Jaiak hasi dira jada nonahi, eta berehala hiriburuko sanferminak ailegatuko zaizkigu. Orain dela urte batzuk —duela bederatzi urte, hain justu—, Iruñeak ospe ikaragarria hartu zuen jaietan gertatutako manadaren talde bortxaketaren ondorioz. Nire ustez, Iruñeko Udalak oso ongi egin zuen gertatutako erasoa lehendabiziko lerroan jarri zuenean.
Biztanleen artean elkarrizketa kontrajarriak sortu ziren. Batzuentzat gertatutakoa hain larria eta lotsagarria izan zen, uste baitzuten onena zela Iruñeko izena ez zikintzea eta bortxaketa ezkutatzea. Gainera, neskak aukeratu zuen haiekin joatea. Ez zedila joan! Baina bertze batzuentzat derrigorrezkoa zen horri buruz hitz egitea, manifestazioetara joatea, gertatutakoa salatzea eta gizon horiek egindako erasoaren kontra geundela adieraztea. Ez ziren oso egun lasaiak izan, eta familia eta kuadrilla guztietan auzi horri buruz hitz egin zen. Eskerrak! Garaia baitzen festaren aitzakian izaten ziren jokabide batzuk mahai gainean jartzeko eta salatzeko.
Okerrena zen ez zela izan lehendabiziko aldia sanferminak egunkari guztietan agertu zirena; Nagore Laffageren hilketarekin ere gertatu zen, 2008an. Aldi hartan, ordea, oso zaila izan zen atentzio guztia bere lekuan kokatzea, hiltzailea ezaguna zelako, familia onekoa (Opusekoa), eta Medikuntza ikasketak eginak zituelako; Nagore, aldiz, erizaina izateko ikasketak bertzerik ez zituen egin, eta, gainera, oso gaztea zen, limurtzailea (epaileak hola galdetu zion haren amari epaiketan) eta, garrantzitsuena: aukeratu zuelako bere hiltzailearekin joatea. Ez zedila harekin joan! Berriz.
Orduz geroztik, Iruñeko Udaleko Berdintasun Sailak, Astelehen Lilak elkarteak eta Nafarroako Gobernuak biktimei erantzukizuna kendu diete gainetik, eta erasotzaileen bizkar jarri dute. Hala behar du. Baina oso lan neketsua da, eta luzerako izanen da, gainera. Gure arteko gizonek ez dute onartu nahi haiek ere erasotzaileak izan daitezkeela. Haiek ez, noski; datuek diote, baina, kasu gehienetan erasotzaileak hurbilekoak direla eta biktimekin duten konfiantza baliatzen dutela. Baina ez, gure lagunak, gure nebak, gure ezagunak, gure semeak… haiek ez. Peñako kideak, lankideak, kuadrillakoak, bizilagunak, esku gorria (erasoak onartzen ez ditugula adierazteko intsignia) zintzilikatuta daramatenak… ez, haiek ez. Haiek aliatuak dira. Hemengoak ez dira erasotzaileak, hemengoak ez.
Gu ez, guk ‘gure emakumeak’ zaintzen ditugu. Beraz, gure herri edo hiretan bizi direnek inoiz ez diote eraso egin ezein emakumeri?
Duela urte batzuk, Nafarroako hainbat herritako sarreretan (Iruñeko sarbide guztietan ere bai, noski) bide seinale moreak paratu zituzten, herrien izenaren ondoan: Herri honek ez du eraso sexistarik onartuko. Eta ematen du halako abisu bat helarazten dutela: hemengoak ez gara erasotzaileak, baina zu, kanpotik etortzen zarena, agian bai. Gu ez, guk gure emakumeak zaintzen ditugu. Beraz, gure herri edo hirietan bizi direnek inoiz ez diote eraso egin ezein emakumeri? Kanpotarrak baino ez dira erasotzaile? Errespetatu behar ez baduzu, ez etorri. Ez etorri!
Hausnarketa sakona egin behar dugu honi buruz; izan ere, guri, emakumeoi, eraso egin digutenak hemengoak izaten dira. Gehienetan festa baten esparruan, gehienetan etxeko bidean lagundu ondoren, gehienetan norbaitekin etxeratu ondoren, nahiz eta esan ez duzula larrua jo nahi. Hausnarketa sakona egin behar dugu guk, gizarteak, baina, batez ere, zuek, aliatuek, hemengoek, alkohola medio ala ez, jaiak aprobetxatu eta baiezko bat jaso gabe eraso egiten duzuenok.