Indarkeria matxista pairatu duten andreentzako gida bat sortu du Flor de Africak

Indarkeria matxista pairatu duten andreentzako gida bat sortu du Flor de Africak

Flor de Africa erakundeak indarkeria matxista jasan duten emakumeentzako gida bat aurkeztu du. Kulturarteko ikuspegi batetik landu dute txostena, eta Nafarroan bizi diren Afrikako emakumeei zuzenduta dago, batez ere. Ekainaren 24an egin zuten aurkezpena, Iruñeko Emakumeen Etxean. Gidaren aurkezpenaren ostean, diplomak entregatu zizkieten erakundeko hamabost emakumeri. Indarkeria matxistaren aurrean aldaketarako eragile izateko formakuntzak jaso dituzte ekainean, eta ondoren jaso zuten agiria. 

«Indarkeria matxista pairatzen duten emakume askok ez dituzte biolentzia horiek errekonozitzen. Eta antzematen dituztenean, ez dute baliabideen berri», azaldu zuen Fatima Djarak, Flor de Africako kideak. Ezagutza izateko eta tresna praktiko bat edukitzeko helburuarekin sortu dute gida. 

«Indarkeria matxista pairatzen duten emakume askok ez dituzte biolentzia horiek errekonozitzen. Eta antzematen dituztenean, ez dute baliabideen berri»

FATIMA DJARA Flor de Africa erakundeko kidea

Gida osatzeko unean, eztabaida taldeak egin zituzten Iruñean eta Tuteran: Nafarroako eremu desberdinetako emakumeekin egin zituzten taldeak, haien beharrak zein ziren jakiteko eta behar horietara egokitzeko. 

Gidaren lehenengo atalean oinarrizko kontzeptu batzuk ageri dira. «Hizkuntza hesi bat izaten da maiz, eta emakume migratzaileek arazoak izaten dituzte kontzeptu batzuk ulertzeko», adierazi zuen Djarak. «Harrera etxea edo urruntze agindua, esaterako, ez dira egunero erabiltzen ditugun hitzak. Emakume askok ez dute esanahia ulertzen». Horregatik, hizkuntza sinple eta ulergarria erabili dute, eta teknizismoak baztertu dituzte.

gidako zerbitzu BATZUK

Indarkeria matxistaren arreta integraleko zentroa.
Indarkeria matxistaren biktimei arreta integrala emateko taldeak.
Emakumeentzako udal arreta.
016 telefono zenbakia: indarkeria egoeran dauden emakumeentzako arreta zenbakia.
Indarkeria matxistaren biktimentzako doako laguntza juridikoa.
Osasun zentroak eta zerbitzuak.
Migratzaileentzako orientazio eta aholkularitza zerbitzuak.

Indarkeria moten sailkapena ere egin dute. Horien artean daude «genero indarkeria», emakumeen mutilazio genitala, biolentzia sexuala eta ezkontza behartuak. Djararen hitzetan, zenbait emakumek indarkeria horiek normalizatuak dituzte euren testuinguruaren edo kulturaren ondorioz. «Bikotean gertatzen dena ez dugu indarkeriatzat hartzen, eta, horregatik, oso garrantzitsua izan da guretzat hori gidan azaltzea». Flor de Africartentzat, ezinbestekoa da gertatzen zaien horri izena jartzea eta normala ez dela ohartzea. 

Zerbitzuen zerrenda

Gidaren azkeneko atalean indarkeriaren biktimei laguntzeko Nafarroan dauden baliabideak eta zerbitzuak zerrendatu dituzte. Adibidez, sexu indarkerien arreta integraleko zentroaren berri eman dute. Flor de Africa erakundeak argi utzi du ez dela beharrezkoa aurretik salaketa jartzea, eta zentroa doakoa eta «konfidentziala» dela. Arreta psikologikoa, biktimaren eskubideen inguruko informazioa eta orientazioa eskaintzen dituzte zentroan, eta itzultzaileak daude, hizkuntzarekin arazorik ez izateko. 

Emakumeentzako udal arreta zerbitzua ere aipatu dute. Iruñean bizi diren emakumeentzat da zerbitzu hori, eta hainbat egoerari irtenbidea ematen laguntzeko daude: genero indarkeria sufritzen duten emakumeak, dibortzio zaila izaten ari direnak, prostituzioa utzi nahi dutenak…  

Doako laguntza juridikoa ematen duen zerbitzua ere badago Nafarroan, eta beste baliabide erabilgarri bat da indarkeria matxista sufritzen duten emakumeentzat. Bertan, doako aholkularitza eta salaketa egiteko laguntza eskaintzen dituzte. 

Djarak lehen mailako arretaren eta familiako medikuaren garrantzia azpimarratu du: «Izan ere, emakume askok ez dute salaketa jarri nahi, baina guk medikuarengana joateko esaten diegu, aurrerantzean salaketa egiten badute arrasto bat eta froga bat egonen delako hala». 

«Txosten batean, profesionalentzako aholkuak eman ditugu, emakumeak era egokian arta ditzaten»

ABY WATT Flor de Africa erakundeko kidea

Biktimentzako gidarekin batera, profesionalentzako beste txosten bat egitea beharrezkoa ikusi zuten erakundean. Aby Watt Flor de Africako kideak erran zuen eztabaida taldeetan oso informazio interesgarria atera zela, eta hori paperean islatu nahi izan dutela. «Beste txosten batean profesionalentzako aholkuak eman ditugu, emakumeak era egokian arta ditzaten». Nabarmendu dute informazioa era argian eman behar dela, eta enpatiaz; ez dutela epaitu behar, eta aurreiritziak berrikusi behar dizutela; estereotipoak baztertu behar direla; une oro trebatu eta ikasi behar dutela…

Gida aurkeztu ostean, aldaketarako eragile izateko formakuntza jaso zuten emakumeek hartu zuten hitza. Guztiak ados agertu ziren: formakuntza oso baliagarria izan zaie, eta asko ikasi dute; batik bat, indarkeria mota ezberdinak desberdintzen. «Ez genekien indarkeria mota asko daudenik. Biolentzia psikologikoa, adibidez, gure komunitatean oso ohikoa da, eta askotan ez dugu indarkeria bezala identifikatzen. Azken finean, ezjakintasuna da etsairik handiena, baina, zorionez, gero eta emakume gehiagok dakite zer eskubide dituzten», adierazi zuen Mita el-Abudik. 

Fatumata Injiaik, erakundeko beste kide batek, aldaketarako eragilearen figurari balioa eman zion: «Lan handia dugu egiteko, eta oso garrantzitsua da guk aldaketarako eragile gisa egin dezakegun ekarpena. Emakume batzuk sufritzen ari dira, eta ez dira gai salaketarik jartzeko. Ez dut esan nahi guk salatzera behartu behar ditugunik, baina erakutsi behar diegu aukera hori dutela, laguntza eska dezaketela. Hau da, azaldu behar diegu zer baliabide dituzten horretarako». Nabarmendu du hori guztia epaitu gabe egin behar dutela. 

Egitasmoa Elkarrekin sarea ehuntzen dugu indarkeria matxisten aurka programaren barruan dago, eta Flor de Africak eta Black Power taldeek abiatu dute. Europako Batasunak finantzatu du. Nafarroan bizi diren Afrikako emakumeen elkarte bat da Flor de Africa. 2010ean sortu zuten, eta geroztik lanean ari dira mota guztietako indarkeria amaitzeko.