BSH (Ezkirotz)
«Denon ardura da lanpostuak defendatzea»
Ezkirozko BSHko langile Inaxio Galar eta Sergio Ayucar, ekainaren 11n, enpresaren aurrean. IÑIGO URIZ / FOKU
Asteartean hasi zen Ezkirozko BSHren 655 langileen kontratua eteteko lan erregulazioko espedientearen kontsulta epea, eta protestak egin zituzten zuzendaritzaren eta langile batzordearen arteko lehen bileraren aurretik. Langileak haserre daude, eta garbi erran dute lantegia ixteak mila familiari baino gehiagori eraginen diola. Sergio Ayucar (Lizarra, 1975) eta Inaxio Galar Goikoetxea (Iruñea, 1969) dira haietako bi; Ayucarrek 26 urte egin ditu BSHn, eta Galarrek, berriz, 27.
Ezkirozko lantegiaren kanpoko aldean nabarmenak dira langileen azken hilabeteotako borrokaren arrastoak: pankartak, lanpostuen galtzea irudikatzen duten hilarriak, eta erretako pneumatikoen aztarnak. Ayucarrek eta Galarrek langileen batasuna nabarmendu dute; halere, Ayucarri kostatu egiten zaio amorrua ezkutatzea: «Gure aitonak hemen egin zuen lan, eta gure aitak ere bai. Amiantoak gaixotu zuen aita, eta hura lurperatu eta biharamunean jaso genuen zegokion kalte ordaina», erran du langileak.
BSHk etxetresna elektrikoak ekoizten ditu. Langileek salatu dute enpresak «egun batetik bertzera» erabaki duela fabrika ixtea, «sekulako irabaziak» izan arren. «Umiliatu egin gaituzte», erran du Ayucarrek. Halere, «azken ordura arte» borrokatzeko asmoa agertu dute langileek: «Badakigu denbora gure kontra dela, baina lanpostuei eustea da gure lehentasuna. Itxiko zutela iragarri zutenetik hona, jada pasatu dira legeak ezartzen dituen sei hilabeteak, eta ez dute prozesua egun bat ere luzatu nahi izan. Denen ardura da lanpostuak defendatzea; izan ere, industria suntsitzeko bidea abiatua bada, eta ematen du hala dela, denon kalterako izanen da», azpimarratu du Ayucarrek.
Galarrek ere azkenera arte eutsi nahi dio inbertsiogile bat agertzeko itxaropenari. Badaki, dena den, hagitz zaila izanen dela. Langileen batez besteko adina 50 urte ingurukoa dela aipatu du, eta adin horrekin «zaila» dela lan merkatuan sartzea. «Enpresan badira bikoteak: etxeko bi soldatak BSHren etorkizunaren menpe dira. Guk bi alaba ditugu etxean, eta emaztea langabezian da».
Arcelor Mittal (Legasa)
«Legasan lana bada: ez dezatela itxi»
Legasako Arcelor Mittaleko Joseba Indabere eta Ibon Rekejo, ekainaren 11n, Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurreko protestan. IÑIGO URIZ / FOKU
Aguraingo (Araba), Berriobeitiko eta Legasako Arcelor Mittal enpresako langileek elkarretaratzea egin zuten ekainaren 11n, Iruñean, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. «Erakundeek zerbait egin beharko dute gure eskualdea hutsik gera ez dadin». Joseba Indabere legasarrak erran zituen hitzok, parlamentuaren aurreko protestan parte hartu bitartean. Altzairugintzaren arloan aritzen da Arcelor Mittal enpresa. Legasan duen plantaren zati bat itxi nahi du, eta 30 langile kaleratu. Beharginak hasi dira mobilizatzen: lanuzteak eta elkarretaratzeak egin dituzte, lantegia ez dezaten itxi. «Bertze aukerarik ez bada, har gaitzatela Zalainen edo Lesakan», erran dute.
Joseba Indaberek (Legasa, 1977) 23 urte egin ditu Legasako Arcelor Mittalen lantegian; Ibon Rekejok (Irun, Gipuzkoa, 1971), berriz, 30. Biek nabarmendu dute enpresak fabrika ixteko erabakia hartu izanak «ezustean» harrapatu dituela, eta ixteko «arrazoirik ez» dela. Arcelorrek apirilean ezagutarazi zien zer asmo zuen; kontsulta epea maiatzaren 24an amaitu zen, baina luzatzea erabaki zuten. «Enpresak oraindik ez du zehaztu lan erregulazioko espedienteak zer ondorio izanen dituen», argitu du ELAko Sonia Ontoriak.
«Legasan lana bada: ez dezatela itxi», berretsi du Rekejok, eta bat egin du Indaberek. Nabarmendu dute Arcelorrek hiru lantegi dituela Legasa eta Lesaka artean, eta bostehun langile baino gehiago ari direla fabrikotan. Legasan bertan, Arcelorrek ez du pinturaren lerroa ixteko asmorik, eta, ondorioz, zehaztu dute lanposturik gabe gelditzeko arriskuan diren 30 langileak lerro horretan edo Lesakako plantetan har ditzaketela. «Asturiasera edo Burgosera [Espainia] joatea ez da aukera bat», gaineratu du Rekejok.
Legasako Arcelor Mittaleko langileek manifestazio bat egin zuten maiatzaren 24an, Legasatik Doneztebera. Eskualdeko herritarren babesa jaso zutela kontatu dute Rekejok eta Indaberek, eta biziki eskertu dute. Eskualdearen etorkizuna ezbaian dela adierazi dute, eta Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari eskatu diete esku har dezatela, industria suntsi ez dadin.
Nano Automotive (Tutera)
«Langileon batasuna izan da garrantzitsuena»
Tuterako Nano Automotiveko Jesus Perez eta Emilio Ruiz, ekainaren 12an, Tuteran. IÑIGO URIZ / FOKU
«Maiatzaren 27an, denok kalera». Horrela laburbildu du Jesus Perezek Tuterako Nano Automotive enpresaren itxiera; 2021eko uztailean hartzekodunen konkurtsoan sartu zen lantegia, baina, azken orduko akordio bati esker, enpresa salbatu zen. Ez da gauza bera gertatu oraingoan: otsailean, Nano Automotivek iragarri zuen ateak itxiko zituela, eta langileek maiatzaren 27a izan zuten azken lan eguna.
Nano Automotiveren bidearen berri izateko, hainbat urte egin behar da atzera; 2011n, Tuterako SKF enpresak ibilgailuetako errodamenduen uztaiak ekoizteko lerroa saldu zuen. Koreako KPFk erosi zuen, baina lerro hark ez zuen aurrera egin: 2014an, hartzekodunen konkurtsoan sartu zen. Inbertsiogile bat erakartzea lortu, eta KPF zena Nano Automotive bilakatu zen. «Ni SKFn hasi nintzen; 37 urte eman ditut enpresan», kontatu du Perezek. Emilio Ruizek 36 egin ditu, eta aitortu du «denbora» beharko duela egoera berrira egokitzeko. Langileek garbi dute itxierak Tuterari eta Erribera osoari eraginen diela, eta eskertu dute herritarrek prozesu osoan babesa eman izana: «Erribera guztiak bat egin du gurekin; langileon arteko batasuna izan da garrantzitsuena», erran dute.
«Azken urteak gogorrak izan dira; denbora luzea eman dugu kolokan, zer gertatuko ote zen beldur beti; azkenean, dena amaitu da». Perezenak dira hitzak, eta harekin bat etorri da Ruiz ere. Hark, bertzalde, Nafarroako Gobernuak bete duen rola nabarmendu du, eta «gehiago» egin zezakeela erantsi; halere, garbi du erantzukizuna Nano Automotive enpresaren zuzendaritzarena dela nagusiki. Perezek uste du SKFk ere baduela «erantzukizuna»: «Abandonatu gaituztela sentitu dugu».
Perez tuterarra da, 60 urte ditu, eta espero du langabezia bukatu eta gero aukera izanen duela erretiroa hartzeko. Ruiz haren herrikidea da, 57 dauzka, eta ez du hain garbi hurrengo urratsa zein izanen den. Oroitu du 110 langile ari zirela fabrikan, eta denak gelditu direla kalean: «Duela gutxi hasitako jende gaztea bazen, eta 40 edo 50 urteren bueltan ziren langile anitz ere bai; egoera ez da batere samurra».
Sunsundegui (Altsasu)
«Sor ditzatela lanpostuak Sakanan»
Altsasuko Sunsundeguiko langile ohi Rita Torrico, enpresaren aurrean. NAFARROAKO HITZA
Altsasuko Sunsundeguiko langileek apirilaren 1ean jakin zuten enpresa likidatuko zutela, zorrei aurre egiterik ez zuelako. Autobusentzako karrozerien egilea azaroan sartu zen hartzekodunen konkurtsoan; enpresa hartuko zuen inbertsiogile baten zain egon dira beharginak, baina ez da agertu. «Egun, hogei bat langile gelditzen dira lanean, azken hiru autobusak egiten. 320 langile behin betiko kaleratze aginduaren zain gaude», erran du Rita Torrico elektrikariak.
Torricok zazpi urte egin ditu Sunsundeguin; gustura aritu dela nabarmendu du, ofizioa maite baitu. Enpresa itxi eta gero, lan bila hasi da, baina garbi du «zaila» izanen duela industriaren esparruan bertze lanpostu bat aurkitzea. «45 urte ditut, eta emakumea naiz. Emakumeontzat zailagoa da industrian aritzea».
Kitapena eta bi hilabeteko soldata kobratzeko esperoan da Torrico. Enpresako arduradunen jarrera salatu du, eta Nafarroako Gobernuko agintariena ere bai. Volvorekin lortutako akordioak «kalte handia» egin diela nabarmen du, eta «argazkia egiteko» bertzerik ez duela balio izan: «Gobernuak eta enpresak saldu nahi izan dute kontratu oso ona zela, baina kontrakoa izan da. Lantegian ez genuen azpiegitura egokirik; langileok beldurrez ginen». iazko uztailean, Volvok bertan behera utzi zuen Sunsundeguirekin bi autobus modelo berri egiteko zuen kontratua; «Volvok alde egitea ona zen guretzat, baina beranduegi joan zen».
Sunsundegui ixteak eskualde osoari egin dio kalte; horixe azpimarratu du Torricok, eta erantsi azken urteak zailak izan direla. Izan ere, oraingo krisia ez da enpresak izan duen bakarra. 2013an, Sunsundeguiko langileak enpresako akziodun bilakatu ziren: «Akzioak erostera behartu zituzten; akzioen %49 zegoen langileen esku, eta, ondorioz, ez zuten deus ere egiteko indarrik».
Torricok Sakanan gelditu nahi du lanean. Sunsundegui itxi eta gero, inbertsiogile batek produkzio unitatea erostea da haren «azken itxaropena»: «Autobusak egiteko ez badira ere, behintzat sor ditzatela lanpostuak Sakanan».