Labak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin, euskara sustatzeko

Labak hitzarmen bat sinatu du Nafarroako Gobernuarekin, euskara sustatzeko

Iruñeko Laba sareak eta Nafarroako Gobernuak akordio bat egin dute euskararen erabilera soziala sustatzeko. Zehazki, Labako ordezkari Igor Lopez de Uraldek eta Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok sinatu dute lankidetza hitzarmena, ekainaren 10ean, eta 26.000 euroren aurrekontua du aurtengo.

Akordioaren helburua da euskaldunen komunitatea saretzen laguntzea, eta euskaraz ez dakitenei hizkuntza hurbiltzea. Laba sarearen Ongi etorri Iruñera migratzaileentzako programa da diruz lagunduko dituztenetako bat; gainera, proiektu berriak bultzatuko dituzte; bertzeak bertze, Hazitegia bekak izenburukoa. Euskararen dardara eta Erupzioa izeneko egitasmoak ere akordioaren barruan sartu dituzte. Erupzioa proiektuaren barruan, kultur aste bat eginen dute udazkenean, Labaren bidez Iruñeko erdigunea eta hiriko auzoak lotzeko eta auzoetako eragileekin elkarlanean aritzeko asmoz.

Iruñeko gazte talde batek sortu zuen Laba, 2021ean; 2022an, Gazteluko plazako egoitza ireki zuten, kafetegi zerbitzua eskaintzeko eta euskaldunentzako topagune izateko. Erakusketak, liburu aurkezpenak, mahai inguruak, bertso saioak eta bertze egin dituzte. Otsailean itxi egin zuten gunea, proiektua berritzeko obra egin ahal izateko: oholtza handitu, musika ekipoa hobetu eta aretoa apainduko dute, bertzeak bertze. Leku bakarrean bilduko dituzte elkartea eta ostatua, eta areto handiagoa eta kafetegia izango dituzte eskaintza kulturalak egiteko.