Afaltzen ari ginela, 13 urteko lehengusinak ingeleseko azterketa gainditzeko txuleta bat egin zuela aitortu zigun. Lotsaz kontatu zuen, baina aurpegiko keinuek harrotasun puntu bat azaleratzen zuten. Barre egin genuen, noski, eta niri eskola urteak etorri zitzaizkidan burura, baita kopiatzeko ideia hutsak sortzen zidan takikardia ere. Txuletak egitea ez zen nirea. Oroitzen dut baten bat prestatu izana, baina inoiz ez nintzen gai izan azterketan bertan ateratzeko. Ziur nengoen hala eginez gero irakasleak harrapatuko ninduela.
Kontrara, trebetasun handia zuten lagunak neuzkan. Letra mikroskopikoz egindako txuletak egiten zituzten; estutxearen barruan, ur botilaren etiketan ala tipexean idatziak. Inbidiaz begiratzen nien; izan ere, ez zuten beldur zantzurik txikiena sentitzen.
Egun hauetan, albiste eta albiste artean, beldurrik ezak dakartzan ondorioetan pentsatu dut. Alegia, zigorrik ez denean marrak zeharkatzeko batzuek duten patxadan. Eskolako txuletez harago, badira ausarkeria horrekin berarekin egiten diren beste engainu batzuk ere —larriagoak, zikinagoak—. Iruzurra praktika profesional bihurtu duten kargudun politikoez ari naiz; kontratu publikoak nahi bezala maneiatzen dituztenak, inpunitate osoz egin eta desegiten dituztenak eta euren artean mesedeak banatzen dituztenak. Eta okerrena: beldur izpirik gabe.
Ez diote beldurrik zigorrari, ez epaiketa publikoari, ezta herritarrak ordezkatzeak dakarren erantzukizunari ere. Eta izenak aldatzen badira ere, nazka sentsazioa bera da. Egun dugun kontrolak ere ez ditu atzera botatzen. Egiten dugun guztiak arrastoa uzten du; transferentziak, mezuak, deiak, bidaiak… edozein urrats gorde eta miatzeko aukera dago, baina lasaitasunez mugitzen dira diru artean, giro ustelean.
Ustelkeria gutxitan izaten da pertsona bakarraren kontua. Beti daude konplizeak, sinatzen duten eskuak, beste aldera begiratzen duten begiak edota engainuari eusten dioten enpresak. Halakoetan, hariari jarraitu behar zaio, sakonera heldu eta dagokien guztiei erantzukizunak eskatu.
Beti daude konplizeak, sinatzen duten eskuak, beste aldera begiratzen duten begiak edota engainuari eusten dioten enpresak
Eta ez da ustelkeria bakarrik, herritarroi iseka egitea da. Denoi barre egitea da, tuntuntzat hartzea, eta hori ezin da onartu. Axolagabetasun horren ondorioak argia behar du izan: ardura etikorik ez duen horrek ez du lekurik esfera publikoan. Kudeaketa printzipioekin eta balio moral batzuen pean egin behar da.
Engainuak mailak ditu. Eskolako txuletek irribarre nostalgikoa eragin diezagukete, azterketa batetik bizirik ateratzeko tranpa txikiak baitira. Baina zigorgabe sentitzen diren horien guztien engainuak ez du batere graziarik. Hor ez baitago nota bat jokoan, gizarte oso batekiko errespetua baizik. Gustatuko litzaidake, egunen batean, bati baino gehiagori pultsuak dardara egiten hastea, txuleta estutxetik ateratzeak eragiten zigun modura. Lotsagatik bada ere.