Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak botako du sanferminetako txupinazoa

Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak botako du sanferminetako txupinazoa

Joseba Asiron Iruñeko alkateak gaur goizean jakinarazi duenez, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformak botako du uztailaren 6ko txupinazoa, sanferminen hasiera iragartzen duen suziri ezaguna. Aurten 20.045 iruindarrek baino gehiagok hartu dute parte bozketan, eta irabazleak botoen %52,85 lortu ditu: 10.594 lagunen babesa. Inoiz ez du hainbeste jendek bozkatu suziria nork botako duen aukeratzeko; «errekorra da», azpimarratu du alkateak. Plataformak 225 kolektibo eta 1.700 pertsona baino gehiago biltzen ditu Palestinako herriari elkartasuna adierazteko. Hala ere, oraindik ez dute erabaki nor izango den haien izenean txupinazoa jaurtiko duena.

Hautagai izan diren beste elkarteak hauek izan dira: AFAN alzheimerra eta bestelako dementziak dituztenen eta haien senideen elkartea, Iruñeko Gaiteroen Elkartea, Alberto Gurrea Sanz jota kantaria eta Juan Jose Martinena historialaria. Asironek eskerrak eman dizkie finalean parte hartu duten elkarte guztiei. Berrikuntza gisa, botoa eman dutenen artean Udaletxe plazatik entzierro bat ikusteko 40 sarrera bikoitz zozkatuko dira, kontaktua uzten dutenen artean.

AFAN elkarteak 4.337 boto jaso ditu: botoen %21,64, beraz. Hirugarren sailkatua Iruñeko Gaiteroen Elkartea izan da, 3.474 boto lortuta: botoen %17,33. Beste bi hautagaitzak urrunago geratu dira: Juan Jose Martinena Ruiz historialariak 1.051 boto jaso ditu (%5,24), eta Alberto Gurrea Saenz jotari eta ile apaintzaileak, 589 boto (%2,94).

Iruñea ez dago munduko gatazketatik aparte, eta hala erakutsi dute iruindarrek. «Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma erreferente bihurtu da Palestinarekin elkartasuna adierazteko. Horregatik eta gauza gehiagorengatik, merezi dute saria», azpimarratu du alkateak.

Plataformaren izenean Eduardo kideak hartu du hitza euskaraz, eta eskerrak eman dizkie botoa eman duten guztiei eta gainerako hautagaiei: «Gure herriak ez du onartuko beste herrietan genozidiorik izatea. Uztailaren 6a, Iruñearentzat hain pozgarria den egun hori, gustatuko litzaiguke elkartasuna adierazteko egun bat izatea. Alaitasuna eta elkartasuna eskutik joatea gustatuko litzaiguke».

Yala Nafarroa Palestinarekin plataforma 2023an sortu zuten, Ola Arafat Arafat-en ekimenez. Gazan jaiotako emakume nafarra da Arafat, ikertzaile farmazeutikoa, eta azken hilabeteetan senide asko galdu ditu Gazan. Egoeraren larritasunak eta kezka sakonak bultzatuta, su eten iraunkorra eskatzeko eta Palestinaren aldeko babes sozial eta politikoa biltzeko plataforma martxan jarri zuen.

Ekinaldiak gobernuz kanpoko hainbat erakunderen eta sindikaturen babesa jaso du —besteak beste, UGT, CCOO, LAB, ESK, STEILAS, CGT, Solidari eta Etxalde—, eta baita hiru alderdi politikoren atxikimendua ere: EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa. Plataformak zortzi abiapuntu aurkeztu ditu, Palestinari laguntzeko adostasunerako eta oinarri sendo gisa balio dezaketenak.