloju bonba bat daukagu. Etengabe bazterkeria sentitzen duzunean, kanon estetikoetan sartzea indarkeriaren kontrako ihesbide bat izan daiteke.

Horrek komunitatea bereiztera eraman dezake?

Bai. Sentitzen dut klasismo moduko zerbait sortu dela normatiboagoak diren eta ez diren pertsonen artean. Bereizketa horrek indarkeria areagotzen du, ikusezin egiten gaitu eta zaildu egiten du onarpena. Gizartearentzat errazagoa izanen da Jesus Vazquez [telebista aurkezlea] bezalako pertsona baten existentzia onartzea, pertsona lodi edo desgai batena baino.

«Bizirauteko baliabideak erabil ditzakegu, baina afera egiturazkoa da, eta konponbidea, kolektiboa»

Zer-nolako estrategia kolektiboak gara daitezke?

Uste dut beharrezkoa dela formatzea eta LGTB kolektibokook sufritzen dugun presio estetikoaz hitz egitea. Horrez gain, teoria lurreratu behar dugu, eta gauza praktikoetan indarra jarri. Adibidez, kontuan hartu zer-nolako arropa diseinatzen dugun, hitzaldiak egiteko hautatzen ditugun tokiak irisgarriak ote diren, eta ez eman ziurtzat pertsona baten genero identitatea. Arroparen kasuan, jende askok salatzen du ez dagoela lodientzako neurriko binder-ik. Horrez gain, uste dut urgentziazkoa dela gure minarekin aberasten eta bizi direnez hitz egitea. Gure gorputza gorrotatzearen atzean ikaragarrizko marketin estrategia dago. Horregatik, merkatu kosmetikoaren, dietaren merkatuaren eta industriaren eta Ozempic bezalako botiken inguruan hausnartu behar dugu.

Zer-nolako praktikak landu dituzue nork bere gorputzarekin duen harremana lantzeko?

Asko atera dira gorputzarekiko begirada neutroa lantzeko beharra eta gorputzera jaistearen ideia. Itxura etengabe aldatuz doa, eta oso zaila da aldaketa bakoitza maitatzea. Asmoa da, edozein dela zure gorputza, begirunez bakea egiten saiatzea. Horretarako, lagungarria izan daiteke, arreta itxuran jartzea baino gehiago, gorputzak ematen dizkizun gauzetan jartzea. Ikusi genuen garrantzitsua dela berdinen arteko saretzea sustatzea eta talde baten parte sentitzea. Kirolarekin bestelako harremanak sortzeaz ere mintzatu ginen. Gutako asko kirola zigorrarekin lotzeko hezi gaituzte, baina guk plazer gisa bizi nahi dugu. Bizirauteko tresnez ere aritu ginen. Bizirauteko baliabideak erabil ditzakegu, baina afera egiturazkoa da, eta konponbidea, kolektiboa.